Ezarian. Sakelako telefonoak

Mundua sakelan

Etorkizunean sakelako telefonoak ordainketa txartel gisa erabili ahal izango dira, eta inguruko tresnekin harremana izango dute NFC teknologiari esker, batez ere.

Ilargi Agirre.
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Autobusean saltoki handi batera iritsi, arratsaldea erosketak egiten pasatu eta gauen hotel batean ostatu hartu. Poltsikoan diru zorrorik eta inolako kreditu txartelik eduki gabe. Hemendik urte gutxira ikus ahal izango da irudi hori, sakelako telefono bat nahikoa izango baita ordainketa horiek guztiak egiteko. Urte gutxian egunerokoan ezinbesteko bilakatu dira sakelako telefonoak. Erabat errotuta daude, eta areagotu egingo da haien funtzioa etorkizunean. Mundua egongo da eskura sakelako telefonoetan.

Gizartean zabaldu zirenetik aldaketa handiak izan dituzten arren, Ibai Iturritxa Aditium enpresako kideak pentsatzen du batez ere azken hiru urteetan izan dutela bilakaerarik handiena. Sakelakoek Interneterako sarbidea izateak egoera goitik behera irauli du, haren esanetan. Gero eta azkarragoak eta gaitasun handiagokoak merkaturatzen dituzte.

«Lehen inolaz ere pentsatzen ez genituen gauzetarako erabiltzen dugu sakelakoa orain», azaldu du Gari Araolazak, ingeniari eta CodeSintax enpresako sortzaileetako batek. Webguneak egiten dituzte, eta esan du gaur egun ezinbesteko bilakatu dela webguneak sakelako telefonoetara ere egokitzea.

Azken urteetan izandako aldaketen abiadurari erreparatuta, nola irudika daitezke eskuko telefonoak etorkizunean? Araolazaren arabera, hemendik urte batzuetara askoz ere erosoagoak eta erabilerrazagoak izango dira. «Inguruko tresnekin lotura handiagoa izango dute».

Harreman horretan NFC teknologiak eragin garrantzitsua izango duela dio Iturritxak. Teknologia horrek gidatuko du etorkizuneko norabidea. Ingeniariaren arabera, irrati frekuentzien bidezko identifikazioaren eboluzioa da NFC-a. Bluetooth-en antzera, bi gailuen arteko komunikazioa ahalbidetzen du.

Sakelako telefonoen erabilera areagotuko du nabarmen. «Gaur egun txartel batekin egin daitezkeen gauza guztiak sakelakoarekin egin ahal izango ditugu. Kreditu txartelarekin ordaindu beharrean, sakelakoarekin ordainduko dugu, eta garraiobideetara sartuko gara».

Ordainketak egiteaz gain, askotariko informazioa eskuratu ahal izango da, horretarako propio kalean jarritako gailu batzuen bitartez. Nahikoa izango da eskuko telefonoa irakurgailutik bost eta hamar zentimetro artean hurbilduta. «Erabilera oso erraza da». Hala, autobus geltokietako aterpeetan ordutegiak begiratzeko eta hiriko kultur ekintzen berri izateko aukera egongo da. Turistek ez dute gida liburuen beharrik izango. «Hiriko jatetxeak eta lo egiteko lekuak zeintzuk diren jakingo dute kalean jarritako gailuen bidez». Eta hoteletako geletara modu berean sartuko dira. «Erreserba egin bezain pronto, giltza iristen da sakelako telefonora, eta harreratik pasatu beharrik ez dago. Gelako sarrailan sakelako telefonoa jarrita irekitzen da atea. Alde egin eta gero, blokeatu egiten da».

Olinpiar hiria laborategi

Proiektu aitzindari guztiekin gertatzen den gisan, hasieran frogak egiten dituzte errealitatean martxan jarri aurretik. Kreditu txartelaren bidezko ordainketak egiteko, AEBetan proiektu aitzindariak funtzionatzen du dagoeneko. Londresko Olinpiar Jokoak izango dira bigarren esperimentu leku. «Olinpiar hirian kirolariei gisa honetako sakelako telefonoak emango zaizkie».

Bi edo hiru urterako gizartean txertatuta egongo direla dio Iturritxak. «Nokiak eman du abisua hemendik aurrera ekoitziko dituen sakelako telefono berriek teknologia hau eramango dutela».

Funtzio berri horiek onura asko dituzten arren, desabantailak ere badirela gogorarazi du ingeniariak. «Zenbat eta gauza gehiagotarako erabili, arriskutsua bihurtzen da sakelakoa galtzea». Hala ere, ez omen dago erabateko ziurtasunarekin jakiterik, estatistika enpresa batek kaleratutako datuen arabera, batez beste hamabost minutu behar baitira sakelako telefonoa galdu dugula ohartzeko, eta diru zorroa galdu dugula ohartzeko, berriz, hiru ordu.

Alde txarren artean, kontrola aipatu du Araolazak. Gaur egun erabiltzen da jada, eta etorkizunean areagotu egingo da. «Momentu oro non zauden jakin ahal izango dute». Erresuma Batuaren ondoren, Espainia da munduan smartphone-en eta gainerako sakelako telefonoen arteko portzentaje alde txikien dagoena.

Aditu batzuen arabera, eskuko telefonoak izango dira etorkizuneko ordenagailuak. Iturritxaren aburuz, oraingoz behintzat sakelako telefonoek ez dute ordenagailua ordezkatuko. Lana eta kontsumoa bereizten ditu. «Aisialdirako informazioa sakelako telefonoarekin kontsumitzeko joera nagusitzen ari da, eta lanerako ordenagailua erabiltzen dugu». Araolazaren arabera, sakelako telefono ugari jada ordenagailuen parekoak dira. Garai batean helburua tamainaz ahalik eta arinenak eta txikienak egitea bazen ere, pantaila handiagoekin ekoizten dituzte orain. Gero eta funtzio gehiagotarako erabiltzen direlako indartu da joera hori. «Etorkizunean sakelako telefonoetan ez dagoena ikusezin bihurtuko da», dio Araolazak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.