«Nik erabakiak ondo pentsatzen ditut, baina gehiegi ez. Bestela, ez duzu ezer egingo». Erabaki asko hartutakoa da Andoni Sagarna (Donostia, 1947), eta baiezko asko emandakoa: euskara klaseak ematen, Elhuyar sortzen, Ekain kooperatiban, UZEIn, Eusenorren, Plazagunean, Elkarren, Euskaltzaindian... Euskara eta teknologia uztartu ditu bere ibilbide osoan, eta, baiezko haiei esker, ekarpen galanta egin dio euskararen modernizazioari. «Saiatu naiz, behintzat».
Hori nondik dator?
Familia euskaldun batean jaio nintzen, Aldakonean [Donostia], eta euskalduna izatea, noski, nire ezaugarri nagusietako bat izan daiteke.
Euskaraz bizitzeko modurik bazegoen?
Ezin daiteke esan ezin zela euskaraz bizi, baina erabat ezin zen, noski. Ikasketak erdaraz ziren. Ni mojetan hasi nintzen, eta Ibon Sarasola ere bai; egun berean jaioa, urtebete lehenago. Beraz, euskaraz bizitzeko modu bat bagenuen, baina berehala egiten genuen topo erdaraz egin beharrarekin.
Jesuitekin segitu zenuen ikasten, eta, gero, Ingeniaritza?
Hori Opusen [Nafarroako Unibertsitatean], kontrastatzeagatik [barrez]. Elektrizitatea eta elektronika dira nire espezialitatea; jakinduria ez dakit, baina espezialitatea bai.
Orduan ezagutu zenuen Jon Oñatibia?
Euskera irrati bidez sortu zuen, ikastarotxo bat eman zigun, eta euskara irakasten hasi ginen. Ez genuen asko jakingo hizkuntzak irakastea zer zen, baina ahalegina egin genuen.
«Rikardo Arregi hil zen, eta guk segitu genuen alfabetatze klaseak ematen han eta hemen. Euskal Herri osoan sare bat zegoen»
Zerk bultzatu zintuen klase horiek ematera?
Kontraste horrek: gu euskaldunak gara, eta euskaraz egiten dugu alde guztietan, baina euskararen egoera ez dugu normal ikusten hemen. Zerbait egin nahi...
1965etik 1968ra, ezta?
Bai. Gero, lau hilabete egin nituen Martuteneko kartzelan. Salbuespen egoera jarri zuten 1968an, eta guk bageneukan kontzientzia politiko bat; egoera oso itogarria zen, eta horri buelta nola eman. Aurreneko gauza da prestatuta egotea jakiteko zer den hau, analizatu ahal izateko eta kritikoa izateko. Modu nahiko klandestinoan biltzen ginen, baina ez hain klandestinoan, edozein taberna zulotan tortilla bat janez ibiltzen ginelako askotan. Nonbait, fitxatuta geunden. Atxilotu ninduten, lau hilabete pasatu nituen, eta ezerezean geratu zen dena: ez neukan ezertxo ere. Hala ere, fitxa polizial horrek niri soka luzeak ekarri dizkit... Beti beldurrez. Zenbat amets egin ditudan nik guardia zibilekin... Ez dago sinisterik. Bizitza hori da: gora eta behera.
Eta Rikardo Arregi ezagutu zenuen.
Bai. Kartzelan Joseba Arregirekin egon nintzen. Arantzazuko bilkura egin zuen Euskaltzaindiak, eta arauak-eta lortu genituen. Lagunei alfabetatze klaseak ematen hasi ginen. Irten ginenean, anaiari kontatu zion; hura oso tematuta zegoen alfabetatzearekin. Elkartu ginen, eta esan zidan liburu bat egin behar nuela euskaraz. «Hik zertaz dakik?». Soziologiaren hastapenak idatzi nuen.
Alfabetatzea zen garai hartako behar nagusietako bat?
