MAITE DUT MAITE... ERRIBERRIKO PLAZA. Mikel Idoate. Pilotari profesional ohia

«Nire bizitzako une polit asko bizi izan ditut Erriberrin»

Erriberriko plazari so, haurtzaroko oroitzapen goxo asko datozkio burura Mikel Idoateri. Egun, «kuttun-kuttuna» du herriko txoko hori, bakea aurkitzen baitu bertan. Maite du bisitan joatea.

JON IDOATE.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Ziertzoak maiz jotzen du Erriberriko Karlos III.a Noblearen plazan (Nafarroa), eta hori bera ere gustuko du Mikel Idoate pilotari ohiak (Iruñea, 1989). «Lasaitasun iturri» du plaza hori.

Zergatik aukeratu duzu Erriberriko plaza?

Plaza polita da, eta gaztelu ederra du aurrean, gainera. Bereziki maitedut, Erriberri nire amaren aldeko familiaren sorterria delako, eta han bizi izan ditudalako nire bizitzako une polit asko eta asko.

Nolako bizipenak, adibidez?

Txikitan asko joaten nintzen; zaila zait bakar bat aukeratzea, baina uda oso onak eman ditut Erriberrin, aitona-amonekin.

Oraindik eusten diozu bisitan joateko ohiturari?

Bai, saiatzen naiz maiz joaten. Egun ederrak pasatzen ditugu plazan; Ardoaren Eguna, esaterako.

Zergatik da berezia egun hori?

Abuztuko azken asteburuaren bueltan, edo irailaren lehenbizikoan, mahats biltzearen eguna ospatzen da han. Nafarroako ardotegiek eta kanpoko batzuek beren ardoak jartzen dituzte erakusgai, dastatzeko. Plaza osoa betetzen dute, eta oso giro polita izaten da.

Oro har, zer sentimendu pizten du plaza horrek zugan?

Haurtzarora itzultzen naizela sentitzen dut, nolabait; eta bakea, hori ere bai. Batzuetan gainezka egoten da; beste batzuetan, ez dago ia jenderik, baina lasaitasuna sentiarazten dit beti, sustraietara itzultzeko modua delako. Gainera, zoriontasuna ere ematen dit, hori baita zoriontasuna azken batean: momentutxo horiek. Adibidez, familiarekin toki kuttun batean biltzea.

Bake bila joaten zara, orduan. Baduzu egunerokoan halako lasaitasunaren premia?

Bai, tira, uste dut denok behar izaten dugula, tarteka. Errutinan sartuak ibiltzen gara, eta komeni da noizbehinka pixka bat ateratzea, orduan ikusten baituzu bizitza ez dela hori bakarrik. Saiatzen naiz deskonektatzeko uneak bilatzen. Kirolarekin aise lortzen dut, baina Erriberrira joatea ere ihesbide ona zait, Mallorcarekin gertatzen zaidan bezala. Energiak indarberritzen laguntzen dit.

Hondartza ere maite duzu, beraz?

Bai, asko gustatzen zait itsasoa, eta, egia esateko, leku berriak ezagutzea maite badut ere, Mallorcako hondartzen parekorik ez dut topatu.

Esan duzu kirolak ere laguntzen dizula deskonektatzen. Pilota profesionala utzi ondotik ere, oso kirolari segitzen duzu?

Kirola oso inportantea da nire bizitzan. Etxean betidanik oinarritu dugu gure aisialdia kirolean, eta hala da gaur egun ere. Dena dela, osasuntsu egoteko ere egiten dut. Burua ongi izateko, ezinbestekoa da gorputza ere ongi izatea.

Izarra beilatokiko kudeatzaile, eta asteburuetan, esatari. Gelditu gabe bizi zara. Hala eskatzen dizu barrenak?

Gustatzen zait erritmo bizian bizitzea; oso gustura aritzen naiz. Nahiago dut sentitu denbora aprobetxatzen dudala gauza asko egiteko, ezer ez egin baino gehiago.

Laster beteko da urtebete ETBko pilota emanaldietako ohiko esatari modura hasi zinenetik. Gustura ari zara?

Aldaketak izan dira; pandemia bat ere izan dugu tartean, baina uste dut gauzak ongi ari garela egiten.Nire kasuan, bereziki pozik nago euskaraz gero eta gusturago ari naizelako, gero eta solteago. Gainera, esatari izateak lagundu egiten dit pilotarekiko harremana ez galtzen.

Euskaraz egitea erronka izan zen zuretzat?

Bai. Txikitatik naiz euskalduna, euskalduntzat hartu dut nire burua betidanik, oso harro, baina nire ama hizkuntza gaztelania da, eta maila hobexeagoa dut. Erronka handia izan da asteburuero hiruzpalau orduko emanaldiak euskaraz egitea eta, batez ere, ongi adieraztea pentsatzen nuena, jendeak ongi ulertzeko moduan. Saiatzen ari naiz pixkanaka nire euskara aberasten.

Nola ari zara trebatzen?

Izarra enpresan denek dakigu euskaraz, eta debekatu-edo egin genuen gure artean gaztelaniaz hitz egitea; euskaraz aritzen gara beti. Irakurtzeak ere laguntzen dit, baita irratia entzuteak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.