Udako seriea. Erdi Aroko gazteluak (eta VII)

Nafarroa Behereko gaztelu galduak

Gaztelu izeneko muinoan daude Rocaforteko gazteluaren aurriak, baita Arberoa eskualdearen gaineko ikuspegi bikaina ere. Urrunetik ikusi beharra dago, muino osoa naturagune gisa babestuta baitago. Izturitzeko eta Otsozelaiko leizeetan, ordea, sar daiteke.

Rocaforteko gazteluaren barnealdea. ANTTON ARRIETA
Rocaforteko gazteluaren barnealdea. ANTTON ARRIETA
Izturitze
2026ko irailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

XII. mendea gatazka aroa izan zen Nafarroa Beherean. Luzaroan tokiko handikien esku egon ondoren, lurraldea bi potentzia handiren arteko muga bilakatu zen. Alde batetik, Akitaniako dukerria zegoen, Alienor dukesa Henrike II.a errege ingelesarekin ezkondu ondoren erresuma boteretsu horren babesean gelditu zena. Haien seme Rikardo I.a Lehoibihotza ezagunak euskaldunen matxinada bati aurre egin behar izan zion 1177an eta, horren harira, Garaziko bortuen magalean zegoen Sancti Petri gotorlekua suntsitu zuen; haren aurriak Donazaharreko herrigunean bertan daude, eta Kaskomendi izena dute gaur egun.

Beste aldetik, Nafarroako erresuma ere lurralde horiek eskuratzeko lehian sartu zen. 1191n, Rikardo I.a Berengela printzesa nafarrarekin ezkondu zen, eta, dote moduan, Garaziko ibarraren jabetza eman zion haren aita Antso VI.a Jakitunari. Susana Herreros historialariak ikertu duenez, 1196 eta 1204 artean inguruko beste hainbat ibarretako zenbait handiki ere Iruñearen menpera lerratu ziren: Baigorri, Ortzaize, Arberoa, Oztibarre eta Amikuze. Horrela eratu zen Nafarroa Beherea izaera propioa zeukan lurralde gisa.

Rocaforteko gazteluaren aurriak. ANTTON ARRIETA
Rocaforteko gazteluaren aurriak. ANTTON ARRIETA

Lurraldearen kontrola segurtatzeko, Nafarroako erregeek hainbat gaztelu eraiki edo egokitu zituzten XIII. eta XIV. mendeetan zehar; Nafarroako Kontuen Ganberaren garai hartako dokumentuetan xehe-xehe ageri da lan horien guztien berri. Donazaharreko gaztelua suntsituta, Donibane Garazi bilakatu zen eskualdeko gotorleku nagusia, baina ez bakarra. Haren inguruan beste hainbat ageri dira: Mondarrain eta Amaiur, hurrenez hurren Lapurdiko eta Baztango sarbideak zaintzen zituztenak; Amikuze ibarrean Garrüze, gaur egungo herriko etxea dagoen toki berean; Rocabruna, egungo Gaztelharri mendian (Gamarthe), Garazi eta Oztibarre arteko pasabidearen gainean; eta Rocaforteko gaztelua (Izturitze), Arberoaren zaindari. Azken hori du hizpide erreportaje honek.

Geruzak

Izturitze eta Donamartiri herrien erdibidean dago Gaztelu izeneko muinoa (213 m). Lurpean gordeta daukan altxorragatik da bereziki ezaguna; haren barrunbeetan daude, Arberoa errekak kareharrian zulatuta, Izturitzeko, Otsozelaiko eta Erberuako harpeak, duela 82.000 urte neandertalek eta, gero Homo sapiens espezieko gizakiek okupatu zituztenak —Euskal Herri osoko aztarnategi arkeologikorik garrantzitsuenetakoa dira, hain zuzen ere—. Okupazio horiek erromatar garairaino ere hedatu ziren, orduko txanponak eta ontzi zatiak agertu baitira.

Harpeekin alderatuta, askoz ere arreta apalagoa jaso du muinoaren gailurreko gazteluak. Aipamenik zaharrena 1249koa da, dokumentu zinez interesgarri bat da gainera. XII. mende bukaeran eta XIII. hasieran hainbat istilu izan zen Nafarroako eta Ingalaterrako erresumen artean, Nafarroa Beherea nork kontrolatuko. Giroa baretuta, bi aldeek jasandako kalteen zerrenda egin zuten, trukean kalte ordainak eskatzeko. Dokumentua lau hizkuntzatan idatzita dago: latinez, Nafarroako erromantzez, okzitanieraz eta frantsesez. Ricardo Zierbide historialariak itzuli eta aztertu zuen, eta, beste aipamen batzuen artean, honako hau aurkitu zuen: «Arnalt Santz d’Ustubil e Per Arnalt d’Arriaga mataron al alcait del castieillo de Rocafort cum otro peon». Hots, Arnalt Sanz Ustubil eta Per Arnalt Arriaga lapurtarrek Rocaforteko gazteluzaina eta beste lagun bat hil zituztela, Nafarroako erregeren zerbitzupean zirela. Toponimoak berak erakusten du plazaren izaera estrategikoa, ròca eta fort hitz gaskoiek osatuta baitago; «arroka [edo gotorleku] gotorra», alegia.

Kokapenak azaltzen du, neurri handi batean, izaera estrategiko hori. Alde batetik, Donamartirin barna zihoan bidea zaintzen zuen, Arberoa eta Irisarri lotzen zituena, handik gero Ortzaizera nahiz Garazira joateko; eta, bertatik Ibañetako lepoan zehar, erresumaren bihotzera. Bestetik, Aturriren haranetik zetozen bideak ere zaintzen zituen, urrutira iristen zen ikuspegi zabalari esker. Hala, 1291n Pedro Arnalt Sant Pe ageri da, Rocaforteko gazteluzain ez ezik, baita Naupeciada izeneko dorretxearen zaindari modura ere. Azken hori Nafarroako erregeek eraiki zuten, 1283an, Aran ibaiaren ertzean, Aturritik bertaraino nabigatzen zuten merkatari baionarrei babesa eskaintzeko. Handik urte batzuetara, 1312an, Bastida hirigune berria fundatu zuten toki berean, merkataritza fluxu horiek egonkortzeko.

Landarediak hartu ditu Rocaforteko gazteluren aurriak. ANTTON ARRIETA
Landarediak hartu ditu Rocaforteko gazteluAren aurriak. ANTTON ARRIETA

Gauzak horrela, ez da harrigarria ondorengo mendeetan koroak etengabeko inbertsioak egin izana Rocafort egoera onean mantentzeko. 1327ko azaroan, adibidez, Arnalt izeneko obra maisua Nafarroa Behereko errege gazteluak bisitatzen aritu zen bi zurginekin batera, egin beharreko konponketak ikuskatzeko. Amaiurren hasi zuten ibilbidea, handik Mondarrain bisitatu zuten, eta, gero, egun bakarrean, Rocafort eta Rocabruna; Donibane Garazin akitu zuten lana. 1413koa da beste adibide bat. Urte horretan, Karlos III.a erregeak Nafarroa Behereko gaztelu guztiak konpontzeko agindua eman zuen, Gaskoinia etengabeko gerran murgilduta zegoela ikusita. Rocaforteko gazteluari dagokionez, lanak Donoztiriko Pedro Etxebertze zurginari egokitu zitzaizkion, eta Arberoa osoko herritarrek ordaindu behar izan zituzten.

Herri xehearen bizkar zihoan Rocaforteko gazteluzainen (eta haien garnizioen) mantenua ere. Gazteluzain horietako hiruren izenak aurki daitezke Iruñeko Kontuen Ganberako erregistroetan: Joan Sault, 1360an; Bertrucat Labritekoa, 1379an; eta Joan Biarnokoa, 1384an. Eskualde mailako handikiak ziren guztiak, noblezia feudalaren oinordekoak. Nafarroako erregeek haien esku uzten zuten plazaren gobernua, Arberoako laborarien errentak eta hamarrenak biltzeko eskumenaren truke.

Hori guztia iragana da, baina. Rocafort gazteluaren aztarnak ezin dira bertatik bertara bisitatu, gaztelu muino osoa basoz estalita eta naturagune gisa babestuta dagoelako. Urrunetik begira dakioke, Arberoako herri-bide dotoreetan ibilalditxoa eginda, garai bateko dorrea nolakoa izan ote zitekeen irudikatuz. Jatorrizko dorre biribilaren zati bat oraindik zutik omen den arren, Interneten edo liburuetan ere nekez aurki daiteke haren irudirik.

Orain arteko ikerketa arkeologiko bakarra 1990eko hamarkadan egin zuen Christian Normandek. Dorrearen eta inguruko egituren planoak marraztu ez ezik, Erdi Aroko zenbait objektu ere aurkitu zituen, tartean balezta baten piezak —bertan egonkortuta egon zen garnizioak utziak, noski— eta zeramikazko ontzi zatiak. Material berrienek XV. mende inguruko datazioa dutenez, orduan gaztelua abandonatuta gelditu zela ondorioztatu dute ikerlariek.

Beste Rocaforte bat

Gaztelu horrek badu beste berezitasun bat: Pirinioen bertze aldean ahizpa bikia izatea, hain zuzen ere. Aragoi ibaiaren ertzeraino joan beharra dago, Zangozara. Hiri horren alde zaharra aski ezaguna da, 1122an forua jaso ondoren garatutako urbanismo planifikatuari eta eliza erromanikoei esker. Jende gutxiagok daki jatorrizko «Zangoza Zaharra» ibaiaren beste aldean egon zela, gaur egun Rocaforte esaten zaion arren.

Herri txikia da, 528 metroko muino baten inguruan egokitua. Tradizioaren arabera, bertan jaio zen Iruñeko lehen erregea, Antso I.a, 875. urte inguruan. Garai hartako iturri arabiarrek Baskunsa izeneko hiria aipatzen dute inguru horretan, Abderraman III.ak 924an suntsitu zukeena; baina, dirudienez, bizkor berreraiki zuten, eta X. mende bukaeran Antso II.ak bertan bildu zituen bere tropak, Oibar konkistatzera abiatu zenean. Gero, XI. mendean, erresumako tenentzia nagusietakoa bilakatu zen Zangoza Zaharra, baina XII.ean hirigune berria sortzean garrantzia galdu zuen.

Muinoaren gailurrean zegokeen gaztelua, eta 2023az geroztik arkeologo talde bat indusketak egiten ari da toki horretan, Iosu Barragan zuzendari duela. Lanek emaitza harrigarriak eman dituzte dagoeneko: hainbat fasetan eraikitako gotorlekuaren arrastoak agertu dira, baita harresien, kaleen eta ur biltegien aztarnak ere.

Rocaforte izenari dagokionez, 1430ean agertzen da lehen aldiz aipatuta. Aitor Pescador historialariak badu hipotesi bat: urte horretan, Nafarroako Zuria I.a erreginak bisitatu zuen gotorlekua, eta, agian, Nafarroa Behereko bere jabetzak gogoratuko zizkion. Ez dago aldaketa erreginak sustatu izanaren froga dokumentalik, baina argi dago izen gaskoi hori ez ziotela eskualdeko laborariek eman gazteluari. Horra izen batek nola lot litzakeen Pirinioen bi aldeetako gazteluak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA