Narrastiak ezagutuz

Gasteizko Atarian narrastien eta anfibioen 62 erreplikaz osatutako erakusketa bat ireki dute, mitoak ezabatu nahian

Benetako sugeen xehetasun guztiak dituzte erreplikek ere. ATARIA.
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Narrastien eta anfibioen inguruan xehetasun guztiak jakin nahi dituenak aukera paregabea du uda honetan, Gasteizko Atarian. Datorren irailaren 9ra arte, 62 narrasti eta anfibioren erreplikak egongo dira bertan ikusgai. Erakusketaren arduradunek adierazi dutenez, erreplikak «ezin hobeak» dira, eta benetako animalien xehetasun txikiena ere imitatzen dute. Asteko egun guztietan irekiko dute erakusketa, astelehenetik igandera. Ordutegia, berriz, ondorengoa izango da: goizetan, 10:00etatik 14:00etara; eta, arratsaldeetan, 16:00etatik 20:00etara.

Maravillas de la Naturaleza taldeak antolatu du erakusketa, narrastien eta anfibioen inguruko ezagutza zabaltzeko helburuarekin. Beldurra eta nazka atzean utzi, eta belaunaldi berriek animalia horiek «maitatzen eta zaintzen ikas dezaten» nahi dute. Horregatik, mitoak ezabatu nahian, narrastien eta anfibioen bestelako ikuspuntu bat islatzen saiatuko da erakusketa, bizi katean duten garrantzia nabarmenduz, esaterako.

Animaliak, euren habitatean

Animalien ezaugarriak soilik ez, animalia horiek naturan bizi diren inguruak ikusteko aukera ere badago, habitataren erreplika ere egin baitute. Informazio osagarria izateko, berriz, hamasei panel jarri dituzte, xehetasunak azalduz. Horrez gain, errepliken eraikitze prozesua nolakoa izan den pausoz pauso azaltzen duten bi bitrina daude.

Kanpokoak ez ezik, Araban bertan bizi diren suge eta igel espezie batzuk ere jarri dituzte erakusgai. Izan ere, 17 anfibio mota eta 23 narrasti daude erregistratuta Araban. Denetik ikusteko aukera izango du, hortaz, erakusketara joaten denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.