Musika hizkuntza unibertsala da, eta, horregatik, musikaren eguna ere leku askotan ospatzen da. Euskal Herriak ere bat egingo du gaur Europako Musikaren Egunarekin. Ekitaldi ugari antolatu dituzte hiri eta herrietan. Erritmoak eta akordeek hartuko dituzte bazterrak.
Baionan jai erraldoi baten itxura hartuko du hiriak. Hainbat txokotan egongo dira kontzertuak kalean arratsaldean. Musikarien zerrenda luzea bezain erakargarria da. Gorka Knorr ariko da Guichot lizeoan, 19:30ean, eta Paul Bert plazan Ze Esatek taldeak joko du, 23:45ean. Euskal musikaren gune bilakatu da Plachotte. Etxegoien ahizpak, Izarrak, Xiberotarrak eta Erramun Martikorena izango dira; horien guztien ahotsekin gozatu ahal izango da bertan. Horiez gain, Zeze, Amestoy Trio, Adixkideak, Gogotik, Lau Haizetara, Haiz Hegoa...
Musikaren festan ikusle izateaz gain, parte hartzeko aukera egongo da. Baiona Kantuz ekinaldia 19:00etan hasiko da. Merkatuaren azpian, Moulis etxearen aurrean geratu dira.
Bilbon, Udal Musika Eskolako 200 musikari baino gehiago aterako dira kalera. Ikasleak eta irakasleak igoko dira oholtzara Solokoetxeko Zumarraga plazan, 17:30ean. Euskal musika tradizionala eta musika modernoa entzun ahal izango dira. Galera aretoan, 18:00etan, eskolako hainbat taldek joko dute askotariko estiloetan, doan. Bestalde, Txistularien Udal Musika Bandak Sarrikoko Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioan joko du, 19:30ean.
Musikazaleen bilgune bilakatuko da kontserbatorioa. Marmara Music Band-ek New Orleansko doinuekin beteko ditu kontserbatoriotik Levante plazara arteko kaleak, 17:00etan. Azken leku horretan, bihar, Mr Jam akademiakoek erakutsiko dituzte haien abileziak, 18:30etik 21:30era.
Mursego Donostian
Donostian egitarau berezia antolatu du Viktoria Eugenia antzokiak. S. Vincentek eta Mursegok joko dute gaur, eta Corizonasek eta Iñaki Etxepare Country Rock Triok bihar. Bi emanaldiak 20:00etan izango dira, eta hamabost euro ordaindu behar da sarrera.
San Telmo museoan ere jarduera bereziak egingo dira gaur, doan. Xabier Amuriza bertsolariak bertso tailerra emango du, 16:30ean. Ez Dok Amairutik hasita Negu Gorriak arteko kantagintza jorratuko dute Euskal Kantagintza Berria solasaldi musikatuan, 18:30ean. Donostiako eta Irungo udal musika eta dantza eskolako ikasleen kontzertua entzun ahal izango da, 20:00etan.
Kalean musikaz gozatu nahi duenak ere izango du non aukeratu. San Miguel Donostiklubaren eta Fnacen eskutik, hainbat kontzertu egongo dira larunbatean. Loiola kalean joko dute Lolas Club taldeak, 13:00etan, Polaroid-ek, 18:00etan, Guadalupe Platak, 19:00etan, eta Bigottek, 20:15ean.
Elkartasuna eta musika uztartuko dituzte Gasteizen. Mugarik Gabeko Musikariak gobernuz kanpoko erakundeak herritarrei dirua eskatuko die Andre Mari Zuriaren plazan, haien proiektuak aurrera eramateko. Gainera, erakundeak elkartasun ekintzak aurrera eraman dituen kontinenteetako hainbat pieza joko ditu Gasteizko udal musika bandak, 20:00etan.
Ikasleak izango dira protagonista beste behin ere aurretik. Guridi Txiki Big Band eta Guridi Big Band kontserbatorioko ikasleek kontzertua emango dute eguerdian. David Varas saxofoi jotzaile eta abeslari gasteiztarrarekin partekatuko dute oholtza. Guztiek jazz ukituko musika egiten dute.
Iruñean, Joseba Irazokiren bisita izango dute. Udal erakusketen aretoan joko du, 20:30ean. Doan da, baina gonbidapena beharko da. Kontzertua hasi baino ordubete lehenago hasiko dira banatzen, eta pertsona bakoitzari bi emango dizkiote gehienez. Horrez gain, Udaletxeko plazaren ingurua musikaz beteko da. Joaquin Maya, Voces de Burgos, Ensemble Garklein, Media Luna abesbatza eta Fanfarre Untzalaz ariko dira, besteak beste, giroa berotzen.
Musika kalera aterako da gaur Euskal Herriko bazter ugaritan
Europako Musikaren Egunean musikari profesionalen eta eskoletako ikasleen kontzertuak izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu