Donostiako Piratek X. urteurrena beteko dute aurten, eta musika eskaintza zabalarekin ospatuko dute. Gainera, abesti bat ere egin dute.
Haritz Varela Piratetako kideak adierazi du «abesti freskoa eta kalitatezkoa» dela, «inplikazioa eskatzen duena eta izan garena, garena eta izango garena ederki azaltzen duena».
Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariek ipini dizkiote hitzak abestiari. «Argi nuen kanta pirata bat izan behar zuela, positiboa, eta aldi berean gonbidapen bat ere bai», dio Beñatek. «Gainera, erdi ezkutuko esaldi batzuek indar hartzen dute musikarekin».
Musika Skakeitan Donostiako taldeak egin du, Ze esatek! eta Esne Beltzaren laguntzaz. «Gure estiloko kanta nahi genuen, dantzagarria eta festetarako aproposa», diote Skakeitan taldekoek.
Musika egitarau oparoa
Donostiako Aste Nagusian, Piraten gunean, La Flamencan, egunero izango dira kontzertuak. Alde batetik, DJ gunea izango da, eta DJek parte hartuko dute, egunero. Bestetik, Donostiako taldeei lekua eman nahi izan diete. Horrela, egitarau zabala prestatu dute: abuztuaren 11n, 3 Gabe 2; 12an, Trakets; 13an, Ze Esatek! eta The Real Mckenzies; 14an, Skakeitan eta Bad Manners; 15ean, Exaixu eta Tximeleta; 16an, Donostiako Piraten Musika Lehiaketako talde hautatuak: On, Margot eta Tacumah Reggae Band; 17an, Xalbala; eta, 18an, Obrint Past eta Governors izango dira.
Musikarekin ospatuko dute Donostiako Piratek X. urteurrena
Abesti bat egin dute urteurrenaren harira, eta Aste Nagusian kontzertuak antolatuko dituzte egunero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu