Asteburuko proposamenak

Nafarroako Erresuma gogoratuz

Martzilla. Babaren Errege izendatzeko ospakizuna egingo dute etzi; egun osorako egitaraua antolatu dute

Araitz Muguruza.
2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sergio Aierra Martzillako mutiko izendatuko dute, aurtengo Babaren Errege (Nafarroa). Etzi egingo da ekitaldia, San Bartolome elizan. Horren aitzakian, egun osoko ospakizuna egingo dute.

Izendatzea 19:00etan egingo den arren, eguerditik nabarituko da jai giroa herrian. Hala, pregoia irakurriko dute Martzillako gazteluan, 12:00etan. Horren ondoren, Muthiko Alaiak taldeko dantzariak kalejiran ariko dira, erraldoien laguntzaz. Arratsaldean, hautagaiak eta ekitaldian parte hartuko duten gainerako lagunek desfilea egingo dute Martzillako gaztelutik elizara; 18:30ean hasiko da.

Desfilea 19:00etan iritsiko da San Bartolome elizara. Herritarrak ere bertaratu ahal izango dira kororatzea bertatik bertara ikusteko, eta, bide batez, errege berriari babesa emateko. XIII. mendean agintean izan zen Teobaldo erregearen garaian egiten zuten ekitaldia, eta orduko modu berean egingo dute kororatze ekitaldia. Han egingo du errege berriak foruen zina, eta erregearen kapa, koroa eta ezpata jasoko ditu.

Herriz herriko izendatzea

Urteetan tradizioa etenda egon ondoren, berriz berreskuratu zuen Iruñeko Muthiko Alaiak taldeak, 1964an. Geroztik, Nafarroan zehar hainbat herritan izendatu dituzte Babaren Erregeak.

Zozketa bitxi baten bidez lortzen dute erregetzarako hautagaitza. Hamabi lagunentzako askaria egin zuten azaroaren 30ean; bakoitzak opil zati bana aukeratu, eta baba zeukan zatiaren jabea izan zen Aierra. Hark izango du egun batez Nafarroako Errege izateko ohorea.

BABAREN ERREGEA

Non. Martzillan.

Noiz. Etzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.