Gazte. Koldo Badillo (Urduña, Bizkaia, 1958) 14 urterekin hasi zen inguruari beste modu batez behatzen, eta argazkiak egiten. Biologia ikasketak egin arren, argazkigintzari lotu zitzaion ibilbide profesionalean. Hala, telebistarako egiten du lan, irudi teknikari gisa, baina argazkilari ere aritzen da. Bidaia eta natura aldizkarietarako argazki anitz egin ditu, baita bere proiektuetarako ere. Iruñeko Ziudadelan mintzatu da erakusketari eta argazkigintzari buruz.
Argazkilari batek ingurua ordenatu behar du, nahiz eta kaosa izan?
Baietz uste dut: hori da argazkilarion helburuetako bat, konposizio erakargarri bat egitea, ordenatua eta funtzionatzen duena. Nik denbora neraman ikusten baso asko utzi egin direla; ez dira garbitzen, eta, beraz, baso naturalaren itxura hartzen ari da. Gai horri heltzeko gogoa piztu zitzaidan: desordenaren gaia. Zuzendari grafikoak azaleko argazkia ikusi zuenean esandakotik atera zen izenburua: «Hau kaos hutsa da».
Nola ordenatzen da kaosa?
Bi asmo nagusi nituen: batetik, ukitu piktorikoa eman diot, fokuratze oso zehatza da, oso eremu sakontasun gutxi du. Bestalde, urte osoan koloreak nola aldatzen diren bilatu dut. Baina beste zerbait nahi nuen. Kaosak ez ezik, adar erdi biluzien botere grafikoak ere erakarri ninduen. Egiten dituzten marren kaosa labirinto bihurtzen zaie begiei. Irudian sartzeko puntu bat bilatzen duzu, adarrei segika jarraitzen duzu, momentu batean atera egiten zara, gero berriz sartu. Ikusmena etengabe ari da irudian barrena ibiltzen, baina ez du gelditzeko puntu bat aurkitzen.
Zu ere galdu zara labirintoetan?
Bai, bai. Basoan bakarrik zaudenean inguruaren sentsazioetan murgiltzen zara, bakartasunean. Egon zaitezke hain murgildurik, saioa bukatutakoan ez dakizu autoa non utzi duzun ere. Ausaz hartzen nuen bidea, eta batzuetan, okertu.
Ez dira paisaia zabalak ageri.
Paisajistek angelu handiak hartu ohi dituzte baso osoa hartzeko, eta nik kontrakoa egin nuen, urrutitik eta 200 mm batekin. Beraz, urrutitik bilatu nituen leihoak. Begiratzeko modu originala da, gutxienez. Beldurra ematen zidan ea jendeak nahaste-borraste bat baizik ez zuen ikusiko, baina ulertu dute.
Zer esanahi du basoak zuretako?
Toki magikoa da. Basoa garrantzitsua da, baina ez bakarrik aisialdirako eta baliabideak eskuratzeko, zentzu antropologikoaz harago garrantzi ekologiko handia du. Fotosintesia da horren oinarria. Lehen genituen zuhaitzei eutsi izan bagenie, ez zen Lurra berotuko. Errespetuz jokatu beharko genuke harekin, baina orain basoari bizkarra emanda bizi gara. Aisialdirako baizik ez dugu erabiltzen.
Ez diegu baliorik aitortzen?
Ez. Hiru urteotan benetako sakrilegioak ikusi ditut. Adibidez, ehunka urteko zuhaitzak mozten zituzten Sakanan. XV. mendeko teknikekin egindako itsasontzia baino garrantzitsuagoa da 300 urteko haritz bat. Hori moztea basakeria da.
Zure txoko berezietan ere gertatu da hori?
Harizti hau [argazkia seinalatuz] dagoeneko ez dago. Berriro joanen nintzateke argazki hori egitera. Hara joan eta haritza ez zegoela ikustean, negar egin nuen.
Zergatik erakartzen zaitu hainbeste paisaiak?
Beste gai batzuk landu nituen, baina erosoen nengoena aurkitu nuen, gehien gozarazten zidana. Ez baduzu gozatzen, zaila da argazki onak egitea, baita afera horrekiko sentsibilitaterik ez baduzu ere.
Gainera, gehienak bertakoak; ez zara urrutira joaten.
Denbora behar dut, inguruarekin hartu-emana izan behar dut. Norvegiara bidaiatzen badut, ezin dut egin hemengo lan bera, ez dudalako denborarik materian sartzeko. Gainera, hemengo paisaiarekin inplikaturik nago. Ziudadelan ere inspiratu naiteke, jarrera egokia izanda.
Egunerokoan, nola egiten dio so argazkilari batek inguruari?
Momentu oro begiratzen ari zara; oso begiluzeak gara —baina zentzu onean—. Obsesioa dudanez zuhaitzekin, eta toki guzietan daudenez, nik asko begiratzen diet. Argazkilariak pasioz bizi du, etengabe. Nik ez diot argazkiak egiteari uzten une batez ere. Orain ez dut argazki kamerarik eskuan, baina etengabe ari naiz irudiak sortzen. Erakusketara datozenek esaten dizute: «Mendizalea naiz, eta ez dut horrela ikusten». Begiratzen jakin behar da.
Argazki kamera edozeinek duen garai honetan, lanbidea gehiago defendatu beharra dago?
Bai, noski. Gaur egun, hain handia da irudien mozkorraldia sare sozialetan eta Interneten... Uste dut, gainera, zailago dugula paisaiekin lan egiten dugunok, paisaia edozeinen eskura dagoelako.
ATZEKOZ AURRERA. Koldo Badillo. Argazkilaria eta irudi teknikaria
«Nik ez diot argazkiak egiteari uzten momentu batez ere»
Bainet telebista ekoiztetxeko irudi-teknikari lanak ditu ofizio, baina argazkilaria ere bada Badillo. 'Kaosetik labirintora' erakusketa ireki du Iruñeko Ziudadelan, basoetako sei txokoren argazkiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu