Gasteizko jaiak

Neskak: '10 urte berdintasunaren alde'

Duela hamar urte, oraindik bazeuden emakumeak baztertzen zituzten blusen kuadrillak. 2015ean piztutako gatazkak eta ondorengo elkarrizketek errotik aldatu dituzte hiriko jaiak. Borrokaren istorioa kontatzen du '10 urte berdintasunaren alde' dokumentalak.

Blusa eta neskak batera, aurtengo Santiago egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
unai etxenausia
Gasteiz
2025eko abuztuaren 8a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da aspaldiko kontua. Duela hamar urte inguru, oraindik ere bazeuden emakumerik onartzen ez zuten blusen kuadrillak. Gaur, berriz, guztiak mistoak dira. Aldaketa sakon horrek errotik eraldatu ditu Andre Maria Zuriaren jaiak, eta 2015ean izan zuen abiapuntua. Orain, 10 urte berdintasunaren alde dokumentalean jaso dute. Abuztuaren 3an aurkeztu zuten, Aihotz plazan, eta sareetan jarri dute jaietan.

Dokumentalak zenbait protagonistaren ahotsak biltzen ditu: Zuriñe Elordi, garai hartako Gasteizko Udaleko Berdintasun arduraduna; Jose Luis Izaga, 2013 eta 2016 artean batzordeko presidentea izana; Iratxe Irigoien, 2006an kuadrillen lehen emakumezko presidentea izana; eta Sergio Gonzalez, gaur egungo burua. Iñaki Kerejazuk ere, Zeledonek, bere ikuspegia eman du.

Gasteizko Mugimendu Feministak salatu zuen kuadrilla batek ez zituela emakumeak onartzen, eta beste batzuek jarrera matxistak zituztela. Hori ikusirik, Blusen eta Nesken Batzordeak neurri ausart bat hartu zuen: paseotxo bat bertan behera utzi zuten, protesta gisa. Handik aurrera, batzordeak eta Mugimendu Feministak etengabe hitz egiteari ekin zioten. Dokumentalean bertan gogoratu dutenez, «gizarteak aurrera egiteko presioa» egiten zuen. «Eta blusak urte batzuk atzetik gindoazen». Helburua garbi zegoen: jaiak berdinzaleagoak, seguruagoak eta guztientzat irekiagoak izatea.

Gasteizko Blusa eta Nesken eguna
Blusak eta neskak batera, aurtengo Santiago egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Kuadrilla guztiak mistoak izan baino lehen, hainbat emakumek lehen urratsa egin zuten: 1979an Lamiak, 1990ean Neska Ausartak, eta 2001ean Piztiak. Ez zuten luzaroan iraun, baina sinbolikoki mugarriak izan ziren, emakumeek jaia barrutik bizi nahi zutela argi utzita.

2006an Irigoien hautatu zutenean lehen emakumezko presidente, erabakiguneetan nabarmen handitu zen emakumeen presentzia. Nolanahi ere, 2015ean piztutako gatazkak eta ondorengo elkarrizketek, barne erreformek eta jai ereduaren berrikuspenak ekarri zuten benetako aldaketa.

Gaur egun, ohiko irudia da kuadrilla mistoak kalean ikustea Gasteizko jaiak girotzen. 10 urte berdintasunaren alde dokumentalak erakusten du hamarkada bateko eztabaidak, ekintzak, erabakiak eta beste daudela normalizazio horren atzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.