Ez da tomate garaia, ezta alberjinien, leken eta kuiatxoena ere. Hala ere, dotore eta distiratsu erakusten dira saltoki handietako eta denda txikietako apaletan. Negua, baina, azen familiako barazkien, porruen, kuiaren eta pataten garaia da, eta baita beste hainbat barazkirena ere: borraja, ziazerbak, eskarola, txikoria...
Urtaro horretako hamahiru barazki motarekin egiteko laurogei errezeta aurkeztu dituzte Nagore Garcia de Vicuñak eta Diego Zarrabeitiak Negua. Zer egin nire barazki saskiarekin liburuan. Proposamen gozoak eta tentagarriak, «eguneroko errutinatik ihes egiteko», Nagore Garcia de Vicuñaren hitzetan. BERRIAk eta Ttarttalo argitaletxeak batera argitaratu dute liburua. BERRIAlagunek %15 merkeago eskuratzeko aukera izango dute.
Beti barazki berak eta modu berean prestatzeko ohitura du jende askok. Osagaien zerrenda eta prestatzeko modua, ordea, askoz ere pluralagoa izan daitekeela erakutsi nahi izan dute egileek, eta, hala, betiko barazkiak bestelako modu batean jateko eta prestatzeko aukeretako batzuk aurkeztu dituzte liburuan. Barazki saskiak jasotzen dituzten kontsumo taldeko kideentzat liburu aproposa da, beraz.
«Errezeta errazak eta praktikoak proposatzen ditugu. Ez dago teknika konplexurik. Ez naiz sukaldaria, eta liburuan agertzen diren errezeta guztiak etxean prestatu eta dastatu ditugu. Edonork egin ditzake, beraz», aitortu du Garcia de Vicuñak. Osagaiak ere ez dira lortzeko zailak: «Edonork etxean eduki ditzakeen lehengaiak dira. Espezieren bat izan daiteke topa daitekeen gauzarik 'arraroena', baina lortzeko errazak dira horiek ere».
Liburuan proposatzen diren errezetetako batzuk Euskal Herrikoak dira, eta beste asko, atzerrikoak. «Barazkia hemengoa eta garaikoa da, baina ideiak han eta hemen bilatu ditut. Izan ere, ohiko errezetetatik ihes egin nahi bada, beste lekuetan barazkiak nola jaten diren ikusi eta ikasi behar da. Barazki bera oso bestelako moduan prestatzen da han eta hemen».
Kanpoko errezeten kasuan, baina, egokitu egin ditu egileak, «gure gustuetara eta etxean ditugun osagaietara». Hala, Alo palak errezeta hindu bat da, ziazerbak patatekin prestatzeko. Jatorrizko errezetan espezieen zerrenda amaigabe bat aipatzen da, baina Garcia de Vicuñak espezie gutxi batzuk baino ez ditu erabili.
Horixe nahi du egileak, gainera: jendeak nahi bezala moldatzea liburuko proposamenak. «Liburuan proposatzen dudana oinarri bat da; ondoren, sukaldariaren esku dago nola prestatu».
Edonorentzako egokia
Neguko barazkien eskaintzan egon liteke inoiz ikusi edo probatu gabeko barazkiren bat. Kasu horietarako liburu «lagungarria» izan liteke. Barazkiaren aurkezpena egiten da beti sarreran; gero, lehengai horrekin egin daitezkeen platerak datoz.
Barazkiak dira errezeta guztien oinarria, baina ez dira begetarianoentzako errezetak soilik, haragia, hirugiharra, saltxitxak eta beste baitaude osagaien artean.
Edonorentzako liburu praktikoa da, beraz, baita barazkiak oso gogoko ez dituenarentzat ere. «Batzuetan kamuflatu egin behar dira barazkiak, eta beste batzuetan bizigarri puntu bat eman behar zaie: gazta, espezieren bat eta abar». Maiz gauzak beste modu batean kozinatzea aski dela uste du egileak: «Askotan, gustatzen ez zaiguna ez da barazki jakin bat, prestatzeko modua baizik». Hala, ideia berriak izateko eta neguko barazkiekin zer egin jakiteko proposamen sorta aurkezten da liburuan.
Negurako sukaldea
Neguan baratzean aurki daitezkeen barazkiekin egiteko laurogei errezeta bildu dituzte liburu batean Nagore Garcia de Vicuñak eta Diego Zarrabeitiak: 'Negua. Zer egin nire barazki saskiarekin'. BERRIAk eta Ttarttalok argitaratu dute liburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu