Baskonia saskibaloi taldeko ordezkariek suziria bota bezain pronto, Zalduondoko (Araba) pertsonaiarik mitikoenak, Zeledonek, Andre Maria Zuriaren plaza zeharkatu zuen atzo, jendez mukuru zegoela, eta Gasteizko jaiei hasiera eman. Hirugarren urtez jarraian, Iñaki Kerejazuri (Gasteiz, 1995) egokitu zitzaion Zeledon ordezkatzea, eta «erasorik gabeko jai irekien» alde egin zuen bere hitzaldian. «Bizitza osoa blusa jantzita» igaro ostean, «ohoretzat» dauka hiru urteotan bizi izandakoa, behin eta berriz esan duenez.
Aurtengoa jada hirugarren hitzaldia izan da. Asmatu al duzu trikimailurik?
Trikimailu handiena, insomnioa [barrez]. Nahiko perfekzionista naiz, eta buelta asko ematen dizkiet gauza hauei. Uste dut Zeledonen hitzaldiak eragin handia daukala, jende pila bat egoten da-eta bai plazatik bai telebistatik ikusten. Oso argi eduki behar dugu zer esango dugun eta nola, hiri oso bati ari gatzaizkiolako hizketan. Hitzaldiak oso transbertsala izan behar du, eta nik nire kutsua eman nahi izaten diot beti, zentzu bat; esateko gauza asko daude eta.
Ikusi gehiago
Nola deskribatuko zenuke plaza osoa zure pentzudan dagoela sentitzea?
Adrenalina da. Horko balkoitxo horretan, itxaroten... Eta hor dagoen zarata, hor sentitzen den energia... Ezin dut hitz bakar batez deskribatu. Adrenalina pila bat nabaritzen da, poz handia. Eta osteko beheraldia ere izugarria izaten da; etxera heltzean, dutxan sartu eta negar zotinka egoten naiz. Baina oso polita izaten da, jendea emozioz beteta eta disfrutatzen ikusten dugulako. Niretzako ohorea da hirian hain maitatua den pertsonaia bat ordezkatzea; oso pozik eta oso urduri jartzen nau horrek.
«Berdin dio zer-nolako jatorria, kultura edo ideologia daukazun: Zeledonek gasteiztar guztiok berdintzen gaitu»
Zein da unerik zirraragarriena?
Zeledon Gasteizko banderaren atzetik ateratzen denekoa. Hori da, agian, momenturik bereziena, orduan pizten baitira jaiak. Plaza gurutzatzen denekoa ere polita da, nahiz eta agian, kanpotik ikusita, biolentoa dirudien. Baina ez da horrela. Mundu guztia Zeledonekin egoteko irrikan egoten da, eta denek agurtzen dute ilusioz. Jendea sentitzea izaten da zirraragarriena, bai plazara ateratzean, bai plaza gurutzatzean.
Ohitu al zara dagoeneko?
Ohitu, oso erraz ohitzen zara, sentsazio oso polita delako eta gauza politetara erraz ohitzen garelako. Baina urtero ezberdina izaten da, urtero bere momentutxoak izaten ditu; Iruñean askotan aipatzen dituzten unetxo horiek Gasteizen ere izaten dira. Itxaroten zaudenean, aurretik lagunekin elkartzen zarenean, ondoren... Ohitu zaitezke, baina momentutxo horiek ezberdinak izaten dira urtero.
Zeledon ez ezik, irakaslea ere bazara. Kargu hau duzunetik sumatu duzu aldaketarik ikasleen jarreran?
Pixka bat gehiago harrotzen direla nabari dut [barrez]. Txangoan goazenean, adibidez, harrotuta esaten dute haien irakaslea Zeledon dela; poztu egiten dira.

Zerk bihurtzen du Zeledon hain maitagarri?
Guztiok berdintzen gaituen irudi bat da; berdin dio zer-nolako jatorria, kultura edo ideologia daukazun: Zeledonek gasteiztar guztiok berdintzen gaitu. Momentu horretan guztiok bat gara, eta uste dut horregatik sorrarazten duela hain sentimendu polita gasteiztarrongan.
Historian atzera eginda, Zalduondotik Gasteizera jaietara etortzen zen gizon bat zen Zeledon. Igeltseroa zen, etxeak egiten zituen, eta oso maitatua omen zen hirian. Gerora, hiriko ordezkari aukeratu zuten, eta esango nuke nahiko ongi ordezkatzen duela ez bakarrik Gasteiz, baizik eta baita Araba guztia ere; izan ere, Arabako txoko guztietatik etortzen da jendea festetara.
Aste barruan maisu aritzen zara, baina asteburuetan DJ Malandro zara. Zeledonek parrandazalea behar du izan?
Noski, dudarik gabe! Pertsona motel bat ezin liteke Zeledon izan. Zeledon zalduondarra ere parrandazalea zen, parrandara etortzen zen Gasteizera. Bada, nik uste Zeledon izandako guztiak nahiko parrandazaleak garela [barrez], eta ondo betetzen dugula baitezpadako baldintza hori.
«Esango nuke jai oso irekiak ditugula, baina are zabalagoak izatea gustatuko litzaidake, eta Gasteiz egiten duten kultura guztiek bere txokoa hartzea»
Duela hogei urte Zeledon Txiki izendatu zintuzten, eta harrezkero urte asko eman dituzu blusen eta nesken kuadrillan laguntzen. Patuak ekarri al zaitu hona?
Bizitza osoa daramat blusa jantzita, eta uste dut nahiko ezaguna izan naizela elkartearen barruan. Ez dakit patua izan den; agian, merituren bat ere egingo nuen honaino heltzeko. Piropo polita izan da aukera hau jaso izana, nolabait iruditu zaielako pertsona egokia naizela hain rol garrantzitsua ordezkatzeko.
Helburu bat zen?
Ez, ez. Pentsatzen du bizitzako kontu serioetan helburuak izan behar direla, baina horrelako gauza politak bere kasa etortzen dira. Kontu hau bere kasa-edo iritsi da.
Zer espero duzu aurtengo jaietan?
Inolako erasorik ez egotea, zaila bada ere. Hori batetik, eta, bestetik, jaiak disfrutatzea: bai neuk, eta bai Gasteizera etortzen den edonork. Esango nuke oso jai irekiak ditugula, baina are jai zabalagoak izatea gustatuko litzaidake, eta Gasteiz egiten duten kultura guztiek bere txokoa hartzea. Gainera, Euskal Herriko txoko guztietako parrandazaleei Gasteizera etortzeko dei egiten diet, gurekin goza ditzaten txarangak, kontzertuak, ekintzak... eta, oro har, jaiak.
LOTSABAKO
Elektrotxaranga edo kalejira?
Elektrotxaranga.Jaiak, oholtza gainetik ala azpitik?
Bietatik.Festetako egunik gustukoena?
Bigarrena, abuztuaren 5a.