Monster antologia bueltan da, eta ez nolanahiko istorio batekin. AEBetako historiako saileko hiltzaile ospetsuenetako bat da, Ed Gein, denboraldi berriaren ardatza.
50eko hamarkadako Wisconsingo landa zelaietan girotua, Eddie Gein izeneko gizon bakarti, atsegin eta itxuraz kaltegabea isilik eta lasai bizi da erortzear dagoen landetxe batean. Baina ate zahar horien atzean gordetzen duena azaleratzen denean, The American Nightmare edota amerikar amesgaiztoa delakoa birdefinituko du. Geinen krimen maltzurrek munstro berri baten irudia zizelkatu zuten, gizarte oso baten beldurrak eta desirak gorputz bakarrean pilatuz.
Charlie Hunnam sartu da protagonista ilunaren azalean, Sons of Anarchy telesailari esker ezagun egin zena. Itxura fisikoaren aldaketagatik nabarmendu da, baina baita ahots fin eta isilak sortzen duen kontrasteagatik ere, Geinen barneko hauskortasuna eta iluntasuna uztartzen baititu. Amarena pertsonaia funtsezkoa izango da, eta Laurie Metcalfek egin du haren rola. Emakumeenganako gorrotoa eta bizitza komunitarioaren arbuioa justifikatzen dituen pertsona fanatiko eta itogarri gisa irudikatu dute, semearen mundu psikologikoaren ardatz bihurtuta.
Egitura narratiboak bi adar nagusi ditu: alde batetik, Geinen bizitza eta haren barneko eraldaketa erakusten du; bestetik, herri kulturak haren irudia nola mitifikatzen duen aztertuko du, hiltzaile baten itzaletik sortutako irudi kolektiboa; fikzioaren eta errealitatearen arteko zubia erakusten du. Hiltzailearen krimen basatiek arrastoa utzi zuten zinemaren historian, eta hainbat pertsonaia ikoniko sortzeko inspirazio izan ziren: The Texas Chainsaw Massacre (1974) filmeko Leatherface, Psycho (1960) pelikulako Norman Bates, eta The Silence of the Lambs (1991) filmeko Buffalo Bill, esaterako.
Bere obra gehienetan erabiltzen duen ohiko estetika baliatu du Murphyk; batzuetan, agerian utziko du gehiegikeriarako joera. Forman eta azaldu nahi duen horretan jaioko da telesailaren eztabaidarik handiena, muinean ernatuko den kontraesana: indarkeriaren inguruko lilura morbosoa salatzeko nahia agertu du, baina, aldi berean, eszena gordinak eta sadikoak xehetasun guztiz berregin ditu.
Monster: The Ed Gein Story entretenigarria, aztoragarria eta bisualki indartsua da, Ed Geinen hilketa lazgarriak erakusteaz gain haren oinarri psikologikoa eta kulturan izan zuen eragina arakatzen dituelako. Baina, aldi berean, eskaintzen zaion erabateko protagonismoak, hilketak irudikatzeko erabiltzen den iruditeria zalantzagarriak eta biktimei eskaintzen zaien tarte urriak, ezinbestean, zalantza moral eta etikoak piztuko ditu ikuslearengan.
Kontraesanak
«Munstroak jaio ala sortu egiten dira?». Hori da Murphyk sorturiko hiltzaileen unibertso antologikoak zabaltzen duen tesi nagusia. Baina telesail hau, tesi filosofiko baten itxura hartu arren, paradoxan eroriko da: morboaren kritika egin nahi du, baina morboan murgiltzen da. Zauria erakusten du, baina zauriari estetikaren lentea ipiniko dio; krimena salatuko du, baina krimena berridatziko du, eszena ilun eta odoltsuen bidez. Eta, bitartean, biktimak itzalpean utziko ditu, gorputz mutu eta izen lauso bihurtuta.
fitxa
- Sortzailea. Ryan Murphy.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2025.
- Aktoreak. Charlie Hunnam, Laurie Metcalf, Tom Hollander eta Olivia William.
- Non ikusi. Netflix.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Thrillerra, drama.