Eremu publikoen diseinuaren atzean dauden erabakiak oharkabean pasatzen zaizkie maiz haietaz gozatzen duten herritarrei. Hori bera, akaso, seinale ona da: toki horretan eroso, erraz eta oztoporik gabe ibiltzeko eta egoteko eginda dagoen seinale. Herritarrak ez dira, ordea, eremu publiko bat diseinatzean kontuan hartzen diren protagonista bakarrak: ezinbestekoa da lehenagotik han zegoena ulertzea, harekin hartu-emana izatea eta haren gainean ez inposatzea. «Naturak lagun dezake, baldin eta ulertzen bada», alegia. Euskal Herriak eman dituen arkitekto handienetako batek esana da, Luis Peña Gantxegik: natura ondo ulertu zuen arkitektoak.
Eta arkitekto bat ondo ulertzeko, haren obrari erreparatu behar zaio. Nabarmen-nabarmenena Donostiako Haizearen Orraziaren plaza da, hau da, Eduardo Txillidaren Haizearen orrazia-ren inguruan dagoen eremu publikoa; Teniseko plaza ere deitu ohi zaio. «Esku hartzeak erantzun egin behar zion hiriak itsasoarekin duen harremanari, eta hark mendiarekin duen loturari ere bai. Txillidak eskulturen eremu magiko bat sortu nahi zuen, eta gero haizeak eta itsasoak beren rola izan zezatela hiru dimentsio horietan», azaldu zuen Peña Gantxegik 1980an egin zuen hitzaldi batean. «Eskulturen aurreko eszenak mendiaren eta itsasoaren arteko elkar hartze hori eskaini behar zuen», eta eskaini zuen.
«Esku hartze honen gakoa eskulturak ezkutatuko dituen topografia bat eraikitzea da, eta espazioen sekuentzia bat sortzen du»
MARIO SANGALLIErakusketaren komisarioa
Eszena hitza ez zuen ausaz erabili. Izan ere, espazioen sekuentzia bat da Haizearen Orraziaren plaza: harrera bat du, pasealeku bat itsasoaren eta menditik datorrela dirudien granitozko plataformaren artean, eskulturak nagusi diren plaza nagusia, eta, atzera eginda, hainbat solairutako granitozko plataforma. «Plazaren krokisak sekzioka egin zituen, eta oso bitxia eta harrigarria da; normalean, oinplano ikuspegiarekin egiten dira», azaldu du Mario Sangalli arkitektoak; Peña Ganchegui estudioko kidea da, eta EHUren Arkitektura Eskolako irakaslea ere bai. Oinplano ikuspegia zera da, zerutik lurrera begira marraztea planoa; sekzioka egitea aurrez aurre begiratuta egitea da, zatika.
«Oinplano ikuspegia erabili ohi da azalera bat ordenatu behar duzulako, baina hemen sekzioen sekuentzia bat dago, plaza hau topografia bat delako. Peña Gantxegi arduratzen zuen kontu bat zera zen: Teniseko pasealekuaren bukaerara gerturatzen zinenean, bere esku hartzean sartu aurretik, zuk harkaitz hori, Haizearen orrazia-ren oinarria, hasieratik ikusten zenuen. Berak topografia hori eraiki izan ez bazuen bisio hori ezkutatzeko, eskultura ikusten arituko zinateke harekin harreman egoki bat eduki baino askoz ere lehenagotik. Eskultura estali egiten du, begiratu behar duzun tokira iritsi arte. Esku hartze honen gakoa eskulturak ezkutatuko dituen topografia bat eraikitzea da, eta espazioen sekuentzia bat sortzen du. Hiriaren eta naturaren arteko trantsizio espazio bat da».

Ezer ez da kasualitatea, beraz; ezta Sangalli Peña Gantxegiz eta Haizearen Orraziaren plazaz aritzea ere. Izan ere, Tenis Plaza, Haizearen Orraziaren ataria erakusketa egin dute Euskadiko Arkitektura Institutuan, Donostian, Peña Gantxegi jaio zenetik ehun urte bete berri direnean, Haizearen Orraziaren plaza eraiki zutenetik mende erdira eta birgaitu berri dutela. Sangallik parte hartu du birgaitze lanetan, eta bera da erakusketaren komisarioa: «Plaza azaltzeko, material originala erakutsi dugu: plano, dokumentu, bozeto eta argazki erreportaje originalak. Material horretara iritsi baino lehen, baina, oso garrantzitsua da plaza existitzeko modua eman duten aurrekariak azaltzea».
