Igandean, Ilaski Serranok eta Kike Amonarrizek Donostiako Bulebarrean 17. Korrikaren mezua irakurri zutenean, Ainhoa Moiua zuten aldamenean, keinu hizkuntzaren bidez mezua gorrei helarazi zien Huheziko irakaslea. Telebistetako albistegietan, legebiltzarretako eztabaidetan edo alderdi politikoen ekitaldietan ere halako itzultzaileak ikustea ez da berria. Milaka euskalakarik ikusi zuten Moiua oholtza gainean, azken asteetan Zea Mays musika taldearen Negua joan da ta kantuarekin sarean milaka bisitarik ikusi duten gisan.
Ikuslearen bihotza astintzen du bideoklipak. Gorputzaren bidezeta keinuekin nola komunikatu eta transmititu daitekeen erakusten du. «Gorrek haien modura bizi dute musika, beste era batera. Bibrazio bidez jasotzen dute, eta hitzak dira galtzen dutena. Bolumen altuan jartzen dute musika, eta bozgorailuen aldamenean jartzea gustatzen zaie, tabernetan, adibidez, bibrazioak hobeto jaso ahal izateko», argitu du Moiuak.
Galtzen dituzten hitz horiek berreskuratzeko modua dira Negua joan da ta kantarena bezalako bideoak. «Itzulpena ez da hitzez-hitzezkoa, esanahia da itzultzen duguna. Guk egin behar duguna da entzun, mezua ulertu eta jaso, eta ulertutako hori ahalik eta modurik zuzen eta zehatzenean keinu bidez helaraztea». Bideoklipa ikusterakoan ageriko geratzen da mugimenduaren garrantzi hori. «Plano asko daude irudietan, mugimendu handia, itzultzailea bere horretan agertzen bada, ikuslea aspertzeko arriskua dagoelako. Bateriaren erritmoa ere itzuli behar zaie; hori ere kantaren parte da, noski. Musika tresnen berri ere eman behar da, eta horien guztien berri emateko keinu hizkuntzak hainbat baliabide ditu: gorputz adierazpena, besteak beste». Keinu hizkuntza mimika soila baino askoz ere gehiago dela, alegia.
Bitxia du abiapuntua bideokliparen egitasmoak. Zea Mays zalea da Moiua, eta taldeak Tolosan eskaini zuen kontzertu batera etxean grabatutako bi bideo eraman zizkien musikariei, opari. «Musikarekin, konpainia oparitu didate haiek askotan, eta eskertzeko eraman nizkien bideoak. Ez nuen berehalakoan espero handik denbora batera haien dei bat izango nuenik, benetako bideoklip bat grabatzeko eskatuz». Berrizko kultur etxean grabatu zuten, eta, sarean jartzerakoan, arrakasta bete-betekoa izan du. YouTuben jarritakoak 50.000 bisitatik gora izan ditu, eta EITBren webgunean beste milaka batzuk ikusi dute. «Sentsibilizaziorako balio badu, ongi etorria izan dadila».
Mugimenduaren mezua
Zea Mays taldearen 'Negua joan da ta' kantuaren hitzak keinu hizkuntzara itzuli ditu bideoklipean Ainhoa Moiuak; YouTuben jarritako bideoa oihartzun handia izaten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu