ATZEKOZ AURRERA

Nafarroa herri, berriz ere

Bi urteko etenetik landa, Euskal Herri osoko nafarrek ez dute topaketa huts egin: jendez mukuru bete dira Baigorriko plaza eta karrikak. Gurutzatzearen bozkarioa sentitu da.

Iruñeko Duguna dantza taldeak goizean emandako ikusgarria. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Baigorri
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Aita ikusi dut pasatzen.Buruan lumak zituena da», erran dio Milak Uxue ahizpari eta amatxiri, Anhauzeko (Nafarroa Beherea) Basaldunen desfileari fier so eginez. Karrika jendez brokatua da.«To! Aspaldikoa!», aditzen da urrats bakoitzeko.

Baigorriko Nafarroaren Egunak bi urte zituen ospatu gabe. Ezagun da jendearen poza eta beharra berriz elkar gurutzatzekoa. «Zertan?», galdetu dio urteak ikusi gabeko lagun batek bertzeari. Elkarren berri hartzen ari zirela, Basaldunek inguratu dituzte: «Hau da Nafarroaren Egunaren laburpena! Magikoa da!», bota du irriz Aurelie Poussetek ezinago alai, basapizti bipedoen mugimenduari begiez jarraiki. 06:00etan jaiki da urteroko hitzordurat tanko heltzeko. Aitortu du bazuela honen beharra, besoak altxatu eta eskuak zabal astinduz.

Gaineko plazarat heltzen ari da musika, dantza eta ziganteen desfilea. Erraldoi ipotxak ere badira: Nafarroako erregina eta erregea, eta moroenak, Zangozan (Nafarroa) ekoiztu dituzte. Baigorriko 6-8 urteko haurrak dira eramaile herabeak, oraino menturatu gabe jende aitzinerat agertzen. Segida segurtatua da, beraz.

Eliza aitzineko merkatuan, BERRIAk badu bere mahaia; oparitzen du BERRIA eta Iparraldeko Hitzaegun, ale bat besapean badabil hainbat lagun. Gainera, zozketa antolatua du, Manexenia hotelean bi gau eta apairuak irabazteko parada eskainiz. Herri Urrats, Euskal Herrian Euskaraz, Argia, Maiatz... Euskarak biltzen du egun jendea.

Euskarazko besta

Euskarazko bestaren bila jina da Mikel Uharte Larraungo (Nafarroa) auzapeza, Maddi eta Olaia alabekin, eta «plan librea» eginen dute: «Maddik bazuen euskal giro honen beharra. Joan den egunean reggaetoiarekin bukatu zen besta bat, etxera itzuli behar izan zuen, lekuz kanpo sentitu baita». Gehitu du euskal nafar gisa datozela, «mugaz bi aldetako Nafarroara, oso aspalditik».

Oiloak artoari lotzen zaizkien bezala, tanpez inguratu da jende parrasta pilota plazarat, Iruñeko Duguna dantza taldearen ikusgarriak erakarririk. «Oooooo!», hasi dira ikusleak, Kataluniako castellsa muntatu baitute, «barnetik, gainera», erran du batek, «are zailagoa da!». Harrituak eta eskerturik txaloka hasi dira.

Publikoaren aldi da orain, larrain dantza enblematikoa ezin hutsegina baita: «Unerik ederrena da, nahasten baitira denak. Denok egiten dugu: xuxen edo gaizki. Lehen aldia da ez dudala egiten, kolpatua bainaiz», dolu du Annie Costera baigorriarrak. Eguna E kolosalaz idatziko luke Costerak: «Indartzen gaituen eguna da, eta euskara ere, eta oraindik ere bada borrokatzeko beharra, eta izanen da».

Koldobike eta Karmeleren irrintzinek irria ekarri dute, usaia handiari oraindik ohikotasunaren usain handiagoa lotuz.

Oihana Bidart Basaizea elkarte antolatzaileko kideetako batek zapi karrakaria du lepo inguruan, edozein motako erasorik pairatu duena beregana joateko gisan. Aurten, protokolo berezia martxan ezarri baitute lehentze. Arrunt satisfos da aurtengo aldiaz: «Izugarri ontsa joan da, aroa ere gure alde genuen. Izugarriko plazera da berriz hainbeste jende, dantzari, artista ikustea; umore onez eta besta giroan, ongi pasatzera. Jendea ere hurbildu da andana bat. Balorazio izugarri ona egiten dugu».

Basaizeak eman du bere Basa hitza: Covid-19a estakuru gisa hartuz, Nafarroa bitan zatitu zutela, eta salatu du ere Baigorrik pairatu duen presentzia militarra, bai ere egungo arazoak: etxebizitzaren prezio gorakada, turismoaren emendatzea, aldarrikatuz herrian bizitzeko eskubidea eta euskaraz. Bidartek erran du: «Ez dezagun gure kultura hiltzen utz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.