1936ko gerrako biktimen senidea

Ana Mari Egizabal: «Nire istorioa beste familia askorena ere bada, eta ezin dugu inoiz ahaztu»

Egizabalen aita eta osaba 1936ko gerran hil zituzten, eta harrezkeroztik bere kontakizuna zabaltzen aritu da. Baimenik eskatu gabe, haren senideen gorpuzkiak Madrilera mugitu zituen Guardia Zibilak, eta horiek berreskuratzea ere lortu zuen.

Ana Mari Egizabal, bere etxean, Lodosan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ana Mari Egizabal, bere etxean, Lodosan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
itsaso jauregi 2
Lodosa
2024ko apirilaren 14a
05:00
Entzun

Etxeko eskaileraren azpian, kartoizko poltsa luze batean, Ana Mari Egizabalek (Lodosa, Nafarroa, 1935) egunkari zatiak eta bere bizitzako gutunak gordetzen ditu. 1936ko estatu kolpea hasi eta egun gutxira Egizabalen aita eta osaba fusilatu zituzten, eta, ordutik, osatu nahi duen puzzle bateko piezak biltzen aritu da. Egizabalek bere memoria du altxor, eta ez du ezertaz ahazteko asmorik: bere amarekin eta izebarekin kobazuloan bizi izan zen garaia, 1936ko gerra hastean fusilatu zituzten senideen gorpuzkiak berreskuratu zituenekoa, eta urte horretan Lodosan gelditu zen Anastasini Italiako zirkuari buruz kontatzen zizkioten istorioak bildu ditu. Zirku horretako kideak ere fusilatu zituzten, baina badira hainbat objektu eta istorio ahoz aho transmititu direnak, Egizabalen belarrietara iritsi arte.

Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Bederatzi hilabete nituenean, aita fusilatu egin zuten. Hor hasi zen amesgaiztoa. Aita erail ondoren, ama alargunarekin kobazulo batera bizitzera joan nintzen. Bizi ginen etxean zazpi pezetako [0,04 euro] errenta ordaindu behar genuen, baina aita hil zutenean amak ezin zuen errenta hori ordaindu, eta kobazulo batean bizi zen izeba batekin joan ginen.

Nolakoa zen kobazuloa?

Sukaldean sutegi bat zegoen, eta egurra erdian jartzen genuen, bertan berotzeko. Kobazuloa neguan beroa zen eta udan freskoa. Azkenean, patio moduko bat zegoen; hozkailua esaten genion. Ez zen elurrik gordetzen; agian horrela deitzen zioten freskoagoa zelako. Hor zeuden animaliak. Gogoan dut goizetan izebak ateak ireki, eta oiloak kalera irteten zirela. Noizbait arrautzak kalean jarri zituzten eta behin oilo bat txitekin etorri zela esan zidan amak. Egungo umeek ez dakite zer den oiloa txitaz inguratuta egotea.

Oroitzapen onak dituzu?

Bai. Oroitzapen bat baino gehiago da, oraindik ere kobazuloa bisitatzen baitut. Udalak zaharberritu zuen, eta jendea kobazuloa ikustera joaten da. Ni igandero igotzen naiz senarrarekin.

Zenbat urtez egon zinen kobazuloan?

Lau urte, ama berriro ezkondu zen arte. Kobazuloa baino okerragoa zen etxe batera jaitsi ginen bizitzera, eta han bost anai-arreba izan nituen, baina orain hiru baino ez ditut; urte haietan haur asko hiltzen ziren: jaio eta hil egiten ziren. Bi ahizpa eta anaia bat ditut, eta abizena da berdina ez dugun gauza bakarra.

Ikasteko aukera izan zenuen?

Eskolara joan nintzen, baina goiz atera ninduten. 10 urterekin esnea banatzen hasi nintzen; auzokideak behiak zituen, eta nik auzoko jendearengana eramaten nuen esnea. Gero, 14 urterekin etxe batean zerbitzatzen hasi nintzen. Primeran egon nintzen etxe horretan, harategia zuen familia bat zelako; beraz, ondo jaten zen. Zerbait ikasi nahi nuen, baina ezin izan nituen ikasketak amaitu.

Txikitan Anastasini zirkuaren zurrumurruak entzun zenituen?

Bai. Amak eta auzokoek zirkuaren historia kontatzen zidaten. Ilusio handia egin zien Anastasini zirkua Lodosara etortzeak. Lodosa baino leku handiagoetan aritu zen, eta handik gure herrira etorri ziren. Emanaldi bakarra egin zuten, oker ez banago.

Zer kontatu zizuten bizilagunek?

Zirkuko ikuskizuna ikusi zuen jendearekin hitz egin dut. Gure ondoan bizi zen mutil bat eta haren laguna plazan egoten ziren egunero, eta emanaldira sartu zirela esan zidan. Berehala, mutil haietako baten aita agertu, atzetik heldu, eta azkar atera egin zituen. «Biak etxera, istilu ederra sortzen ari da eta». Jakina da Lodosaren gainean zegoela zalaparta guztia, bazetozela. Zirkuko kideek zaldi ederrak eraman zituzten beren ikuskizuna egiteko, eta nire aitonaren ukuiluan gorde zituzten.

Zirkuko kideak hil zituztenean, elefante bat geratu zen Lodosan paseatzen?

Bai, hor geratu omen zen, ez dakit zenbat denboran. Elefantea ikusi zuen gizon batekin hitz egin nuen. Zirkua etorri zenean 8 bat urte zituen. Kobazuloen auzoan bizi zen, baina elefantea ikustera jaisten zen iturrira edatera eramaten zutenean. Udaletxea zegoen lekuan putzu bat eta ura ateratzeko gurpil bat zeuden, eta hortik edaten zuen elefanteak.

Elefanteaz gain, beste objektu batzuk ere geratu ziren Lodosan?

Bai. Nire lagun batek egurrezko aulkiak ditu, zirkuko aulkiak. Larragan [Nafarroa] Anastasini zirkuaren omenaldi bat egin zutenean, nire lagunak aulkietako bat eraman zuen, baina ez zuen han utzi nahi, bere sukalderako erabiltzen dituelako.

Nola hasi zinen zure aitaren historia ikertzen?

Mendietan sakabanatuta zeuden gorpuak berreskuratzeko baimena eman zidatenean hasi zen dena. Herriko bost pertsona fusilatu zituzten egun berean: aita, 26 urterekin, eta haren anaia, 30 urte inguru zituela. Egun horretan hil zituzten bostak hemendik Lizarrako [Nafarroa] kartzelara eramaten zituzten. Baina ez ziren Lizarrako kartzelara iritsi. Bidearen erdian kamioitik jaitsi, eta hil egin zituzten. Eta han geratu ziren, bide bazterrean. 1936ko estatu kolpea hasi eta egun gutxira hil zituzten, herrian erail zituzten lehendabizikoak izan ziren eta.

Amak gertatutakoaz hitz egin zizun?

Amak etxean ez zuen gaiaz hitz egiten. Nik bai hitz egiten nuela nire seme-alabekin, batez ere dena mobilizatzen hasi zenean. Inork ez zuen horretaz hitz egin nahi; jende zaharrenak beldur handia zuen. Aitaz dakidan guztia auzokoei esker da.

Zer kontatu zizuten auzokoek zure aitaren inguruan?

Elizaren atzean bizi zen emakume batek kontatu zidanez, behin baino gehiagotan sendatu zuen nire aita, odolez gainezka iritsi baitzen etxera. CNTk mitin bat egin zuen uztailaren 18an ukuilu zaharrean; hor egiten zituzten gerra hasi baino lehen. Nik uste dut nire aita buruzagietako bat zela, eta hainbat jipoi eman zizkiotela horregatik.

Herrikoen beldurra sumatzen zenuen?

Bai, handia. Errepresioa ikaragarria izan zen Lodosan. Ondoan bizi zen familia arrantzalea, eta ama horri zazpi seme-alabetatik bost hil zizkioten. Egun batean, emakumea kalean zihoan geratzen zitzaizkion bi seme-alabekin, txikiak ziren, eta kalean behera zihoazen hiltzaileak. Haurrei zerbait galdetu nahi izan zieten, eta amak esan zien seme-alabei: «Tira, segi korrika eta ez esan hitz bakar bat ere». Emakume horri bost seme-alaba hil zizkioten, eta bazekien zer gertatzen ahal zen. Hemen hondamendia egin zuten. Familiako kide batzuek ez diete uzten hau pairatu duten pertsonei hitz egiten; hori ere gertatzen da.

Aita Muniaingo [Nafarroa] errepide ertzean lurperatu zenuten, baina, 1958an, gorpuak ebatsi eta Erorien Haranera eraman zituen Guardia Zibilak, Madrilera, beste dozenaka fusilaturekin batera. Nola izan zenuen horren berri?

Esan zidatelako. «Zure aita lurperatuta zegoen lekuan ez dago. Eraman egin dute», esan zidaten. Ikertzen hasi ginen, eta mendiko zaindariarengana joan ginen, hark gorpuak lurperatu zituelako. Ez zuen gurekin hitz egin nahi; esan zigun gorpuak lurperatu zituela baina ez zela bere kontua, eta ez zuela zerikusirik izan nahi. Haren jarrera ez zitzaidan atsegina iruditu. Hitz egiteko eta gauzak egiteko zuen moduagatik, ondorioztatu nuen lurperatu behar izatea gorpuak ateratzea baino gehiago gustatu zitzaiola. Jende gehiagori galdetzera joan nintzen.

Eta zer esan zizuten?

Bi etxetara joan nintzen galdetzera, eta adeitasunez hartu ninduten. Baina nire bisitaren arrazoia esan nienean, aurpegia aldatu zitzaien. Esan zidaten ez zirela ezertaz gogoratzen; baina gogoratu behar zuten, ez baitziren hain gazteak. Ezin zutela ezetz esan eta ezezkoa ematekotan bide beretik eramango zituztela esan zidaten. Baliteke egia izatea, baina erantzun hori bi etxetan eman zidaten.

1978an hasi ziren gorpuak berreskuratzeko negoziazioak Espainiako Gobernuarekin. Nolakoak izan ziren?

Hasieratik ezetz esaten ziguten, ezin genituela gorpuak eraman. Erorien Haraneko mausoleotik gorpuak ateratzeko trabak jarri besterik ez zuten egiten: eraikina oso egoera txarrean zegoela eta hobiak ateratzerakoan erortzeko arriskua zegoela. Erorien Haranean zegoen batek esan zidan frutarekin betetako kutxen biltegi bat bezalakoa zela; kutxa ateratzen denerako fruta ustelduta egon daitekeela.

Nola aurkitu zenuen zure kutxa?

Bizpahiru aldiz joan ginen Madrilera, beti jartzen zigutelako eragozpenen bat. Kaxak erdi hondoratuta zeuden, bata bestearen gainean. Kutxa horietako batean irakurri nuen: Aberin. Hor lurperatu zuten nire aita; lurperatu zituenak bazekien eta azkenean baieztatu zigun. Hor zegoen nire aitaren gorpua.

Zer baldintza jarri zituzten kutxak Erorien Haranetik ateratzeko?

Ez zuten guk kutxak eramaterik nahi, eta bidea oztopatu nahi ziguten. Gobernuak ezezkoa eman zigun, eta gorpuak ateratzeko baimena eman ezean auzia argitara aterako zela ikusi zuten. Hori ez zuten nahi: egitekotan, isil-isilik egin behar genuen, inori esan gabe eta ospatu gabe. Eta uste dut ikusi zutenean gaia publikoki ateratzeko aukera zegoela, beldurtu egin zirela, eta horregatik utzi zigutela gorpuak eramaten.

Adolfo Suarezen gobernuak baiezkoa eman zion 133 gorpuak Erorien Haranetik ateratzeari. Nolakoa izan zen Lodosaraino egin zenuten bidea?

1980an izan zen. Lagun baten amarekin joan nintzen, haren senideak ere fusilatu zituztelako. [Nafarroako] Herri askotako jendea joan ginen: Allo, Azagra, Corella, Larraga, Lodosa, Los Arcos, San Adrian... Bi autobus alokatu genituen ezkutuan, eta Madrilera abiatu ginen fusilatuen senideak. Bueltan, 133 gorpurekin itzuli ginen. Gogoan dut herriko frontoian hamalau kutxa zeudela, eta bakoitzean hamar pertsonaren gorpuzkiak zeudela. Oraindik badaukat nire aitaren gorpua ekarri genuen kutxa.

Eta herrian ongi etorriak izan zineten?

Gure senideak eta lagunak zain genituen. Baina beti dago animoak eman beharrean adorea kentzen dizun jendea. Batek esan zidan: «Nola dakizu zure aitaren hondarrak ekarri dituzula?». Ba, ez dakit. Baina badakit haren gorpua dela, eta kito.

Oraindik zaila da gaiaren inguruan hitz egitea?

Tentsio handiko giroa sortu zen. «Orain gorputz hauek ekartzearekin egundokoa piztuko da» bezalako iruzkinak egiten zituzten. Gauzak dauden bezala uztea eskatu ziguten. Batzuek gurutzeak jarri zituzten beren ateetan. Nik gauzak ez nituen utzi nahi zeuden bezala; nire aitaren gorpua eraman zuten, eta berreskuratu egin nahi nuen.

Zergatik uste duzu garrantzitsua dela memoria historikoa lantzea?

Nire istorioa beste familia askorena ere bada, eta ezin dugu inoiz ahaztu. Gorpuak ateratzean eta memoria historikoaren gaia jorratzen hasi ginenean, gazteenek ez zekiten ezer horretaz. Eta orain badakizue. Memoria landu behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.