Asteburuko proposamenak

Musikaren bueltan, dantzan

Urdiñarbe. 'Musikaren Eguna' izena badu ere, ez da egun bakar bateko festa, ezta musika soilik ere; eskaintza zabala da

Giro ona izaten da urtero Urdiñarberko plazan Musikaren Egunean. Argazkian, duela hiru urte egin zuten ekitaldia. GAIZKA IROZ.
jon eskudero
2013ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Kultura guztien festa musikan bat eginda; horixe da Musikaren Eguna jaialdiaren funtsa. Bada, Urdiñarbeko (Zuberoa) Bil Xokoa elkarteak antolaturik, beste behin ere ez da musikarik eta bestelakorik faltako herriko txokoetan. Bihartik igandera bitarte egingo dute jaialdia, eta kontzertuak, film emanaldiak eta eztabaida saioak egongo dira, besteak beste. Kulturen arteko trukea garatzea da jaialdiaren helburu nagusietako bat, eta kultura gutxituek leku berezia izango dute aurten ere.

Bihar abiatuko da jaia Xistera ostatuan, 21:00etan. Aitzineko aldi batean hasi ziren ostiralean antzerkia eta herri kantuak uztartzen toki horretan, eta aurten ere han hasiko dute egitaraua. Lehenbizi antzerkiaz gozatzeko aukera izango da, eta ondoren Kolonbia mendialdeko soinu egileak izango dira protagonista. Amaitzeko, Xiberotarrak kolektiboak hartuko du lekua, Kauter Zinfoniaren doinuekin. Sarrera hamar euro ordaindu beharko da.

Larunbatean, dantzaren egunean, musika doinuak gauerako utzita, hitzak hartuko du lekua; goizean eta eguerdian, batez ere. Hasteko, erakusketa bat irekiko dute, eta, ondoren, hitzaldiak izango dira nagusi. Lehengo maskaradetatik oraingoetara izenpean, hitzaldi interesgarria izango da goizeko hamarretan. Arratsaldeko hiruretan, berriz, beste hitzaldi bat izango da: Dantza egun... eta bihar? Gaueko bederatzietatik aurrera, bai, kontzertuak nahi adina izango dira.

Igandea, egun handiena

Eztarriak eta giroa berotuta, igandea izango da Musikaren Eguna, eta ekitaldi ugari daude prest, egun osoko festa izanen baita. Goizeko hamar eta erdietan hasiko da, dantzari zuberotarrekin. Herri kirolek ere izango dute euren lekua. Segalariak, harri-jasotzaileak zein aizkolariak ez dira faltako. Ezpela taldea eta B Band txaranga herriko kaleetan ibiliko dira giroa alaitzen. Bazkaldu aurretik, berriz, koplakariak izango dira protagonista.

Eguerdi partean, bazkaria izango da, herriko ikastolak zerbitzaturik. Bazkalostean, kantuak eta umorea ez dira faltako. Ondoren, kontzertuak ikusteko eta entzuteko aukera izango da. Oholtza gainean egongo dira, besteak beste, Piurek, Petti, Zezenaren taldea, Holako, Briganthya eta 1 Bruit Kikour taldeak. Ongi pasatzeko aukera izango da.

MUSIKAREN EGUNA

Zer. Musika, kantua, antzerkia, bertsoa, dantza, hitzaldiak...

Non. Urdiñarben (Zuberoa).

Noiz. Bihartik igandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.