Lehen minutuak nahikoa dira telesailaren tonuan eta atmosferan murgiltzeko, baita mamian sakontzeko ere: hiriaren aurkezpena, ume baten desagerpena eta telesailaren alderdi formalaren lagin txiki bat eskainiko du hasiera horrek.
It: Welcome to Derry 1960ko hamarkadan girotuko da, 2017ko It filmeko gertakarien aurreko garaian, eta Pennywise pailazoaren jatorria azalduko du. Haur batzuen desagerpenak hankaz gora jarriko du Derry herri txikiaren lasaitasuna, eta, pixkanaka, herriaren bihotzean ezkutatutako beldur eta misterio ilunen itzalean, gero eta kezkagarriagoak diren jazoerak gertatzen hasiko dira.
Beldurrezko istorio nagusi horretatik harago, telesailaren mamia da benetan liluragarria: arrazakeriari, indarkeria instituzionalari eta Amerikaren bihotzean eguneroko bizitzaren itzalean ezkutatzen den izuari eskainiko dion begirada. Naturaz gaindiko presentzia beldurgarriez gain, telesailak erakusten du mehatxurik handiena gizatiarra dela. Perfektua dirudien baina zerbait ezkutatzen duen herriaren konposaketak bikain funtzionatzen du, eta gidoiak estropezu egiten duenean ere, estilo bisualak tentsioari eusten dio; ikuslearen arretari etengabe eutsiko dio.
Beldur irrazionalaren eta arrazionalaren arteko harremana oso boteretsua da, eta telesailak horren bidez hainbat gizarte gai azaleratzeko aitzakia ematen du. Munstroak ez dira soilik estoldetan bizi; izua ez dator Pennywiserengandik bakarrik, komunitatearen ukapenetik eta horrore horri etekina atera nahi dioten agintarietatik ere sortzen da.
Lehen atalek zirrara handia eragingo dute, izualdi une indartsuak eskaintzen dituzte, eta espazioak eta kokalekuak trebeki aprobetxatuko dituzte tentsioa sortzeko. Baina hortik aurrera arrasto gazi-gozo bat utziko du, ikusleari emango zaion informazioa gaizki banatua egongo balitz bezala. Sotiltasun apur bat falta zaio; efektu digital gehiegi erabiltzen dira, eta egitura narratiboan gabeziak nabari dira. Oro har, istorioa batzuetan gehiegi sakabanatzen da, eta argumentuak pilatu egiten dira.
Alderdi batzuetan freskotasuna eskainiko du —oinarri historiko eta sozial sakonak, mitologiaren hedapena—, baina beste batzuetan hutsuneak agertuko dira —gidoi irregularra, gutxi garatutako zenbait pertsonaia eta erritmo gorabeheratsua—. Hala ere, It: Welcome to Derry, bere osotasunean, proposamen oso interesgarria eta erakargarria da. King unibertsoaren eta beldurraren jarraitzaileek bereziki gozatuko dute.
Derry eta Stephen King
Telesailean, Stephen Kingen unibertso zinematografiko eta literarioari egindako zenbait keinu, lotura eta erreferentzia topatuko ditu ikusleak. Telesaila girotzen den hiria, esaterako: Derry, idazle estatubatuarrak bere lan idatzian erabiltzen duen topografia imajinarioaren parte dena. Hainbat eleberri eta kontakizun laburren garapen gunea izan da. Hiriaren izena 1981eko The Bird and the Album kontakizun laburrean agertu zen hasieran, eta 2011ko 22/11/63 eleberrian berragertu zen. Leku soil bat baino gehiago, Kingen unibertsoaren parte den pertsonaia bat dela esan daiteke, Estatu Batuetako arima ilunaren metafora gisa funtzionatzen baitu.
fitxa
- Sortzailea. Jason Fuchs, Andy Muschietti eta Brad Kane.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2025.
- Aktoreak. Bill Skarsgard, Taylour Paige, Jovan Adepo eta Chris Chalk.
- Non ikusi. HBO Max.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Beldurra.