Aurten aldaketa nabarmena izango du Basaizeak antolatu aste kulturalak: Nafarroaren Egunak emango dio hasiera, apirilaren 24an. Egun hartan, Aberri Eguna ere ospatuko da Euskal Herrian; bi deialdi dira, bata Baigorrin eta bestea Gernikan. Horretarako, Basaizeak eguneko egitarauan tarte bat irekiko dio Independentistak sareari, aberri eguneko ekitaldia egin ahal izateko. Peio Joantorena Basaizea elkarteko kideak erabaki horren zergatiak azaldu ditu: «Urtero, Nafarroaren Eguna prestatu aitzin, gure herriaren egoeraz hitz egiten dugu; urtez urte gertatu zaigu bilan bera egitea, aitzina pauso handirik ez zelako egina izan». Azalpenekin segitu du: «ETA dela estakuru demokraziaren aplikatzeko, torturak, atxiloketak, euroaginduak...».
Aurten egoera politiko «berri batean» garela dio, eta Nafarroaren Eguna eta Aberri Eguna egun berean gertatzen direla, «keinu gisa». «Parada etorri zaigu aitzineko Nafarroaren Egunetan aldarrikatzen genuena gauzatzeko». Irizpide horietatik, beraz, bi egunak elkarrekin ospatzeko erabakia hartu dute. Haien hitzetan, «abertzaleen arteko batasun baten lehen seinaleak herriari eskaintzeko».
Festa horiek alderdietatik haratago ikusi nahi dituzte Basaizea taldeko kideek, haien ustez «ezin elkartuz militante xumeen lana errausten dutelako». Apirilaren 24rako, beraz, Independentistak sareak ekitaldia antolatuko du Baigorri herri ondoko pentze batean, Gaztainerreka izenekoan.
Aldaketatik gain, Nafarroaren Egunak egitarau oparoa izango du. Goizeko hamaiketan, Kabalkadak berotuko ditu herriko karrikak, erraldoi, dantzari,txistulari eta txarangekin. Ondotik, plaza nagusian emanaldia izango da Basaizearen hitzartzearekin, Karmeleren irrintzina eta urtero jende andana biltzen dituen dantzari eta larrain dantzarekin. Arratsalde hasieran, Aberri Eguneko ekitaldia izango da. Gero, ekitaldiko karpan Nahixan, Xutik eta Kiki Bordatxo taldeek kontzertua eginen dute. Bitartean, Ikastolaren bazkaria izango da herrian. Horretarako, lekuak fitexko erostea gomendatzen da, urte normaletan eginiko 1.200 bazkariak betetzen baitira. Aurten ere egitarau ederra izango da, beraz, Nafarroaren Eguna kari.
NAFARROAREN EGUNA
Zer. Kabalkada, ekitaldia, bazkaria eta dantzaldia.
Non. Baigorriko herri osoan.
Noiz. Igandean, 11:00etanhasita.
Asteburuko proposamenak
Nafarroaren Egunaren haizea
BaigorriAurten Basaizeak antolatu aste kulturalari Nafarroaren Egunak emango dio hasiera, apirilaren 24an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu