Malusa Barandiaran. Mediku erretiratua eta OEEko kidea

«Nafarroan ez da erraza mediku erdaldunen artean euskalduna izatea»

Barandiaranek azaldu du gaixotasunak direla-eta zaila dela jendearekin aritzea, baina baita aberasgarria ere. Osasungintza euskalduntzeko beharraz eta eutanasiaren alde mintzatu da.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Altsasu
2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Kanpoan elurra ari du, eta etxean goxo da sutondoaren ondoan. Aitatxi-amatxik egindako etxeko salan apaingarri anitz ditu Malusa Barandiaranek (Altsasu, Nafarroa, 1957). Familia mediku aritu da beti, erretiroa hartu duen arte. Denbora luzez Iruñeko Txantrea auzoan. Heriotza duina eta osasungintza euskalduna aldarrikatu izan ditu zenbait elkarteren bidez. «Akituta» bukatu du lan ibilbidea, baina orain lasai dago sorterrian.

Altsasun sortu zinen...

Justu hemen. Hau logela zen, eta ama hemen erditu zen.

Hau familiaren etxea zen?

Bai, aitona-amonek egindakoa, eta hemen bizi izan ginen Irunera [Gipuzkoa] bizitzera joan ginen arte. 11 urte nituen. Gero, Iruñera joan nintzen Opuseko unibertsitatean ikastera. Oso urte txarrak azken horiek.

Altsasuri lotuta jarraitu zenuen?

Asteburuero Altsasura etortzen ginen, aitak beheko tailerrean egiten zituelako etxeetako altzariak. Beti izan dut kuadrilla hemen.

Kintoak oso garrantzitsuak dira Altsasun. Orduko oroitzapen onak dituzu?

18-19 urterekin egiten zen. Kintoetan mutilek dantzatzen zuten zortzikoa. Neskok opil handi batzuk prestatzen genituen Santa Ageda egunez, eta apaintzen genuen gozokiekin eta xingolekin. Mutilek opilak saltzen zituzten gero haien bazkaria eta parranda ordaintzeko. Opilen bila etortzen ziren; etxe aurrean jota eta porrusalda dantzatzen zen, eta gu gonbidatzen gintuzten kafea hartzera. Hori zen gure parte hartze bakarra. Nesken eta mutilen arteko harremanak zailak ziren,; oso lotsatiak ginen. Ostatuan egoten ziren, sekulako giroa, eta gu isilik eta lotsati sartzen ginen, non eseri ez genekiela. Ogi puskak botatzen zizkiguten. Egun horretako oroitzapen onik ez dut, beraz.

Orain ez da horrela, ezta?

Ez, hori aldatu da. Altsasun garrantzitsua izan da kintoena, etorkin asko zegoelako ni gaztea nintzenean, eta uste dut hori kohesiorako lagungarria izan dela.

Euskara noiz ikasi zenuen?

Aitona-amonak euskaldunak ziren, baina ama ez. Gipuzkoara joatea zaila izan zen niretzat, baina ohartu nintzen bazegoela zerbait komuna. Aita gau eskolan hasi zen, gainera. Opusera joan nintzenean berehala ikusi nuen giro itogarri horretan ez nengoela ondo, ni ez nintzela hangoa. Beraz, euskara ikasten hasi nintzen Joan de Amenduzen. Gero desagertu zen. Campion kumea ere banaiz [Arturo Campion euskaltegia da], eta hilero afari bat egiten dugu oraindik ere.

Giro polita zen hori?

Orduan konturatu nintzen hangoa banintzela.

Zergatik erabaki zenuen medikuntza ikastea?

Pertsona batek esan zidan zientzietako karrerarik errazena medikuntza zela. Askorik pentsatu gabe sartu nintzen.

Erraza egin zitzaizun?

Oso zaila iruditu zitzaidan, eta lehenengo ikasturtea oso gogorra. Gainera hor ez nengoen ondo. Hirugarren ikasturtea errepikatu nuen, fisiologian ez bainuen ezer ulertzen. Ideologia murritzeko gizon harekin gaizki pasatu nuen.

Nolakoa zen giroa unibertsitate hartan?

Susto bat izan zen. Kanpoko jende asko etortzen zen, ospea zuelako. Lehenengo urteetan, tuntunei atxikitzen zitzaigun Opuseko neska bat gu bideratzeko; esaten zigun asteburua pasa genezakeela erlijio ateraldietan. Horrek Altsasura lotu ninduen, asteburuero etortzen nintzelako hona.

Unibertsitatea ez, baina medikuntza maite zenuen?

Seigarren ikasturteko matrikula egin behar nuenean, amildegiaren ertzean sentitu nintzen, beldurrez. Uste nuen ez nengoela prest, ez nekiela ezer. Ama ohartu zen, eta lagundu ninduen matrikula egitera. BAME [mediku egoiliar izateko azterketa] ateratzea ere kostatu zitzaidan. Ospitalean hasi nintzenean egoiliarrekin, giroa ezberdina zen. Denek konplexu dezente genituen, baina ikasteko gogo handia. Familia medikuaren espezialitatea aukeratu izanarekin gustura nago.

Txantrean luze egon zara, baina tokatu zaizu beste nonbaiten?

Oposizioa Euskal Autonomia Erkidegoan atera nuen, eta Beasainera joan nintzen [Gipuzkoa], seme zaharra jaio ondoren. Hiru hilabete egon nintzen, besterik ez, Madrilen oposizioak egin zirelako. Nafarroan oraindik ez zuten konpetentziarik. Lanpostua lortu, eta Lesakara joan nintzen [Nafarroa].

Landa eremuan ongi?

Lesakan oso gustura. Hor ausartu nintzen kontsultan euskaraz aritzera. Kontua da senarrak Iruñean egiten zuela lan, eta ni haurdun nintzela berriz; Iruñera joateko aukera suertatu zenean, joan egin nintzen. Hori gertatzen da herrietan; haien patua da mediku finko gutxi izatea. Txantreara joan, eta 30 urte eman ditut han.

Txantrean euskaraz artatzeko aukera eskaini duzu; zoriaren esku egoten da hori Iruñean. Nola bizi izan duzu egoera hori?

Triste. Ez da erraza Nafarroan euskalduna izatea eta mediku erdaldunen artean mediku euskalduna izatea. Gure lanbidearen gauza garrantzitsuenetako bat komunikazioa da, eta euskaldunekin euskaraz aritzeak asko errazten du hori.

«Zer nahiago duzu mediku ona edo euskalduna?» aditzen duzunean, zer sentitzen duzu?

Oximoron bat bezala planteatzen dute, baina ez da. Kasu honetan gaitasun handiagoa dugu, ez gutxiago! Paziente gisa ere tokatu zait, eta konfiantza handiagoa ematen du euskaldunak. Gorputza medikuaren eskuetan utzi behar duzu, eta sumatzen duzu lotura bat, hura ezagutu gabe ere.

Salatu izan duzu familia medikuen egoera prekarioa. Jende askok, aldiz, pribilegiatutzat zaituzte medikuak. Zer iruditzen zaizu jendeak hala pentsatzea?

Aukera izan dugu unibertsitatera joateko, lan bat izateko... Mundua orokorki ikusten badugu, ez gaude gaizki ordainduta, baina lan handia egin behar izan dugu, eta lan handia egiten dute medikuek. Lan gogorra da, eta jendearekin duzun harremana zaila da: gaixotasunarekiko harremana, artatzea... Sufrimendua dago tartean. Gainera, mundu zail honetan. Kanpoko jendea etortzen da, eta kontatzen dizu buruko minez dagoela; nola ez du ba izango, gela batean bizi bada, bakarrik, seme-alabak Amerikan edo Afrikan utzita, eta jakin gabe ea hurrengo hilabetean lanik izango duen? Ez sufritzeko hesi bat jarri behar duzu, baina gizakiak gara.

Hasieran gehiago eragiten zizun pazienteen egoerak?

Bai, ospitaleko lehen hilabetean, egoiliar, barneko medikuntza zerbitzura joan nintzen, eta beti nengoen penaz eta hunkituta. Medikuak esan zidan gizarte langile izan behar nuela, ez mediku.

Nola esaten zaizkio berri txarrak jendeari?

Gure espezialitatean konfiantza nahitaezkoa da, eta uste dut lortu dudala konfiantza horri eusten. Zalantzak egoten dira diagnostikoetan-eta, beti geratzen da pixka bat irekia, eta saiatzen naiz hori leunki edo alde baikorretik ematen. Diagnostiko zailak direnean, ezin da abaniko osoa zabaldu: «Hau dago, baina pixkana ikusiko dugu». Abaniko bat baino gehiago, mendi bat da: pausoz pauso eta mailaz maila joan behar dugu. Hala ere, seguru batzuek pentsatuko dutela nik enpatia gutxi izan nuela haiekin. Lan handiko urteak pasatu ditugu, eta nik ere nire akatsak izan ditut.

Zer harreman dute pazienteek gaixotasunekin?

Osasun zerbitzuen esku ez dago norberaren osasuna: saiatu behar dugu gure ohiturak eta geure burua zaintzen. Garrantzitsua da baikor bizitzea. Lotsa ematen dit hori esatea, nola esango diot kalean bizi denari baikor bizi behar dela? Baina kontsultan ikusi dut batzuek eta besteek oso ezberdin onartzen dituztela gaixotasunak, eta ondo eramaten zutenei hobeto joaten zitzaien gero. Egia da zaila dela onartzea gaixotu behar garela.

Ardura handia zen, zure kontsultan artatzen zenuen jendearen osasuna zegoen jokoan. Nola moldatzen zinen horrekin?

Oso garrantzitsua da lankideekin zalantzak partekatzea. Kontua da eguneroko martxan ez duzula denbora aski horretarako. Hasieran, oso gazte nintzenean, ez nintzen ausartzen esatera zalantzak nituela, uste nuen dena jakin behar nuela. Denborarekin ikasi dut zalantzak izatea normala dela.

Lanbide honek zer eman dizu?

Jendearen harremanarekin gelditzen naiz; asko ikasi dut. Kontsultan, irekitzen den liburu bat da pazientea: gauza asko azaltzen dizkizu, eta ikusten duzu nolakoak diren barrutik. Aurreiritziak baztertzen ere laguntzen du.

Duintasunez Hiltzeko Elkarteko kidea zara. Zerk eraman zintuen elkarteko kide izatera?

Amarengatik sartu nintzen. Amak alzheimerra izan zuen, eta oso gaizki pasatu genuen. Amak esaten zidan pastilla bat emateko. Zergatik sufritu behar dugu nahi ez badugu? Bizitza ez da derrigorrezkoa. Bitartekoak izanik, zergatik ez diogu lagunduko norbaiti bere bizitzari amaiera ematen?

Izan duzu horrelako kasurik mediku lanean?

Bai, eta pozik nago nire laneko azken urtean eutanasia kasu batean parte hartu nuelako. Sufritu nuen, urduri jarri nintzen, baina pertsona horrek gaixotasun oso larria zuen; ez zuen gehiago sufritu nahi, eta ederra izan zen horretan laguntzeko aukera izatea.

Osasungintza Euskalduntzeko Erakundea sortu zen 1990ean. Noiztik zara kide?

Duela 30 urte egin genituen lehenengo jardunaldiak, Iruñean. Arantxa Zabala erizain eta kazetariak aipatu zigun OEE, eta bera bazkide zela. Interesgarria iruditu zitzaigun, eta bazkide egin ginen. Ilusioa handia pizten zuen.

Zergatik?

Sinesten genuelako bide horretatik jo behar genuela. Zoritxarrez, jende gutxi gara, eta adinekoak. Osasun langile eta euskaldun izatea baino ez da behar sartzeko. Jardunaldiak lau urtean behin egiten dira [Hegoaldeko] herrialde bakoitzean.

Askotariko gaiak landu dituzue.

Oso gauza interesgarriak egin ditugu. Zientziaren alorreko gauza asko ikasi ditut, beste zientzia jardunaldietan ez zeuden gauzak, gai batzuetan aitzindari izan garelako. Generoari lotutako gaiak, adibidez, lehenengo aldiz jardunaldi horietan entzun nituen.

Jardunaldiak prestatzeaz gainera, baduzue bestelako lanik?

Duela 15 urte-edo hasi ginen saio kliniko batzuk egiten. Osasun etxeetan egiten dira halakoak: batek gai bat prestatzen du, eta besteei azaltzen die. Baina ez genuen indarrik, eta utzi genuen.

Denbora luze aritu zara familia mediku. Zer eboluzio izan du?

Lehen, historia klinikoetan idazten genuen. Ordenagailuek informazio asko eman digute, eta hori behar duzu, kontsultak motzak direlako. Baina denbora behar da, eta hori ez dugu. Diagnostikorako proba gehiago eskatzeko aukera izan genuen; gaixotasun gehiagoz arduratu behar genuen: antikoagulazioa, aurikula fibrilazioa... Eta pozik geunden, gai ginelako hori egiteko, baina ez genuen denbora gehiagorik. Gainera, ordezkorik ez dago, eta gure kontsultaz gain, beste baten zati bat egin behar dugu. Duela 30 urte kongresu batean entzun nuen oinarrizko osasun laguntza ari zela arrakastaz hiltzen, eta hala ari da. Aldaketa estrukturalak eta funtzionalak behar dira.

Pandemia ere gogorra izan zen, ezta?

Hasieran beldurrez. Osasun etxean protokoloz protokolo ibili ginen, baina, ahal nuen bezala, zurrunbilotik urruntzen saiatu nintzen. Garbiketako lankide batek esan zigun: «Inoiz ez zaituztet ikusi horrenbesteko beldurrarekin». Gero konturatu nintzen zer baliagarria den gure lanbidea. Telefonoz aritzen ginen jendearekin, baina aurretik ezagutzen genituen, eta haiei buruzko informazio guztia aurrean izaten nuen. Baina urruntasuna ere sentitu nuen.

Jubilatzean esan zenuen nekaturik uzten zenuela. Zergatik?

Batez ere pozik bukatu nuen, baina behar nuen erretiroa: ordezkorik gabe; zureak ez ezik, besteen kontsultak ere egin behar... Egun oso txarrak pasatu ditut. Lanari asko ematen nion, eta akitua nengoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.