Osasuna. Medikuntza

Neguan ere zaindu ezazu eztarria

Faringitisa eta amigdalitisa dira gaitzik usuenetakoak, ez bakarrik kanpoan hotz egiten duelako, berokuntza-sistemek eragindako giro bero eta lehorrekiko kontrasteagatik baizik. Tratamendu berezirik ez da behar izaten; bakterio batek sortzen dituenean hartu behar dira antibiotikoak.

Eztarriko gaitzak ohikoak izaten dira neguan. BERRIA.
2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Mina irenstean, sukarra, eztula, ondoeza… oso molestia ohikoak dira urte sasoi honetan, eztarriko gaitzen bat adieraz dezaketenak —faringitisa edo amigdalitisa, zehatzago esateko—. 2 urtetik 15era bitarteko haur eta gazteak dira horrelako gaitzak gehien jasaten dituztenak, baina helduen artean ere nahiko usuak izan ohi dira. Lasai, hala ere, ez baitute inolako tratamendurik behar izaten kasurik gehienetan. Bakterio batek sortuak direnean, orduan, bai, beharrezkoa izango da antibiotikoak hartzea.

Gaitzik usuenak

Faringitisa eta amigdalitisa dira eztarriari erasaten dioten infekzio arruntenak (faringeari eta amigdalei erasaten zaie, hurrenez hurren), baina batzuetan, bi zona horiek aldi berean gaixotzen dira: orduan, faringoamigdalitisaz hitz egingo dugu.

Arrazoiak

• Infekzio birikoak: azaroan eta abenduan izaten dute bere gailurra, urte osoan ager daitezkeen arren. Antibiotikoek ez dute funtzionatzen kasu hauetan, eta, horregatik, sintomak arintzera bideratua dago gomendatzen den tratamendua: antitermikoak sukarra jaisteko, anti-inflamatorioak eztarriko hanturaren kontra, antiseptikoekin egindako aho-irakuzketak, ahoan urtzen diren pastillak mina arintzeko, eta abar. Oso kasu berezietan bakarrik —defentsak oso murriztuak dituzten pertsonetan, esaterako— errezetatuko dira birusen kontrako botika bereziak.

• Infekzio bakterianoak: otsailean eta martxoan azaltzen dira gehienbat, eta amigdalak inbaditzen dituzten bakterioek eraginak izaten dira (estreptokokoak normalean). Sintoma nagusiak sukarra, amigdalen gorritzea eta hantura (anginak esaten zaie), plaka zuriak eztarrian, eta abar. Izaten dira, batzuetan lepoko gongoilak handitzeraino. Sintomak ikusita, medikuak antibiotiko bat aginduko du —penizilinaren familiakoa kasu gehienetan—, eta atseden hartzeko esango digu.

• Narritatzaileak: badira kanpoko eragileei oso sentiberak diren pertsonak: faringitis bat garatu dezakete —faringitis horiei narritadurazkoak esaten zaie—. Edari alkoholikoak, espezie asko dauzkaten janariak edo tabakoa, esate baterako, gai dira gaitz horiek eragiteko, edo, are gehiago, larriagotzeko. Neguan, berogailua beroegi jartzeak, edo, udan, aire girotua hotzegi jartzeak ere faringitis mota hori eragin dezake. Horregatik, kanpoko eragile horiek kontrolatzea lortuz gero —giroko lehortasunaren kontra hezegailuak erabiliz, tabakoa erretzeari utziz, eta abar.—, eztarriko minak berehala arinduko dira.

Gaitz motak

• Akutuak: gertakari bakanak izaten dira, bizkor hasi eta gutxi irauten dutenak, egun batzuk gehienez ere. Eta sarritan errepikatu daitezkeen arren —umetan baita sei aldiz ere urte berean—, ez dira etengabeko infekzio jarraituak izaten.

• Kronikoak: kasu hauetan, mukosaren narritadura eta inflamazioa urte osoan nabarituko da eztarrian. Ohikoa da, batez ere, euren lanbideagatik asko hitz egiten duten edo ahotsa sarritan behartzen duten pertsonen artean: irakasle, aktore edo saltzaileak, esaterako, baita oso giro kargatuetan (keak edo gai kimikoak dituztenak) aritzen diren pertsonen artean. Alergikoek ere gehiagotan jasaten dituzte horrelako gaitz kronikoak.

Nola detektatu

Kasurik gehienetan sintomei erreparatzea aski izaten da medikuarentzat infekzioa birus batek edo bakterio batek eragina den jakiteko. Hala ere, zalantzak daudenean, edo gertakariak maiz samar errepikatzen direnean, bada estreptokokoaren antigenoaren detekzioaren testa deitzen den proba bizkor bat: amigdaletatik lagin bat hartzen da, eta erreaktibo baten bidez infekzioaren eragilea zein den berehala jakingo du medikuak, ondoren tratamendu egokia jartzeko.

Amigdalak kendu: bai ala ez?

Duela urte batzuk, anginak sarritan izaten zituzten umeei amigdalak erauzi edo kendu egiten zitzaizkien. Gaur egun, ordea, adituen irizpideak nabarmen aldatu dira.

Eragozpenak

Ez da ahaztu behar amigdalak defentsako organo garrantzitsua direla, eta amigdalarik gabe birusen eta bakterioen kontrako babesa txikiagoa dela. Gainera, amigdalak kendu izan dizkieten pertsona batzuek, eztarriko mukosaren hipertrofia dela medio, faringitis kronikoa izaten dute operatu eta handik urte batzuetara.

Noiz da gomendagarria

• Amigdalen tamaina oso handia denean, arnasketa zaildu egiten baitute loaldiko apnea eta oxigenazio arazoak eraginez.

• Urte bakarrean medikuak diagnostikatutako zazpi amigdalitis jasanez gero, edo bost amigdalitis urtean bi urtez jarraian, edo baita hiru amigdalitis urtean ere hiru urtez jarraian, batez ere estreptokokoek eraginak baldin badira.

• Eta, azkenik, amigdalitisak sukar konbultsioak dakartzanean, bi txandatan gutxienez.

Etxean zer egin dezakezu?

Medikuak agindutako tratamendua jarraitzeaz gain, badira sintomak arintzen lagunduko dizuten beste etxeko erremedio batzuk ere:

• Eztia. Eztarria leundu, mina arindu eta eztula lasaitzen du. Esnearekin edo infusio beroren batekin nahastuta har daiteke.

• Beroa. Lepoan kataplasma beroak jartzeak ere mesede egingo dizu eztarriko arazoak arintze aldera.

• Gargarak. Mesedea berehala nabarituko duzu. Ur gaziarekin egindakoak dira erabilienak. Nahastura prestatzeko bota gatz koilarakada bat ur baso batera eta eragin, gatza ondo nahastu edo disolbatu arte.

• Infusioak. Hartu infusio beroak, eztiarekin, edo ezti eta limoiarekin egindako nahastura. Baina ez daitezela beroegiak egon, horrek eztarria are gehiago narritatuko bailizuke.

• Propolioa. Eztiaren eratorri horrek mina baretzen du, eta haren ekintza antiseptiko eta antibiotikoari esker, infekzioa tratatzeko ere balio du.

• Likidoak. Oso garrantzitsua da maiz edatea, deshidratazioa saihesteko. Uraz gain, saldak eta fruta-zukuak ere har daitezke. Dena den, laranja, limoi edo pomelo zukuak eztarria narrita dezaketenez, kasu bakoitzean baloratu beharko da zer-nolako likidoak erabiltzea komeni den.

• Zer jan. Litekeena da apetitua galtzea. Horregatik batez ere berdurak, oilaskoa edo indioilarra, arraina plantxan, pureak eta fruta gomendatzen dira, janari koipetsu eta pikanteek gaitza okerragotu egiten baitute.

Prebentzio neurriak

Era horretako gaitzak izateko erraztasuna baduzu, ondo etorriko zaizkizu aholku hauek:

• Garbitu eskuak. Eskuak dira birus eta bakterioak transmititzeko biderik erraz eta ohikoena. Garrantzi handikoa da, beraz, egunean zehar eskuak maiz garbitzea.

• Saihes itzazu narritatzaileak. Tabakoak, edari alkoholikoek eta antzeko substantziek eztarri inguruko molestiak eragin ditzakete. Kontuz, beraz, holakoekin.

• Ez abusatu berogailuaz. Horrek dakarren lehortasuna eta kanpoko giroarekin sortzen den kontrastea kaltegarriak gertatzen dira zure eztarriarentzat. Etxe barruko landareak lehortasun hori arintzen lagun dezakete.

• Babestu lepoa. Hotz handia egiten duen egunetan estali lepoa zapi batekin edo erabili bufanda. Eztarria bero eta babesean gordez gero, narritatzeko arrisku gutxiago eta beraz faringitis nahiz amigdalitis gutxiago.

• Dieta osasungarria. Antioxidatzailetan aberatsak diren jakiek (fruta eta berdura gehientsuenek) defentsak indartzen lagunduko dizute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA