Jaiak. Gernika

Musika eta gastronomia nagusi herriko jaietan

Sanroke jaiak hilaren 14an hasiko dira Gernikan, eta bost eguneko egitarau oparoa prestatu dute

2013ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Astebete baino gehiago falta baldin bada ere, dena prest dute gernikarrek (Bizkaia) jaiak hasteko. Puntako musika izango dute, besteak beste, Fermin Muguruzak, Gosek, Non Servium-ek, Gatibuk eta Eñaut Elorrietak joko baitute. Izen handiko musika taldeez gain, jaietako ekitaldirik nabarmenenak kale animazioa, dantza ikuskizunak, goitibehera txapelketa eta San Roke eguneko sukalki txapelketa izango dira.

Aurten, berriz ere, aurrekontuan murrizketak izan ditu jai batzordeak. Hala ere, aurreko urteetako egitarauaren mailari eutsi diotela ziurtatu du Jon Ander Zunzunegik, Gernikako Jai Batzordeko kideak. Haren arabera, herritar guztiek bat egiten dute jaietan. Jai batzorde bakarra dago, eta bertan nahi duten herriko talde, kolektibo eta norbanako guztiek parte hartzen dute. Aurten, jai batzordeak %15eko murrizketa izan du aurrekontuan, eta, iaz, beste %10 bat ere jaitsi zioten. Zunzunegik esan du aurtengo jaietako erronkarik «handiena», murrizketekin «aurreko urteetako egitarauari eustea» izan dela.

Andra Mari eta San Roke

Abuztuaren 14an jaiak «gogoz» hasten dituztela azaldu du Zunzunegik. Pregoia 20:45ean botako du Euskal Jai eskolak, Jai Alai pilotalekuak 50 urte beteko baititu aurten. Txupinazoa jaurti ondoren, jaitsierarekin festa lehertuko da Gernikan. Fanfarriak eta kale animazioa kalez kalez ibiliko dira, eta 22:30ean jaietako lehen kontzertuak izango dira, Pasealekuan: Buffalo Clover Band, Gose eta Akerbeltz erromeri taldea.

Hurrengo egunean, Andre Maria egunean, meza nagusiaren ostean, Erregelak dantzatuko dituzte Elai Alai dantza taldekoek. Arratsaldean, XXXIV. goitibehera txapelketa egingo dute Lumotik Merkurio iturriraino. Horrekin batera, herri kirolek, umeentzako magia ikuskizunek eta bertsolariek osatuko dute arratsaldeko egitaraua. Gauean, Backbonek eta Fermin Muguruzak joko dute Pasealekuan.

Abuztuaren 16a egun handia da Gernikako jaietan. Meza ostean, uriko aurreskua dantzatuko dute Elai Alaiko lagunek. Eguerdian, sukalki txapelketa egingo dute Merkurio iturrian. XIII. aldia izango da aurtengoa, eta, Zunzunegiren iritziz, jaietako ekitaldi nagusia izango da: «Herri guztiak parte hartzen du, eta egun osoan oso giro polita sortzen da». Gauean, su festa ikuskizuna egingo du Pirotecnia Zaragozanak. Eta pasealekuan; Non Servium rock taldea eta Honat erromeria taldea arituko dira.

Egun nagusia San Roke baldin bada ere, San Roketxu eta San Roketxutxu deituriko egunetan ere izango da zer ikusirik eta zer gozaturik. Astebururako, asto lasterketa eta Gernikako zaldi eguna antolatu dituzte. Musika arloari dagokionez, Gatibu eta Eñaut Elorrietaren kontzertuak daude prestatuta. Hori guztia larunbateko kulero eta galtzontzilo lasterketa ahaztu barik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA