Bata eta bestea dastatu. Babarrunzaleek Tolosako (Gipuzkoa) kaleak beteko dituzte gaur. Gaur ospatuko dute herriaren ikurretako bat bihurtu den Babarrunaren Festa. Urtero legez, euskal jaia ere egingo dute, gastronomia eta festa uztartuz. Egitarau zabala prestatu dute horretarako Tolosako Udalak, Eliker zentroak, Tolosako Babarruna Elkarteak, Tolosako Babarrun Kofradiak eta Gure Kaiola elkarte gastronomikoak elkarlanean, besteak beste.
Ekoizleen lanari balioa ematea da ospakizunaren helburu nagusia, festaz gozatzearekin batera, eta hori nabarmendu nahi izan du Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko Merkataritza, Turismo eta Azoken zinegotziak: «Kontsumo ohiturak azkar aldatuz doazen honetan, geroz eta beharrezkoagoa dugu gure kultura gastronomikoaren eta identitatearen parte den Tolosako babarruna. Baita produktu horiek gure mahaietara iristeko bidea ematen duten ekoizleen lana azpimarratzea eta euren lanari balioa ematea ere».
Hainbat lehiaketa antolatu dituzte gaurko. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen 28. Lehiaketa izango da horietan lehena. Triangulo plazan hasiko dira sukaldariak babarrunak kozinatzen, 06:30ean. Gainera, 09:00etatik 14:00etara, babarrunaren azoka berezia ipiniko dute leku berean. Tolosako Babarrunaren Kofradiako kide Miriam Arandiak, Ilargi jatetxeko Mireia Carcellerrek, Bailara jatetxeko Enrique Fleischmannek eta gonbidatu batek osatutako epaimahaia arduratuko da epaia emateaz.
Ekoizleen lehiaketaz gain, lehiaketa gastronomikoa ere egingo dute, Gure Kaiola elkarteak antolatuta, 35. aldiz. Aurten, San Frantzisko pasealekuan egingo dute lehen aldiz. 21 bikotek hartuko dute parte guztira, eta 08:30ean hasiko dira baba- rrunak kozinatzen.
12:45ean egingo dute sari bana- keta ekitaldia: lehenik, ekoizleen lehiaketako irabazleen berri emango dute, eta, ondoren, lehiaketa gastronomikokoen berri.
Bestalde, babarrunaren aurtengo uzta dastatzeko aukera ere izango dute bertaratuek, Babarrunaren Kofradiak dozenaka platertxo banatuko baititu 12:00etan, Triangulo plazan. Eta, ohikoa bihurtu den moduan, bazkalorduan, herriko elkarte eta tabernetan babarrunak zerbitzatuko dituzte.
Jatekoaz gain, musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera ere izango da Tolosan, euskal jaiarekin. Egun osoan zehar eta goizaldera arte girotuko dituzte kaleak herriko hainbat kultur taldek. Besteak beste, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak, Udaberri dantza taldeak, Kalean txarangak, Itzal musika taldeak eta Jainekin txarangak jarriko diote erritmoa larunbateko festari. Euskal jaia izanik, soinean euskal jantziak eramateko deia egin dute antolatzaileek.