Eskala handiko txikien eguna da abuztuaren 7a Gasteizen. Txikien neurrira egindako egun handia. Eta Gasteizko kaleetan goizean goizetik nabaritu da haurrak direla eguneko protagonista nagusiak. Haientzako propio prestatutako egitaraua dago, eta hiriko edozein tokitan topa daitezke umeentzako jolasak eta ikuskizunak. Baina, urtero legez, Zeledon Txikiren eta Edurne Txikiren jaitsiera izan da ikusminik handiena berenganatu duen ekitaldia.
Egitaraua
Eñaut Saenz de Biterik eta Aiora Diazek irudikatu dituzte aurten bi pertsonaia ospetsuak. Diazek 12 urte ditu, eta Saenz de Biterik, berriz, 10. Zainetan dituzte festak. Los Alegrios kuadrillako partaidea da Diaz, eta Galtzagorrikoa Saenz de Biteri. Biek etxean ikasi eta jaso dute zer den blusak eta neskak izatea, baina inpresio apur bat eman die lehen agerraldi ofizialak. Telebista kamera eta argazkilari ugari daude, udal agintariak ere bertan dira, eta ikusle denak dituzte begira.
San Migel elizako eskailerak batera igo, eta agurra dantzatzeko prest jarri dira. Hilabeteak pasatu dituzte entseguak egiten, dantza behar bezala egiteko. Urduri daude, baina irribarre batekin disimulatu dute. Andre Maria Zuriaren irudiaren aurrean paratu, eta musika hasi orduko ekin diote mugimenduari. Dotore gainditu dute erronka.
«Ederki egin dute, inoiz baino hobeto dantzatu dira», esan du Eñaut Saenz de Biteriren aitak, harro. «Denbora luzea eman dute entseatzen, eta kosta egin zaie ikastea, baina gaur primeran dantzatu dira». Lanak eginda, badoaz ziztu bizian Edurne eta Zeledon Txiki, San Migeleko dorretik jaitsiera hasteko gero eta denbora gutxiago geratzen delako.Â
Hamabiak jo dute. Zzzzzziiizzz.... danba! Maider Etxebarria alkateak eta Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak suziria piztu dutenerako, beteta dago Andre Maria Zuriaren plaza. Ekin diote panpinek jaitsierari, jendetza Zeledonen kantaren doinuaren konpasean mugitu bitartean. Milaka besok, eskuk eta begik egin diete harrera.

Jende asko dago plazan, eguzkiak gogotik berotzen duen arren. Zerura begira daude guraso zein haur, saltoka, Edurne eta Zeledon Txikiren hegaldiari so. Iurre 7 urteko alabari eskutik heldu dio Miren amak: «Egun honetan ez dugu huts egiten. Polita da umeek jaietako erreferenteak izatea, belaunaldi erreleboa egon dadin». Jarek 3 urte ditu, Martinek 6 urte, eta lehen aldia dute plazan; aurpegietan sumatzen zaie ez dutela erraz ahaztuko esperientzia: «Azken urteetan kanpoan egon gara oporretan, eta ezin izan gara etorri, baina aurten Edurne eta Zeledon Txiki ikusteko gogoz ginen», kontatu du Iñigo aitak.
Panpinek plaza osorik zeharkatu dutenean, bi protagonistak atera dira balkoira, txalo artean. Aterkiak eskuetan hartu, eta saltoka doaz kontrako bidean. Aurten aterki bereziak eramateko pribilegioa dute, gainera: Miren Edurne Satalla artistak eskuz margotu diu guardasolak, Edurne eta Zeledon Txikiren izenekin.Â
Minutu eskas batzuk behar izan dituzte plaza zeharkatzeko. San Migeleko balkoira igo bezain laster, ura edan dute eztarria freskatzeko. Mikrofonoa hartuta, egunaz gozatzeko eta elkarrekin salto eta dantza egiteko gonbita egin diete bildutakoei, eta gogora ekarri dituzte zer edo zerengatik jaietan egon ezin diren haurrak. «Gora Gasteiz!», oihukatuta amaitu dute. Nagusiei erreleboa hartuta, egun handiaz gozatzeari ekin diete txikiek.Â
Â

Eñaut Saenz de Biteri eta Aiora Diaz: «Ume guztiak animatu nahi ditugu jaiez gozatzera»
Eñaut Saenz de Biteri eta Aiora Diaz pozik eta gogotsu daude aurten egokitu zaien ardurarekin. Jaio zirenetik daude biak Blusa eta Neska kuadrilletan, eta inoiz amestu zutena egia bilakatu da aurten: Zeledon Txiki eta Edurne Txiki dira. Urduri daudela aitortu dute.
Nola izan zineten aukeratuak?
SAENZ DE BITERI: Kuadrillako batek deitu zion amari aukeratua nintzela esanez. Izugarri pozik jarri nintzen, ez nuelako espero.Â
DIAZ: Niri ere amak abisatu zidan, eta oso pozik eta urduri jarri nintzen, ume guztiak animatzeko ardura dugulako.
Zer esan dizuete lagunek eta familiakoek?
DIAZ: Guztiek zoriondu egin naute, eta momentuaz gozatzeko esan didate.Â
SAENZ DE BITERI: Nire lagunek eta familiakoek esan didate primeran pasatzeko.
Zer moduz joan dira entseguak?
SAENZ DE BITERI: Oso ongi; otsailean hasi ginen entseguekin.
DIAZ: Agurra da gehien entseatu duguna.
Aspalditik al zarete Blusa eta Nesken kuadrilletako kideak?
DIAZ: Bai, ama nirekin haurdun zegoenetik naiz kuadrillako partaide. Eta gaur egun amaren kuadrillarekin eta aitarenarekin ateratzen naiz jaietan.
SAENZ DE BITERI: Jaio nintzenetik naiz blusa.
Eñaut, zuk ikusten duzu zeure burua etorkizunean Zeledonena egiten?
SAENZ DE BITERI: Ez dut sekula imajinatu neure burua Zeledonena egiten eta plaza gurutzatzen. Baina, noski, gustatuko litzaidake.
Zer mezu bidali nahi diezue Gasteizko umeei?
SAENZ DE BITERI: Ume guztiak animatu nahi ditugu jaiez gozatzera eta euren egun handia bete-betean bizitzera.