Naturatik edalontzira

Itziar Bartolomek eta Antton Monfortek Chufamix etxetresna «iraultzailea» asmatu dute: haziei, fruitu lehorrei eta zekaleei zukua ateratzeko lehen tresna ez elektrikoa.

Arrasateko Baserritarren Azokan ikusmin handia sortu zuen Chufamix etxetresnak. ANTTON MONFORTE.
Adrian Garcia.
2012ko abenduaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Orain arte landaretik eratorritako esnea kontsumitzeko erarik errazena zen etxe handiek merkaturatutako esne kaxak erostea. Norberak etxean egin nahi izanez gero, lanak hartu behar zituen edalontzi txiki bat betezeko. Merkatuan dauden robot garesti horiek erostea zen landare esnea etxean egiteko beste aukera. Egoera horretaz jakitun, Itziar Bartolomek eta Antton Monfortek landare esnea kontsumitzeko era astindu duen etxetresna asmatu dute: Chufamix. Haziak, zekaleak eta fruitu lehorrak era erraz batean zukutu eta minutu gutxian edalontzia betetzeko bide ematen du tresnak.

Oloa, garagarra, arroza, gari zuria, kalamua, alpistea, intxaurrak, urrak, almendrak... «Edozein haziri, fruitu lehorri edo zekaleri atera daiteke zukua tresna honekin», azaldu du Itziar Bartolomek.

Osagaiekin «jolasteko» aukera polita eskaintzen du etxetresnak. «Intxaurrari laranja zatitxo bat eta kakao pixka bat botaz gero, intxaurra, laranja eta txokolatezko zaporea duen esnea ateratzen da. Muga bakarra norberaren gustuak dira. Sormena pizten dio sukaldaritza gustatzen zaionari».

Prezioa da asmakizunak eskaintzen duen abantailarik handiena; 39,40 eurogatik eskura daiteke haziak zukutzeko tresna www.chufamix.com webgunean. Merkatuko prezioak ikusita, azkar asko berreskura dezake dirua landare-esne zaleak. «Olo esne litro batengatik bi euro baino gehiago ordaintzen du jendeak. Olo ekologikoa belar dendan erosi eta etxean zukutuz gero, 21 xentimotan ateratzen da litroa», dio Bartolomek.

Horren alde handia egotearen arrazoiak azaldu ditu Bartolomek: «Esne kaxa berak, produktua garraiatzeko gasolinak, bitartekarien mozkin tarteak... horiek garestitzen dute produktua». Izan ere, esne horietako asko Alemaniatik ekarri ohi dituzte. «Eguneroko kontsumo ohituretako beste zentzugabekeria bat: oloaren lurraldean bizi gara!».

«Abantaila zurrunbiloa»

Prezioan ez eze, beste alderdi askotan ere «abantaila zurrunbiloa» eskaintzen du etxetresnak. Batetik, esne kaxak erosi gabe zaborra sortzea saihesten da. Horrez gain, tokian tokiko produktuak bultzatzen dira, eta etxe handiek kontrolatzen duten monopolioa hautsi. Asmatzaileek merkatuan ez dute esne begetala etxean egiteko gisa horretako beste produkturik topatu. Robotak dira bikoteak asmatutako tresnara gehien gerturatzen zaionak. «Robotak badaude, baina elektrikoak dira eta oso garestiak. Edonork ezin ditu erosi». Modu azkar eta merke batean edonorentzat eskuragarria den produktua egitea izan dute xede.

Hortxata izan zen asmakizunaren abiapuntua. Bikotea Valentzian (Herrialde Katalanak) hortxata ekologikoa Internet bidez saltzen hasi zen. Pauso bat harago joan nahi izan zuten, eta txufa esnea etxean egiteko tresna sortu zuten. Ezustekoa ondoren etorri zen: «Euskal Herrian ditugun beste hazi eta fruitu lehorrekin probatu genuen, eta emaitza sekulakoa izan zen».

Fruituetatik eratorritako zukuak egitea ohikoa da, zuku naturalek eskaintzen duten zapore, propietate eta prezioak bultzatuta. «Landaretik eratorritako esneetan ez genuen aukera hori». Hainbat azokatan aurkeztu dute etxetresna, eta produktuak harrera ona izan du. «Zein azkar eta erraz egiten den ikusten dutenean, harritu egiten da jendea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.