Langile publikoez hitz egitean, zer etortzen da burura? Lehenik, akaso, administrazio publikoko administrariak. Gehixeago pentsatzen jarrita, noski, eskola publikoetako irakasleak ere bai, osasun sistema publikoko langileak eta udaletako gizarte langileak. Eta baita kale garbitzaileak ere, suhiltzaileak, administraziora deitu eta telefonoaren beste aldean daudenak... Eta musikariak? Musikari asko-asko ere badira langile publikoak, nahiz eta izaera hori maiz oharkabean pasatzen den.
«Administrazioak zerbitzuz hornitu behar du gizartea, eta mendez mende eskaini du gure zerbitzua. Botere politikoak musika ere hornitzen dio gizarteari, gure bidez». Aitor Arozenaren hitzak dira, Donostiako Udaleko Txistulari Bandako zuzendariarenak. Izan ere, musika bandak Euskal Herriko hiri eta herri ugaritako idiosinkrasiaren parte dira, aspaldi-aspalditik: musika banda sinfonikoak, txistulari bandak, gaiteroen bandak, dultzaineroenak, albokarienak... Haietako asko, erakunde publikoek zuzenean edo zeharka bultzatuak eta finantzatuak. Zerbitzari publikoak dira, alegia: musika zerbitzatzen diete herritarrei.
«Tradizio luzea dago. Musika bandak ez ziren sortu XIX. mendearen bigarren erditik aurrera arte, baina Donostian, adibidez, udalak XVI. mendetik kontratatu ditu txistulariak; XVIII. mendetik izan ziren udal txistulariak», azaldu du Arozenak. Txistulari bandaren osaera aldatu egin da garaiz garai; gaur egun, hamar kidek osatzen dute. Gipuzkoako hiriburuan guztiz errotuta daude txistulariak, eta haiena da udal banda bakarra. «Udal musika banda ez izatea gabezia bat da».

Bilbon, berriz, badute udal musika banda. «Hiriko musika talderik zaharrena da: 130 urte dauzka. Nire ustez, oso leku idiosinkratikoa dauka hiriko kultura musikalean, banda profesionala denez lehen mailako musika eta kultur eskaintza izan dezakeelako», uste du orain arte haren zuzendaria izan den Jose Vilaplanak.
Iruñeko banden mapa ere bete-betea da: Iruñeko Udalak diruz babesten ditu gaiteroen banda, txistularien banda, La Pamplonesa musika banda eta Duguna dantza taldea. Hori bai, haietako kideak ez dira langile publikoak zuzen-zuzenean. «Iruñeko Udalarekin kontratu publiko bat du Iruñeko gaiteroen bandak. Hiru kidek osatzen dugu taldea, baina ez gara hortik bizi», azaldu du Martin Ariztimuñok, Iruñeko Gaiteroen Bandako kideak.
Erro sakonak
1940ko hamarkadatik dute gaiteroen udal banda Iruñean. Euskal Herrian gaiteroen erroak sakonak direla nabarmendu du Ariztimuñok: «Arabako Errioxan badago, Bizkaian eta Gipuzkoan beti egon dira dultzaineroak, txanbelariak Zuberoan… Eta, noski, Lizarrako larrain dantza bihurtu da akaso Euskal Herriko dantza nazionala. Larrain dantza gaitarekin jotzen da, eta beste dantza asko ditu: Otsagabian, Kortesen, Eltziegon, erraldoietan…».
Banda horien tradizio luzerik gabe ezin da ulertu 1937an erbesteko Eusko Jaurlaritzak Eresoinka musika eta dantza taldea sortu izana, 1936ko gerraren ondorioz Euskal Herrian bizi zen egoera latza munduari kontatzeko. «Euskadiko Orkestra sortu zenean, Eresoinkaren jarraipen bat izan zen: Eresoinkaren espirituaren jarraipen bat, munduan eta Euskal Herrian euskal kultura, euskal konpositoreak eta gure lurrean dagoen kultura musikala erakusteko», azaldu du Jose Ignazio Usabiagak, Euskadiko Orkestrako zuzendari teknikoak.

Izan ere, Euskadiko Orkestra Eusko Jaurlaritzaren menpekoa da, eta hango musikariak, langile publikoak. «Orkestra ibiltari bat» dela nabarmendu du Usabiagak: «Euskal Herriko orkestra da, ez hiri batekoa. Gure saiakera da euskal musika, euskal kultura eta nazioarteko musika zabaltzea Euskal Herri osoan. Horregatik dauzkagu denboraldi sinfonikoak Hegoaldeko lau hiriburuetan, eta horregatik izaten ditugu kontzertuak Iparraldean. Zerbitzari publiko bezala, kontzertuak eman behar ditugu hiriburuetan eta nazioartean, baina herri txikietan eta plazetan ere bai. Klasikotik hasita gaur egungo musikaraino dauden mendeetako musika guztia lantzea gustatzen zaigu, eta publikoak gozatzea».
Igandero gozatu ohi du publikoak Donostian ere, txistularien betiko saioarekin. «Gure betebehar nagusia igandeko lana da. Igande goizean goiz deia jotzen dugu; tradizio oso luzea daukan ohitura bat da. Alde Zaharrean eta Erdialdean barrena jotzen dugu, 09:00etatik 10:00etara. Liburutegiko arkupeetan kontzertua egiten dugu 12:30etik 13:00etara», esan du Arozenak. Udalak behar dituen protokoloko ekitaldietako musika horniketa ere haien esku dago: sansebastianetako Urrezko Danborraren ekitaldia, Eusko Jaurlaritzaren lehen bilera Miramarren... Auzoetako festetan ere izaten dira, noski.
«Gure lana ere bada heraldo lana egitea. Garai batean prozesioen aurretik joaten ginen, eta norbait badatorrela agertzen dugu orain ere. Norbait, maiuskulaz. Izan daiteke agintari bat, erregea, gonbidatu berezi bat edo Momo. Gauza solemneetan laguntzen dugu, eta hain solemneak ez direnetan», azaldu du. Gaineratu du Donostiako Udalak ondo gorde eta zaindu dituela protokolozko ekitaldiak: «Agian ondare immaterial izendatzeko adina entitate badu horrek, eta agian bultzatu behar dugu hori. Donostian eutsi zaio tradizioari; udalak ikusten du baduela balioa, eta hori zaintzen ari gara».
Besoen basoa
Erraldoien inguruan, dantzaldietan, prozesioan, dianetan... denean aritzen dira, berriz, Iruñeko gaiteroak. Une bereziena zein da? Ezin da bazter utzi, inolaz ere, sanferminetako txupinazoa. «Txupinazoan, eskuen baso batean sartuta egoten gara. Sarrerarekin hasten da, eta beso guztiak gora, ez duzu deus ikusten: eskuak bakarrik. Esku horiek saltoka hasten dira, musikarekin batera. Eder-ederra da, sinesgaitza!», esan du Ariztimuñok.
Zaren lekukoa zarela sentitzeak duen garrantzia nabarmendu du Ariztimuñok, eta horretan bandek daukaten rola: «Giroa, bestak, lagunekiko harremana bestetan, zure herriko musikariekin… Komunitatea eraikitzeko modu bat da, argi dago».

Hori bera ere kontuan hartzen da musika banden atzeko lanean, kontzertuak programatu eta planifikatzen dituztenean, Vilaplanak azaldu duenez: «Askotan esaten da, programatzen ari garenean: ‘Jendea ez dago musika horretara ohituta’. Ez da guztiz egia. Ez badu entzuten, ez da inoiz ohituko. Publikoari kalitatea ematea da gakoa».
Hala ere, musikaren mundua maskulinizatuta dago oraindik: andreak baino gehiago dira gizonak. Parekidetasuna lortze aldera ematen ari dira pausoak, ordea. Euskadiko Orkestran izan dituzte emaitzak, Usabiagaren esanetan: «Garai batean orkestraren heren bat ziren andreak; gaur egun, parekidetasunetik gertu gaude».