Naturari soinua eragiten

Urduñan bukatu dute Urtanta, Txarlazo mendira igota eta trikitiaren historiaren eta bilakaeraren inguruko kontzertu batekin. «Ez da musika areto batean entzutea bezala, beste kontzeptu bat da».

Musikariak Urtantako azken kontzerturako entseatzen, Urduñan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Musikariak Urtantako azken kontzerturako entseatzen, Urduñan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
amaia igartua aristondo
Urduña
2026ko uztailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lasai daude Urduñako Antigua santutegiaren inguruan (Bizkaia). Entzun litezke oraindik iturriaren soinua, haizeak mugitzen dituen hostoen laztura, Txarlazo menditik jaisten ari diren mendizale gutxi batzuen urratsak. Giro horretan, naturalak dirudite kasik arkupetik entzuten diren piano nota leunek, paisaiaren beste ezaugarri bat bilakatu dira bat-batean. Urtanta borobiltzeko hiru ordu pasa falta dira oraindik, ia dena falta da oraindik: musikariak, mendizaleak, zarata. Patxada horretan hasi da entseatzen Iñar Sastre, Et Incarnatus orkestrako kidea; entseatzen, nahiz eta, onartu duenez, Urtantan beti egoten den ezusterako tarterik. «Proiektu abenturazalea da», nabarmendu du. Bost kontzertu astebete eskasean. Estresa. Logistika arazoak. Partiturak galtzea. Azken uneko aldaketak. Eta hala ere. «Ez da berdin ohiko ekitaldi bat egitea, ‘kaixo’, ‘zer moduz?’ eta ‘agur’; edo beste musikariekin denbora pasatzea, esperientziak partekatzea... Beste asebetetze bat da».

Bertan egin dute lo, bart parrandan atera ziren, goizean goiz yoga saioa izan dute. Kohesio berbarekin deskribatu du Sastrek giro hori. Eta agertokiek are bereziagoa egin dute esperientzia, balioetsi duenez. Ondo gogoan du aurreko eguneko emanaldia, Artomañan (Amurrio, Araba), atzean mahasti oparo bat eta mendilerro mardul bat zeukatela. Edo Oiartzungoa (Gipuzkoa). «Publikoak ere konpromisoa dauka, eta balio berak ditu: natura eta musika, eta horien bitartez euskal kultura eta hizkuntza bera».

Entzuleek aterkipean gozatu zuten musikaz. AMAIA IGARTUA ARISTONDO
Entzuleek aterkipean gozatu zuten musikaz. AMAIA IGARTUA ARISTONDO

Bestelako doinu batzuk gehitzen hasi zaizkio Sastreren pianoari. Urmuga eta Urtanta guztietan parte hartu du Nika Bitxiaxvili musikariak —2020an ekin zioten egitasmoari—. «Urtero esaten dut: azkena izango da», bota du, umore onez, baina hemen dago aurten ere. Badutelako Urmugak eta Urtantak lotzen duten zerbait. «Ez dauka zerikusirik ezagutzen dugun beste ezerekin», goratu du. «Leku hauek ez genituzke bisitatuko bakarrik joanda, ezingo genuke, eta ez litzaiguke okurritu ere egingo. Mendira igotzen zara, mokadu bat hartu, eta kontzertu bat entzuten duzu. Ez da musika areto batean entzutea bezala, beste kontzeptu bat da».

Trikitiaren historia

Et Incarnatuseko musikarien aldarte bera du orkestrako zuzendari eta Urtantaren antolatzaile Migel Zeberiok ere. Eta giroan igartzen da aurtengoak zer eman duen, balorazioaren inguruan galdetu beharrik gabe: jendea pozik dago, irribarretsu, askaria hartzen taldean santutegiko harrizko behegainean eserita, edo soinu proban murgilduta jada. «Saio politak izan ditugu, eguraldia alde, badirudi jendea gustura etorri dela emanaldietara eta mendi ibilbideetara...», Zeberioren hitzetan. Azpimarratu du egitasmoaren helburuetako bat dela jendeari geografia gertuko baina ezezagunak erakustea, eta horretan ere «asmatu» dute, haren irudiko. Ertz askoko jaialdi bat izan da: migratzaileen egoera salatu zuten ibilbidearen hasierako hiru egunetan, Bidasoa ibarrean barna, Euskal Herriko zazpi probintziak lotzen ibili dira gero, eta erromeria batean murgildu dira azken egunean.

«Saio politak izan ditugu, eguraldia alde, badirudi jendea gustura etorri dela emanaldietara eta mendi ibilbideetara...»

MIGEL ZEBERIO Et Incarnatus orkestrako zuzendaria eta Urtantaren antolatzailea

Jada ez dira aditzen nota solteak, piano bat, biolin bat. Aspaldi utzi zaio txorien kantuak entzuteari, haizearen ufadak. Jendez bete da arkupea, nahastu dira txistuak, trikitiak eta beste makina bat tresna. Urduñan jai eguna da Santiago Eguna, Txarlazo mendian ospatu ohi dute, hango puntan erromeria bat antolatuta, baina oraingoan hedatu egin dute jai giro hori, mendi puntatik magalera, eta eguerditik arratsaldera. «Joan den mendean, trikitia gailendu zen erromerietan», azaldu du Zeberiok. «Eta trikitiaren historiak badu hurrenkera bat; hori azaltzen saiatuko gara. Zumarragako trikitia izan zitekeen horretatik eta garai bateko soinuetatik hasiko gara, eta gaur egungoetara pasatu».

Batu dira azkenik guztiak. Batu dira askotariko trikitiak, askotariko soinuak, askotariko ahotsak. Batu dira Euskal Herri osoko musikariak, baita Urduñakoak bertakoak ere, eta Georgiakoak, eta Kubakoak, besteak beste. Eta heldu dira trikitiaren garai modernoetara: Kepa Junkeraren aurrean, hura omenduz bukatu dute aurtengo Urtanta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA