Komunikazioa

Munduak eragindako mina kontatu

Xabier Gantzarain eta Anjel Lertxundi kazetaritzaren eta literaturaren arteko loturaz aritu dira Mondragon Unibertsitateak antolaturiko Literatura Topaketetan. 'Pre(nt)sa(z)ko literatura' izenburupean, norberaren esperientziak kontatu dituzte.

Anjel Lertxundi eta Xabier Gantzarain, atzo, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campusean. R. BOGAJO / ARP.
Adrian Garcia.
Aretxabaleta
2013ko urriaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azkar batean bizi da gizarte modernoa, arrapalada bizian. Autore askoren arabera, presak pentsamendua irentsi du, baita artea ere. Kazetaritzak eta literaturak ez dute zurrunbilo horretatik ihes egiterik lortu. Mondragon Unibertsitateak antolaturiko Literatura Topaketetan urgentziazko literatura dute hizpide. Literatura eta kazetaritzaren arteko harremana aztertu dute, patxadaz, bi adituen laguntzarekin: Xabier Gantzarain eta Anjel Lertxundi. Bihar jarraituko du topaketak; Lorea Agirrek eta Lander Garrok hitzaldi bana emango dute, Eskoriatzan (Gipuzkoa).

Gantzarain idazlea da, eta ongi ezagutzen du hedabideen jarduna; hiru urtez BERRIAko Jira-ko zutabegilea izan da. Argi du zein den kazetaria eta idazlea lotzen dituen soka: «Bestearen mina sentitzeko ahalmena. Minbera izatea». Enpatiaz baino gehiago, sinpatiaz hitz egin beharraz aritu da. Bien arteko aldea azaltzeko, 2010eko urriko bi Jira berreskuratu ditu. Enpatia bestearen lekuan jartzeko ariketa da, film bateko protagonistarekiko sentitzen den identifikazioaren parekoa. «Sufritu egingo dugu, negar egingo dugu, baina ez dugu sufritzen eta negar egiten hari gertatzen zaionagatik, geuri gerta dakigukeena dugu saminaren eta malkoen iturria». Sinpatiak, aldiz, batera sufritzea esan nahi du etimologikoki. « Enpatiarekin ez bezala, sinpatiarekin bestearen mina ezagutzeko borondatea dago, eta min horren arrazoiak jakitekoa, eta azkenean, partekatzekoa».

Gaurkotasuna jarraibide du kazetariak. Idazleak, berriz, ihes egiten dio horri; ez dago agendaren menpe. Agenda hitza gorroto du Gantzarainek. Latinetik dator, eta egin beharreko gauzak esan nahi du. «Hilik egoteko, nahiko bizirik dagoen hizkuntza da».

Kazetariaren lana «zailagoa» iruditzen zaio. «Garbi, zuzen eta azkar idatzi behar du». Gainera, teorian behintzat, ahalik eta neutroen jokatu behar du. «Nola egiten da hori? Hitzen aukeraketa bera balorazio bat da. Lampedusakoak zergatik dira etorkinak?»

Truman Capoteren Odol hotzean lanaren pasarte bat irakurrita, kazetaritza ala literatura den galdegin die entzuleei. «Zer axola dio?». Gertatu dena kontatzen du kazetariak; asmatu duena kontatzen du idazleak. Biek dute ogibide «munduak eragiten dien mina» kontatzea. «Fikzioa ez da gezurra; asmatua bai, baina ez gezurra. Egia ere asmatu egiten da, forma eman». Errealitatea ere, Teleberri-ren antzera, «fikzioz osatuta» dago. «Zergatik politika hasieran? Zergatik horrenbeste tarte kirolei eta eguraldiari?».

Elkarrizketa formatua

Anjel Lertxundik elkarrizketa moduan eman du hitzaldia, Kepa Matxain Mondragon Unibertsitateko ikasle ohiaren galderei erantzunez. Gaztetan, gaztelaniaz idazterakoan ez, euskaraz idaztean sentitu du presa idazleak. Izan ere, garai haietan, 1970eko hamarkadaren hasieran, euskaraz idazteko «urgentzia» zegoen. «Euskarazko sorkuntza gutxi zegoen, eta presaz sortu behar zen».

Hitz beste BERRIAko zutabeko gaiak aukeratzerakoan, aitortu du gaurkotasun politikoak «gehiegi» eragiten diola. Errazagoa egiten zaio urrutiko politikariekin sartzea etxekoekin baino. «Autozentsura baino gehiago, zuhurtzia da. Bariante bat da».

Gaintzarainen antzera, ez du irakurleei atseginarazteko idazten. «Onena zuretzat idaztea da. Beste testuekin zaren bezain kritikoa izatea».

«Liburu jale» eta «Gutenbergen seme» gisa deskribatu du bere burua. Halere, teknologia berriek irekitako aro berria nabari du. «Azken 15 urteetan geroz eta liburu gehiago utzi ditut irakurri gabe». Sarearen eragina izan daitekeen ustea du. Sare sozialen eraginpean, irakurtzeko joera aldatu baita. «Orain eduki desberdinei mokoka irakurtzen dugu, ez istorio baten hariari tiraka».

Muga lausoak

Kazetaritza eta literaturaren arteko mugak denboraren poderioz lausoagoak bihurtu dira. Egunkari batean bloke informatiboak oinarria izaten jarraitzen badu ere, beste elementu batzuek «bestelako ikuspuntu» bat eskaintzen dute: zutabeak. «Kazetaritza kritiko bat da. Irakurleari esaten diote badagoela munduari begiratzeko modu zuzenago bat».

Kazetaritzaren eta literaturaren arteko muga lausoez galdetuta, El País Semanal-en Lertxundik berak idatzitako Marero itsasontziari buruzko erreportajeaz oroitu da. Desagertutako ontziaren azken orduak birsortu zituen, bertan egon izan balitz bezala, ontziburuak emandako bideoa eta alargunen testigantzak baliatuta. Eskifaiaren senideek ez zituzten «gakoak» ulertu, eta sumindu egin zituen artikuluak. «Zuk nola jakin dezakezu zer gertatu zen?», leporatu zioten. Beranduago ulertu bazuten ere idatziaren zentzua, nahigabetuta utzi zuen horrek Lertxundi, haien saminera hurbiltzen ahalegindu baitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.