Asteburuko proposamenak

Nazioarteko doinuak izango dira etzi

Ordizia. Cadiz, Galizia eta Euskal Herriko musika talde ugari ariko dira larunbat honetan Sustraiez Blai jaialdian

Maialen Unanue
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Munduko musikak bilduko ditu Sustraiez Blai jaialdiak larunbatean, Ordizian (Gipuzkoa). Musika emanaldiez gain, eta iazko egitarauari jarraituz, eskulangile azoka jarriko dute goizetik, alde zaharrean. Arratsaldean izango dira kontzertuak, doan. Lehenengoa, Galiziako A Maquina Do Meter Medo taldea izango da, Garagartza plazan, 18:00etan. Hiru gaztek osatzen dute talde hori, eta ahotsa, dantza eta musika tresna tradizionalak nahasten ditu, efektu elektronikoekin batera.

Ekitaldi nagusia, berriz, gauean izango da, merkatuko plaza nagusian, 21:00etan. Hamabost urteren buruan, Cadizeko Palocortao taldea martxan jarri da berriz ere, eta Ordizian izango dira David dela Chica eta Diego Pozo, Los Delinquentes taldeko kide ohia.

Jarraian, Euskal Herriko bi talde igoko dira oholtza gainera: Samba Dzanga, bata, eta 12 Tribu, bestea.

Sambatik edaten dutelako jarri zioten izen hori Samba Dzanga taldeari. Musika lasaia egiten dute; sambatik baino, bossa novatik gertuago dago. 12 Tribu taldeak, berriz, hainbat urte daramatza martxan, eta estiloa aldatuz joan da urteen joan-etorriarekin. Egun, roots reggaea egiten dute gehienbat. Arka eta Makala Euskadi Irratiko DJen proiektu berriak amaituko du eguna: Global Funkek.

Goierriko Sustraiez Blai taldeak urtero antolatzen du musika jaialdia, 2000. urteaz geroztik. Larunbatekoa hamabigarren aldia izango da.

SUSTRAIEZ BLAI JAIALDIA

Zer. A Maquina Do Meter Medo, Palocortao, Samba Dzanga, 12 Tribu, eta Global Funk DJak.

Non. Ordizian (Gipuzkoa).

Noiz. Larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.