Horretarako, arkitektura institutuaren patioari buelta bat ematea da erakusketaren proposamena. Aurrera ez ezik, behera, ezkerrera eta eskuinera begiratu behar da Peña Gantxegi eta Haizearen Orraziaren plaza ondo ulertzeko. Plaza hura bezalaxe, lurra sekuentziaka dago antolatuta: mugarri diren urteak daude lurrean idatzita, eta aldika banatzen dute erakusketako informazioa. Ezkerreko paretan egilearen inguruko informazioa dago, etapa horietan banatuta; eskuinekoan, haren obra nagusiarena. Egilea eta obra bereiztea zaila da —kasu honetan, behintzat—, eta alde batera zein bestera joan beharra dago krokisak, argazkiak, koadroak, planoak, aldizkariak eta beste hainbat elementu ulertzeko: denbora eta espazioa integratzen ditu erakusketak; modu ezin hobea hiria naturarekin eta modernitatea tradizioarekin uztartu zituen arkitektoa eta arkitektura ulertzeko.
Lekuarekiko harremana
Baina, istorio denetan bezala, hasierara joan beharra dago. Peña Gantxegi 1926an jaio zen, Oñatin, nahiz eta haren familia Mutrikukoa izan. «Gipuzkoako bi herri horiek markatu zuten lekuaz zuen ikuspegia: Oñatiko monumentaltasunak eta Mutrikuko aire folklorikoago, biziago eta aldapatsuagoak», azaldu du Sangallik. Ez hori bakarrik: «Oñatin jaio zen, nahiz eta haren espiritua Mutrikukoa izan; Gasteizera joan zen ikastera, Donostian segitu zuen, eta Madrilen bukatu. Horrek ere lagundu zion lekuarekiko eta inguruarekiko harremanaren bisio singular bat izaten».
Lekua. Maiz nabarmendu du Sangallik hitz hori; hainbeste, ezen haren tesiaren izenburua hau baita: Luis Peña Ganchegui: el arquitecto como Lugar (Luis Peña Gantxegi: arkitektoa Leku gisa). «Irakasle bezala, saiatzen gara ikasleek uler dezaten beraiek diseinatzen ari direna ez dela elementu bakartu bat, baizik eta testuinguru bati dagokiola. Askotan, diseinatzen ari diren pieza bakarrik marrazten dute, eta ezinbestekoa da ulertzea haiek istorio askoz orokorrago batekin bat egitera doazela, eta elementu hori gainerakoa osatuko duen pieza bat dela». Hain zuzen ere, Peña Gantxegik berak, Haizearen Orraziaren plaza azaltzen zuenean, Kontxako badia oso-osoa hartzen zuen kontuan: plaza hura badia baten azken katebegi moduan ikusten zuen.
«Peñak lekua interpretatzeko gaitasuna zeukan, eta jarrera erromantiko batekin interpretatzen zuen»
MARIO SANGALLIErakusketaren komisarioa
Horixe baita leku hori: hiriaren hasiera edo bukaera bat. Mendiak, itsasoak eta hiriak bat egiten duten eremu horretan ur hondakinak itsasoratzeko hodi handi bat egon zen, baina Peña Gantxegi jaio zen garaian beste batekin ordezkatu zuten, eta haren gainean kostako harresia eraiki zuten. Hodiak hor jarraitzen du oraindik, baina erabili gabe. Tira, hondakin urik ez du botatzen, baina itsasoa sartzen da. Sartu, eta haize txorro moduan atera ere bai, Peña Gantxegik gerora egin zuen plazan.
«Peña konturatu zen eremu horretan pitzadura batzuk zeudela, eta haietatik haizea ateratzen zela olatuak sartzean. Jabetu zen behean hodia dagoela, eta hark urik eramaten ez duenez han itsasoa sartzen dela. Itsasoa sartu eta hodiaren beraren kontra jotzen duenean, bultza egiten du, eta bobeda pitzatzen du», nabarmendu du Sangallik. «Erabaki beharrean bobeda bera indartzea horrek plaza hautsi ez dezan, zulatu egin zuen, plaza itsasoarekin konektatzeko». Eta plaza hartara joan diren haurren —eta hain haurrak ez direnen— jolaserako ere bai.
Jarrera erromantikoa
Izan ere, den-dena ezin da aurreikusi, are gutxiago itsasoarekiko elkarrizketan. «Obra batzuen alde asko zoriak sortutakoak dira. Adi egon behar duzu, eta aintzat hartu. Peñak lekua interpretatzeko gaitasuna zeukan, eta jarrera erromantiko batekin interpretatzen zuen». Hori argi geratzen da Peña Gantxegik berak txorro horiek deskribatzeko zuen modua ikusita; zera esan zuen 1980an: «Telefono baten modura jarduten du; handik itsasoaren indarra entzuten da, eta naturak berekin dakarren potentzia osoa erakusten du, ikuskizun hori dena».
Halaber, Haizearen Orraziaren plaza ezin da ulertu hark diseinatu zuen lehen eremu publikoari erreparatu gabe: Donostiako Trinitate plazari. 1963an Donostiako udal arkitektoa zen, eta plaza hura txukuntzeko eskatu zioten, aurrekontu baxu samarrarekin. Hark bazekien hiriko hainbat kale asfaltatzen ari zirela, eta erretiratutako galtzada harriak bereganatu zituen plaza hura egiteko: «Plazan bat egiten zuten eraikinen eta harresien segmentu guztiak harmailen bidez jostea erabaki zuen. Harmailek natura hiriarekin konektatzen dute, eta espazioa besarkatu: dena batu. Bertute eta zorte handia izan zuten galtzada harri horiek aurkitzean; ia-ia horrelako materialekin eraikiak baitziren fatxadak. Badirudi leku hori horrelakoa izan dela beti! Plaza hau ezinbestekoa da Teniseko plaza ulertzeko, hemen deskubritu zuelako, era kasual horretan, harmailaren mekanismoa erabiltzeak zer-nolako potentziala zuen elementuak josteko modu gisa. Eta ahalegina egiten du jada existitzen denarekin bat egiteko. Plazan ezer garrantzitsua badago, hauxe da: integratu egiten da, inposatu gabe eta imitatu gabe».

Ordutik, galtzak bete lan ibili zen Peña Gantxegi, denetariko obrak egiten, baita harmailadun plataformadunak ere; adibidez, Mutrikuko Imanolena etxean. Horrek eta jada lortua zuen prestigio handiak erraztu zuten Txillidak hari proposatzea Haizearen Orraziaren plaza egitea. Eta Peña Gantxegik onartu. 1976an hasi zen obra. Igeldo mendia eta plaza hura, garai hartan, gaur egun Urgull eta Pasealeku Berria lotzen diren moduan zeuden, gutxi gorabehera: harresi batez bereizita. Peña Gantxegik hormigoia kendu zuen, eta granitoz ordezkatu.
Harresiak berez hor segitzen du, baina, granitozko harmailadun plataforma bat egin zuenez, ia ezin da ikusi. Ordurako Txillidak aspalditik zeukan Haizearen orrazia egiteko asmoa, eta plaza egiten ari ziren unean bertan erabaki zuen hiru eskulturak osatuko zutela. Eta plazan den-dena diseinatuta dago arkitekturak naturarekin bat egiteko: «Berak bereizi egiten zituen naturan oinarrizkoa zena —flyscharen estratuak— eta azalekoa zena, koiunturala zena. Mugitu daitekeen lurra, adibidez. Berak argi utzi nahi du flyscha hor dagoela, baina lurra gero erori dela: flyscharekin bat egiten du».
«[Trinitate plazan] deskubritu zuen harmailaren mekanismoa erabiltzeak zer-nolako potentziala zuen elementuak josteko modu gisa»
MARIO SANGALLIErakusketaren komisarioa
Beste kontu bat ere aintzat hartu zuen, Sangallik zehaztu duenez: «Edozein eremu publikok ura teilatu bat balitz bezala jasotzen du, eta nonbaitera eraman behar du». Ondorioz, plazako lurrean zenbait gailur txiki daude, ia antzeman ezinak, ura bi noranzkotara bideratzeko. Gailurtxo horietan pieza singular batzuk diseinatu zituen Txillidak berak; lurrera begiratuz gero aurkituko ditu bisitariak.
Ur asko egoten da, ordea, eta horrek eragina izan du galtzada harrien arteko junturetan: jaitsi egin dira. Horrez gain, lur jausiren bat ere egon da, eta hormigoizko harresi bat jarri behar izan dute mendiaren kontra. Argiztatze falta ere nabarmendu da, eta irisgarritasun zaila. Bada, hori dena konpondu egin dute Peña Ganchegui estudiokoek, eta Peña Gantxegik egindako plaza berritua eta hobetua dago egun. Mendiak ez du harresirik, baina lurrari eusteko sare bat egin dute neurrira; plazara iristeko modua orain «aberatsagoa» da, argi sistema iraunkor bat ezarri dute, eta junturak banan-banan bete dituzte, propio diseinatu duten material erresistente batekin. Langileen bizkarrak zaildu dituzte lanek, baina bisitarien orkatilek eskertuko dute. Eta begiek, belarriek eta sudurrak ere bai: hiriak, mendiak eta itsasoak bat egiten duten lekuarekin gozatzen segituko dute.