Neurrigabeko kaosaren erreinua

HBOren 'The Idol' telesailak hautsak harrotu ditu, pop musikaren mundua modu ilun, sexual eta ustelean irudikatzeagatik. 'Euphoria' telesaileko sortzailearen nobedadea da, astelehenetik aurrera ikusgai Euskal Herrian

HBO MAX.
Mikel Yarza Artola.
2023ko ekainaren 03a
00:00
Entzun
«Apurtzaile baino, atzerakoia», «gordina, baldarra, sexista», «fantasia maskulino zikina», «porno biguneko bideoklipa»… The Idol telesailak ez du kritikari bakar bat ere epel utzi Cannesko Zinemaldian. Sam Levinsonek agertoki paregabea izan du bere nobedadea aurkezteko, munduko zinema jaialdi nagusia, eta bertan eragindako zalaparta ezin hobeto baliatu du, promozio kanpaina hauspotzeko.

Euphoria telesaileko sortzailea pop kantari bat ardatz duen sei ataleko lan labur batekin itzuli da. Istorioko protagonista Johnny Deppen alaba da, krisi emozional baten ondorioz, kontzertu bira bertan behera utzi behar izan duen eta bere bizitza berregiten ari den musika izarraren azalean. Alboan du The Weeknd artista ezaguna, gaueko klubak gidatzen dituen iragan iluneko enpresari baten rola jokatzen. Bien arteko erakarpen sentimentalak muturrera bultzatuko ditu.

Hortik aurrera ezer gutxi esan liteke, edo denetarik. Izan ere, ikusmina elikatu arren, Every-thing Everywhere All at Once filmarekin Oscarren loria dastatu zuen A24 konpainiak izugarri modu konfidentzialean kudeatu du telesailaren estreinaldia.AEBetatik kanpora ez du prentsa emanaldirik antolatu, eta atalak giltzapean gorde ditu, nolabait, polemikak aurpegian eztanda egingo dion beldurrez. Gainera, HBOk telesail hau lau haizeetara Sam Levinsonen nobedade gisa aurkeztu duen arren, eskandaluz josita egon da hastapenetatik, Euphoria-ko sortzailea proiektura batu baino askoz lehenagotik.

Seimetzek utzi egin zuen

Hasieran, Amy Seimetzek zuzendu behar zituen telesaileko atal guztiak. Azken hamarkadan, Seimetz izen propio bilakatu da zinema estatubatuar independentean. Aktore lanetatik zuzendari ardurak hartzera igaro da, eta begirada feminista ardatz duten The Girlfriend Experience telesaila eta She Dies Tomorrow filma gidatu ditu. Baina telesailaren %80 filmatua zutela, proiektutik alde egin zuen. HBOk ez zuen aldaketaren inguruko azalpenik eman, baina lantaldeko hainbat kidek Rolling Stone aldizkariari aitortu diotenez, XXI. mendeko ospeari eta Trump aroaren osteko munduari buruzko satira iluna behar zuena, satirizatu nahi zuten hori bera bilakatu da.

HBOk tantaka plazaratu dituen aurrerapen irudietan, telesailak itxura paregabea eta probokatzailea du. Berehala igartzen da Levinsonen filmaketa estilo analogikoa, egun pantaila txikian salbuespena baita. Festa giroko eszenak dira nagusi, begirada lizunak, gorputz biluzi izerdituak eta enpresari trajedun zinikoak. Gehiegikerien unibertsoak, doinu elektroniko basatien eta muntaketa lan epileptikoaren erritmora egiten du aurrera, eta kolore, pertsonaia eta plano bakoitzaren koreografiak azkeneraino neurtua dirudi.

The Idol telesailak azkenean lortuko duen kalitate mailaz harago, bere balioa dagoeneko ukaezina da, estreinatu baino lehenago ezagutzera emateko gai izan delako. Zinema eta telebista industriako profesionalak eta zaleak haren inguruan hitz egitera bultzatu ditu. Bakoitzak erabaki beza, non dauden irudikapenaren muga etiko eta moralak.

'THE IDOL'
Sortzailea: Sam Levinson, Abel The Weeknd, Reza Fahim.
Aktoreak: Lily-Rose Depp, Abel The Weeknd, Suzanna Son, Dan Levy, Steve Zissis.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2023.
Non ikusi: HBO Max, Amazon Prime Video.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.