Mundua kabitzen da Gasteizen

2025eko World Press Photo-ko argazkiak ikusteko aukera dago Gasteizko Montehermoso jauregiko ur biltegian, azaroaren 16ra arte. Paco Valderrama kazetari eta erakusketako komisarioak kontatu ditu ur biltegian ezkutatzen diren argazkien istorioak.

2025eko World Press Photo lehiaketa irabazi duen argazkia, Gasteizko Montehermoso jauregiko ur biltegian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2025eko World Press Photo lehiaketa irabazi duen argazkia, Gasteizko Montehermoso jauregiko ur biltegian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
unai etxenausia
Gasteiz
2025eko azaroaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek Gazan egindako eraso batean zauritu zuten Mahmud Ajjur haur palestinarra, 2024ko martxoan. Eztanda batek beso bat moztu eta bestean larriki kalte egin zion. Haren familiak ihes egin behar izan zuen. Qatarrera iristea lortu zuten, eta han jaso ahal izan zuen tratamendua. Ikasi du oinekin idazten, sakelako telefonoa erabiltzen eta ateak irekitzen. Baina Israelek egindako erasoaren ondorioak bizitza osorako izango ditu: fisikoak zein psikologikoak.

Mahmud Ajjur, 9 urte da World Press Photo 2025 lehiaketako argazki irabazlea. Samar Abu Eluf kazetari palestinarrak Qatarren atera zion irudi hunkigarria, haurra artatzen ari zirela. Begirada sakon eta hauskorrak haur baten inozentziatik harago doan mundua erakusten du: heldutasun goiztiarra, galera eta biziraupenerako grinaren isla. Argazkilariak palestinar zauritu askoren irudiak jaso ditu azken hilabeteotan, eta horietako batzuk The New York Times egunkarian argitaratu dira; horien artean dago argazki irabazlea.

15460821
Paco Valderrama, erakusketako komisarioa. ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Bizirik atera da, baina haur izateari utzi dio», azaldu du Paco Valderrama kazetari eta erakusketako komisarioak. Hark gidatu du bisita Gasteizko Montehermoso jauregiko ur biltegi zaharrean. «Ez da erakusketa samurra», aitortu du; «argazki bakoitzak istorio bat gordetzen du, eta horiek ikuslearentzat erronka dira».

Gasteizen egiten den urteroko erakusketaren 23. aldian —lehiaketak 70 urte bete ditu aurten—, Gazako genozidioa da berriro ere irudi irabazlearen ardatz nagusia. Bigarren urtez jarraian, han bizitzen ari diren drama da munduko fotokazetaritza onenaren ispilu, beste herrialde batzuetako gizarte eta gatazken kronikekin batera. Azaroaren 16ra arte egongo da ikusgai, eta kontzientziak astintzeko funtsezko erakusketa bihurtu da.

World Press Photo erakusketak mugak eta kulturak zeharkatzen dituzten istorioetan murgiltzen ditu ur biltegiko bisitariak, garaian garaiko une urratu eta argitsuenetan eskutik helduta. Aurten, 141 herrialdetako 3.778 argazkilariren 60.000 lanetatik aukeratu dira irabazleak; 41 egileren 160 argazki daude ikusgai. Aukeraketa lan neketsua izan du Valderramak: «Azken urteetako ediziorik askotarikoena da», azaldu du, «eta oreka ederra dago kolorearen eta zuri-beltzaren artean, baita begiraden aniztasunean ere». Fotokazetarien lana goraipatu du: «Ez da soilik irudia; historia eta istorioak dira. Kazetariak The New York Times, AFP, The Washington Post edo Time bezalako hedabideetan aritzen dira, eta horrek kalitate handia bermatzen du».

Bisitariak isilean mugitzen dira ur biltegi zaharrean. Argazkien testu osagarriak lagungarri dira, baina irudiek gidatzen dute ibilbidea. Ez dute guztiek mina eta gatazka erakusten, ez behintzat esplizituki: badaude istorio intimoak, garaiotako ispilu diren erreportaje pertsonalak. Horietako batean, Aliona Kardax argazkilari errusiarrak bere etxera egindako bisita dokumentatu du Ke usaina dago etxean izeneko bilduman. Erreportaje intimo horren parean gelditu da komisarioa.

Argazkilariak Alemaniara emigratu zuen, baina haren familia Errusian geratu zen. Haiek Putinen gobernua babesten dute; Kardaxek, berriz, ez. Haren argazkietako batean, 94 urteko amona ageri da botoa ematen. Argazkia atera eta gero, honela esan zion: «Jainkoak indarra eman diezadala Putinen alde bozkatzen jarraitzeko». Irudiak begirada pertsonal baten bidez erakusten du tentsioa eta hautu ideologikoaren pisua. Hala ere, argazkilariak bildumaren azalpen panelean argi uzten du mezua: «Lotura pertsonalak sendoagoak dira aldentzen gaituzten indarrak baino».

15460819
Bisitariak, Ebrahim Alipoor irandarraren 'Balek ez dute mugarik' argazki bildumaren inguruan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Parean, bakarti, bertaratuen begiradak biltzen dituen beste erreportaje bat dago: Ebrahim Alipoor irandarraren Balek ez dute mugarik argazki bilduma. Kurdistan irakiarreko mugalarien istorioa jasotzen du: 50 kilo inguruko zama eramaten dute mendietan barrena, kontrabandoaren bidean; 2.000 hildako baino gehiago utzi ditu lanak. «Argazki batek ama bat erakusten du, semeari musu ematen, bidaia arriskutsura abiatu aurretik. Pentsa nolako egoera gogorra», gogoeta egin du Valderramak.

Areto nagusitik irten aurretik, komisarioak beste irudi batean jarri du arreta: John Mooreren Gaueko zeharkaldia. Txinako migrante talde bat ikus daiteke, Mexikoren eta AEBen arteko muga pasatu berritan, euripean. «Arraroa egiten da txinatarrak halako egoera batean ikustea, ezta?», galdetu du, irribarrez.

Gosea pizteko

Ur biltegitik metro gutxira, Montehermosoko Jovellanos aretoan, beste erakusketa batera zuzendu da komisarioa: On egin!, argazki gastronomikoei eskainitakoa. Hainbat egileren lanak bildu dira han, elikaduraren unibertsoa ospatzen duten irudi koloretsuak. «Otorduaren poesia bisuala da», goraipatu du Valderramak, eta aurreko erakusketako dramatismoaren «kontrapuntu atsegina» dela azpimarratu: «Pentsa bestela; jendeak ere behar ditu gauza dibertigarriak. Hemen ere badago gogoetarako tartea, baina baita poztasuna ere».

Harro agertu da erakusketa hori ekartzeaz, World Food Photography Awards baita argazkigintza gastronomikoaren lehiaketarik garrantzitsuena. Duela hamabost urte sortu zen, Erresuma Batuan. Aurten, lehen aldiz, 10.000 argazkitatik hautatutako 22 lan jarri dituzte Gasteizen, gehienak emakume argazkilari profesionalenak, 30 kategoriatan banatuak. Urtero erakusketa osagarri bat antolatzen dute, baina hurrengo urtean ere gastronomiari eutsi nahi dio Valderramak, «harrera bikaina izan baitu».

Paco Valderrama, 'On egin!' erakusketan. UNAI ETXENAUSIA
Paco Valderrama, 'On egin!' erakusketan. UNAI ETXENAUSIA

Sitxuanen (Txina), bost amona plater bana dastatzen —aurtengo irabazlea—; gozokiz egindako hanburgesa bat; barazkiekin osatutako bihotz bat; eta kozinatzeko hiltzera kondenatutako txakurrez betetako kaiola erraldoi bat... Irudiek elikaduraren alde kontrajarriak erakusten dituzte, umorearen eta gordinaren artean. «Aniztasunak erakusketa bizia bihurtzen du: kolorea, forma eta istorioa uztartzen dira. Elikagaiek sortzen dituzten sentsazio eta gogoeta infinituen hariari jarraitzen dio», azaldu du Valderramak.

Bi aretoen arteko kontrastea berehala nabaritzen dute bisitariek: World Press Photo minaren eta testigantzaren ispilu da; On egin!, berriz, bizitzaren eta sormenaren aldarria. Biek, ordea, helburu bera dute: ikuslea hunkitzea eta hausnartzera gonbidatzea. «Irudi profesionalen indarra ez da inoiz galtzen», adierazi du komisarioak; «munduak kontatzen duen istorioak beti irauten du denboran».

Hausnartzea

12:30ak aldera utzi du Valderramak erakusketa, baina jende ugari zebilen oraindik ur biltegian barrena. Urtero bezala, erakusketak harrera beroa izan du: Gasteizko eta Euskal Herriko herritarrek —ikasleek, argazki elkarteetako kideek eta bisitariek— bete dute aretoa. Aurreko urtean 14.000 bisita jaso zituen, eta aurten kopuru hori gainditzea espero du komisarioak. Euskaraz eta gaztelaniaz antolatutako bisita gidatuek testuingurua eta emozioa eskaintzen dizkiete ikusleei. «World Press Photo jada udazken kulturalaren parte da, baina, batez ere, munduaren kontzientzia lantzeko tresna bat da. Gainera, azalpenak euskaraz izatea lehenetsi da; nazioarteko erakusketa handienetako bat euskaraz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du», azaldu du Valderramak.

«Azalpenak euskaraz izatea lehenetsi da; nazioarteko erakusketa handienetako bat euskaraz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du»

PACO VALDERRAMAErakusketako komisarioa

Komisarioak uste du halako erakusketek eguneroko prentsaren mugak gainditu eta oroimen kolektiboa eratzen dutela, kritikotasuna eta gogoeta sustatuz. «Testuingurua funtsezkoa da», gogorarazi du: «Irudia ulertzeko, lehenengo testua irakurri behar da. Eta, hain zuzen ere, 23 urte hauetan, World Press Photok Gasteiz munduko argazkigintzaren mapan jarri du. Gatazka globalak, istorio pertsonal eta intimoak, eta sormenaren kolorerik bizienak uztartzen dira hemen, ikuslea hunkitu eta hausnartzera gonbidatuz».

Azken finean, ez da soilik erakusketa bat: kulturaren, kazetaritzaren eta sormenaren topagune bilakatzen da hilabete batez ur biltegi zaharra. Argazkiek mundua kontatzen dute —batzuetan minez, besteetan pozez—, eta bihar ere bisitari gehiago bertaratuko dira, beren kontzientziak astintzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.