Oraintsu arte, musika eta lengoaia gizakion bereizgarritzat jo izan dira. Azkenaldian egin diren ikerketek, ordea, argi utzi dute gure gertuko primateek ere badituztela oinarrizko gaitasun musikalak.
Duela gutxi frogatu dute txinpantzeek musikaren oinarrizko elementua menderatzen dutela: erritmoa. Hori frogatzeko, Afrikako mendebaldeko eta ekialdeko 11 txinpantze-talderen kolpe-hotsak aztertu dituzte. Kolpe horiek zuhaitzen sustraietan egiten dituzte, eskuz edo oinez. Hasieran, ikertzaileek uste zuten besterik gabe egiten zituztela, taldekideen arreta pizteko.
Ikerketan argi utzi dute kolpeak erritmikoak direla, eta mendebaldeko eta ekialdeko txinpantzeen egitura musikalak desberdinak direla: mendebaldekoek tarte laburrak eta konstanteak uzten dituzte kolpeen artean, eta ekialdekoek tarte laburrak eta luzeagoak txandakatzen dituzte. Ikertzaileek txinpantze bakan batzuk ere identifikatu zituzten, erritmo bereizgarria zutelako. Horrez gain, bokalizazioak, garrasiak eta uluak ere egiten zituzten.
Txinpantzeen ahozko komunikazioari erreparatu dio beste ikertzaile-talde batek, Boli Kostan. Ikerketan, egoera desberdinetan sortutako 4.300 hots baino gehiago analizatu dituzte matematikoki: jaten, atseden hartzen, elkar gerturatzen, erasotzen edo predatzaileekin topatzean. Horrela 16 sekuentzia bokal identifikatu dituzte: bi dei (bigramak) eta lau mekanismo konbinatorio.
Ikertzaileen arabera, konbinazioek esanahi berriak sortzen dituzte. Esate baterako, habiak eraikitzearekin lotutako sekuentzia bokal batek, lotarako lekua adierazteaz gain, zenbateraino zen segurua ere aipatzen zuen. Egitura bokalek zantzuak ere ematen dituzte lengoaiaren eboluzioari buruz: iradoki dutenez, tarteko fase bat izan daitezke, animalien hotsetatik gizakien hizketaraino.
Bonoboetan ere, antzekoa frogatu zuten Kongoko Errepublika Demokratikoan egindako ikerketan; hotsak konbinatuz esanahi desberdinak sortzeko gai direla. Ondorio horretara iristeko, bonoboek egindako hotsen 700 grabaketa egin zituzten, eta giza lengoaian erabiltzen den analisi semantikoko metodo baten bitartez aztertu. Ikusi zuten bonoboen hots bakoitzak 300 parametro dituela, testuinguruaren berri emateko, eta dei gehienen helburua taldeko kideak koordinatzea da. Bonoboen arteko harremanak oso konplexuak dira, haien komunikazio-sistema bezala.
Bada, gure gertuko espezieak uste baino «gizatiarragoak» direla frogatzen ari diren bitartean, 25 primate-espezie mehatxatuenen zerrenda argitaratu dute nazioarteko erakunde kontserbazionista eta primatologo nagusiek elkarlanean (UICN, CI, IPS). Garbi esan dute: «Galtzen den primate-espezie bakoitza erremediorik gabeko galera bat da, naturarentzat ez ezik, baita gizakiarentzat ere». Agidanez, ez da erraza ikuspegi antropozentrista erabat alboratzea.