Baldatikan jaioa da Feli Madariaga (Forua, Bizkaia), eta, Muxikako Igertu baserrira (Bizkaia) ezkondu zenetik, han atera du bizimodua, lurrari lotuta. Bere bizitza eta bizimodua kontatu dizkio Onintza Enbeitari (Muxika, 1979), eta, haren bidez, Euskal Herriko emakume baserritarren belaunaldi oso batena. Bizitza baten txatalak liburuan jaso du Enbeitak, eta Argia-k argitaratu du.
Baserritarra zara ideologiaz. Horrek zer esan nahi du?
Nik uste dut pertsona bat ez dela berdin eraikitzen baserrian jaio edo hirian jaio. Hori oso argi daukat. Eta ideologiaz baserritar sentitzen naiz sinisten dudalako zikloetan, sinisten dudalako loaldietan eta deskantsuetan, eta uste dudalako ezin garela horri bizkarra emanda bizi. Orduan, ideologiaz baserritarra naiz: sinisten dut ekonomia zirkularretan, sinisten dut eskuz eskuko salmentan, eskuz eskuko ekoizpenean, eta, batez ere, sinisten dut garaian garaikoan, naturaren zikloetan eta gure bizitza ziklikoetan.
Eta Feli Madariagak ere horretan sinisten du?
Feli Madariaga, zorionez, ni baino askoz ere koherenteago, horrela bizi izan da. Eta egon da garai bat duela ez hain aspaldi, egon da belaunaldi bat, gure amonen belaunaldia, teorizatu gabe bizitzeko sistema ekonomikoki nahiko justu eta egingarri bat eraiki duena. Ekonomia zirkularrean oinarritua, eta, aldi berean, komunitatean eta elkartasunean. Ekoizten zutena saltzen zuten, baina, aldi berean, ekoizpen horretan lan eskuak behar zirenean, komunitate osoak parte hartzen zuen lan horretan. Eraiki zuten horrelako baserri bat, eta eraiki zuten baserritik bizitzeko modu bat naturaren zikloei bizkarrik eman gabe. Guk horri bizkarra eman diogu, ekoizpen ereduak intentsibo egin ditugu alferrik —ez dugu ezer onik atera; lurra hiltzen ari gara—, eta uste dut atzera begiratuta asko daukagula ikasteko.
Eta belaunaldi horren bozeramailea izan da nolabait Madariaga liburu honen bidez?
Bai, eta berak ez daki. Niretzat, pertsonalki, zor bat kentzeko modu bat izan da. Gure amama Klara baserritik bizi zen erabat. Gurekin bizi zen, eta hiru ahizpok asko gogoratzen gara amamaz, baina egia da ez genuela inoiz grabatu, ez genuela ezer apuntatu... Hor joan zen bere jakintza guztiarekin. Orduan, niretzat pertsonalki zor bat kentzea izan da Felirekin liburu hau egin ahal izatea. Nahi gabe, Feli garai baten edo bizitzeko modu baten bozeramaile bihurtu da. Bizitza horren lekuko bizi bat da.
Lurrari lotutako bizitza batena.
Erabat. Felik esaten du gaztetan entzuten zuela lurra eta ama beti ari direla ematen, baina berak gehitzen dio esaldi horri: «Zuk ez badiozu ematen, amak ezin du eman, eta lurrak ere ez». Lurrak ez ditu porruak ematen berez; lurra landu egin behar da, lurra mimatu eta landu egin behar da. Lurrak Feliri bizitza bat eman dio, baina Felik lurrari asko eman dio: denbora, indarra, maitasuna, esperantza bat, eta, noski, karea, satsa eta beharrezko abonu guztiak. Felik asko eman dio lurrari, lurretik gero jaso ahal izateko.
«Egon da belaunaldi bat, teorizatu gabe, bizitzeko sistema ekonomikoki nahiko justu eta egingarri bat eraiki duena»
Baserria lotua da —hala kontatzen du Madariagak—, baina askatasuna eman dio. Kaletar batek paradoxa bat aurkituko luke hor...
Bai, baina gure bizitza zer da paradoxa eta kontraesanik gabe, ezta? Gu baserrian lan egiten duen jendea edo baserritarrak baino askoz libreago sentitzen gara, baina hipoteka bati lotuta gaude, derrigorrez egin behar dugu lan zortzi ordu... Bizitza guztiak dira lotuak langilearentzat. Nire ustez, berdin da zertan egiten duen lan. Orduan, egia da ederra dela ikustea nola Felik bere bizitza lotu horri ikusten dion askatasun bat. Zer askatasun ikusten dio? Aire zabalean lan egin dezakeela, ez duela lau hormaren barruan egon behar eta ez dela inorentzat lanean ari. Bai, bezeroentzat ari da, baina irabaziak bereak dira. Orduan, erritmoa berak markatzen du.
Baratzea ez ezik, baina, etxea eta etxekoak zaintzen ordu asko igarotakoa da.
Niri umetan esaten zidaten Euskal Herria matriarkatu bat zela, eta nik orain galdetzen dudana da ea non egon den matriarkatu hori, Euskal Herriko emakumeok ez baitugu bizi izan: emakumeek egin dute lan etxetik kanpo eta etxe barruan. Baserrietara ezkondu diren bikoteei etxea emango zieten —kaletik hori ikusten da—, baina sekulako marroiak izan dituzte: egon dira osaba mutilzaharrak, egon dira amaginarrebak... Jendetza horren guztiaren zaintza egon da: oso ondo, esan diguzue matriarkatua egon dela, baina guk eduki dugun lan karga —etxetik kanpo eta etxe barruan— izugarria izan da, eta gure karga eta izan dugun erabakimena ez dira proportzionalak inondik inora. Kristoren erromantizismoarekin hitz egiten da baserriaz, baina baserriek eduki dute B aldea: zaintza lan oso lotuak, esker onik gabekoak eta askotan tratu onik gabekoak. Hori hemen gertatu da atzo arte.
Hori ikusezina izan da, akaso, baserriaren irudia kaletik marraztu delako?
Baserriari buruz hitz egin dugu kanpotik, kanpotik eraiki ditugu baserritarrak eta erromantizatu ditugu baserritarrak. Eta gutxietsi, noski. Bestalde, gizonek idatzi dute historia. Kaletik ez dugu ikusi baserriaren gordintasuna, eta edertasuna ere ez. Ez gara konturatu jende horrek zenbat dakien bizitzari buruz, bizitza bat eraikitzeko bideei buruz.
lotsabako
Liburu hau nork behar du gehiago: baserritarrek edo kaletarrek?
Baserritarrek, euren burua balioesteko.Baldatikara joan al zara ja?
Oraindik ez! Felirekin joatekoa naiz.