Dudarik gabe. Inork ez zuen ikasketarik euskaraz egin. Rikardo Arregi hil zen, eta guk segitu genuen alfabetatze klaseak ematen han eta hemen. Euskal Herri osoan bazegoen sare bat, eta material idatziak ere sortu genituen. Argitaratu ere bai, gero batzuek berrargitaratu zituztenak guri ezer galdetu gabe...
Lehen urratsak?
Lehen urratsak izan zen. Bere arrakasta izan zuen garai hartan.
«[Elhuyar] aurrena talde informal bat zen; hasieran Ingeniaritzakoak bakarrik ginen, eta gero saltsa handituz joan zen»
Arrasatera (Gipuzkoa) joan zinen gero, lanera.
Kasualitate handia izan zen hori ere. Arrasaten ibili nintzen makina elektrikoak, automatismoak eta elektronika irakasten lau urtez: 1971tik 1975era.
Alfabetatze lanak ordurako bukatuak ziren?
Bai, giro politikoak eraginda. Euskaltzaindian beldurra sartu zen ez ote ginen ari alfabetatzea aprobetxatzen propaganda politikoa eta azpilana egiteko. Hura bertan behera geratu zen.
Baina hori baino lehenago, Ingeniaritza Eskolan ginenean, euskaldun batzuk hitzaldiak eta euskarazko klaseak antolatzen hasi ginen; tartean ziren Mikel eta Kepa Zalbide. Arrasaten nengoela, deitu zidaten: elkartzekoak zirela, zerbait egiteko... Horrela sortu zen Elhuyar taldea. Hortik hasi eta hogei urtez, larunbatero bildu ginen.
Zein zen zuen grina nagusia?
Gure ideia nagusia zera zen: «Gu euskaldunak gara, euskaraz oso ondo moldatzen gara, alfabetatuta ere bagaude, baina gure ikasketa guztiak erdaraz egin ditugu, eta ez dago materialik euskaraz lan egin ahal izateko». Hori egin behar genuen. Zein zen kontua? Publikoa euskalduntzea arlo horretan, ala horretaz idatziko zuen jende bat gutxienez egon zedin lortzea? Horri heldu genion. Aurrena, kuadrilla bat behar genuen gai zena idazteko, azaltzeko... Horretan saiatu ginen.
Gaur egun Elhuyar instituzio bat da, baina behetik hasitakoa, ikusten denez.
Beherago ezin. Aurrena talde informal bat zen; hasieran Ingeniaritzakoak bakarrik ginen, eta gero hasi ziren Petrokimika Fakultatekoak, administraziokoak, ekonomialariak... Saltsa handituz joan zen. Ni ez naiz Elhuyarreko langilea izan inoiz. Sortzaile izan naiz, eta hogei urtez han ibilitakoa; gero, beste martxa bat eduki du.
«Dosifikatzea da kontua: ahal den neurrian ez traizio egitea hizkuntzak dakarren bideari, baina batzuetan salto batzuk eman behar dira»
Zure emaztea, Mari Karmen Aranburu, noiz ezagutu zenuen?
Lehenagotik ezagutzen nuen, baina 1968an hasi ginen elkarrekin, kartzelan sartu aurretik.
Gero etorriko ziren zuen alabak.
Aurrenekoa Arrasaten bizi ginela jaio zen, eta gero Usurbilera [Gipuzkoa] etorri ginen, Ekain kooperatiba sortzeko. Hemen etorri ziren beste bi alabak.
Eta UZEIra nola iritsi zinen?
UZEIren ideia zera izan zen: pentsatuz unibertsitate bat eduki beharko zuela Euskal Herriak eta euskarak bere lekua izan beharko zuela —gaiak euskaraz emango zirela—, horretarako prestatu egin behar zen. Elhuyarren ideiarekin bat zetorren hori, baina Joseba Intxausti oso abila zen harremanak egiten, eta lortu zuen erakunde berezi bat sortzea horretarako, eta hainbat alorretako espezialistak elkartzea hor lan egiteko. Zientzia gaietan Mikel Zalbide zegoen, baina momentu horretan Jaurlaritzaren hasiera zen, eta hara joan zen. Zientzia arloa hutsik geratu zen UZEIn, eta Joseba Intxaustik, arrantzale ona zenez...
Arrantzatu zintuen.
Bai. Aukera hori ireki zitzaidan, eta UZEIra iritsi nintzen. Hain zuzen, Elhuyarrekoak UZEIrekin lantzen ari ginen teknologia mekanikoaren terminologia. UZEIra iritsi nintzenean, esan zidaten hari azken orraztua egiteko. Orduan hasi nintzen terminologiaren teoriaren berri izaten. Bestalde, zera esan nion neure buruari: «Hi ofizioz aldatu haiz, lehengo ofizioak balio dik, baina hizkuntzalaritza mundu horrekin bilatu behar duk lotura». Nola egin hori? Doktoretza tesi bat egin nuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan; Jose Manuel Blecua izan nuen zuzendari.
Zeri buruz egin zenuen?
Ideia nagusia zera zen. Guk zer arazo nagusi daukagu? Gure herria eta hizkuntza ez datoz bat lan munduan; alegia, ez dugu ikasi euskaraz gure lanbidea, eta, gainera, ez da landu. Hizkuntzaren modernizazio arazo bat geneukan laneko beharrei erantzuteko. Arazo hori guk bakarrik daukagu, ala beste batzuek ere bai? Suomiera eta hebreera aztertu nituen.
Noiz modernizatzen da hizkuntza bat?
Hizkuntza batek bere lanak izaten ditu gizartearen martxari segitzeko, eta hori espontaneoki egin daiteke, baina normalean baliabide batzuk jarrita salbatzen da koska hori. Guk zer baliabide jarri behar ditugu? Ea ikasterik daukagun haiek egin dutenetik. Hori da ideia. Dosifikatzea da kontua: ahal den neurrian ez traizio egitea hizkuntzak dakarren bideari, baina batzuetan salto batzuk eman behar dira. Adibidez, euskaraz ez zeuden unibertsitario bezalako adjektibo erreferentzialak; orain baliabide hori ez da beti erabiltzen, baina erabiltzen da.
«Jakin genuen Genevan World Wide Weben mundu mailako lehen kongresua egingo zutela, eta hara joan ginen. Txundituta geratu ginen»
Entziklopedien mundura joan zinen gero.
Espezialitatekako hiztegiak egiten ari ginen, eta batzordeko kideetako bat Jose Ramon Etxeberria zen: «Eta euskarazko entziklopedia unibertsal bat noiz izango dugu?». Halako batean, erabakia hartu zen hori egin behar zela. Horretarako, proiektu bat egin zen UZEI, Elhuyar eta Elkar argitaletxea elkartuta: Eusenor. Tentatu ninduten ea horretara joango nintzen. Beste erabaki bat. Joan nintzen.
Beste mundu bat hori ere.
Hiru mundu dira: lexikografia, terminologia eta entziklopediagintza. Hiru arlo diferente dira, eta lan egiteko hiru modu. Gure helburua zen datu banku bat sortzea, eta hortik produktu diferenteak ateratzea. Gauza politak egin genituen: Eusenor entziklopedia, gazteen entziklopedia bat, beste entziklopedia bat CD-ROMean...
Digitalizazioa hasi zen.
Bai. 1994an Mari Karmen Garmendiak deitu zidan, esanez Kanadara joango zela, bazekiela entziklopedia egiten ari ginela, eta ea jaso zezakeen zerbait guretzat baliagarria izan zitekeena. Horretarako, araketa txiki bat egin behar nuen, eta Informatika Fakultatera joan nintzen, irakasle batengana. «A, bai, segituan ikusiko dugu», esan zidan. Macintosh txiki bat zeukan. «Bai, kongresu bat dago ez dakit non gai horietaz... Orain Alemaniara joango gara». Ez nion ulertu: joan, nola? «Internet bidez», esan zidan. Nik ez nekien zer zen Internet.
Horrela ezagutu zenuen?
Bai. Jakin genuen Genevan [Suitza] World Wide Weben mundu mailako lehen kongresua egingo zutela, eta hara joan ginen Jose Ramon Aizpurua eta biok; jakin behar genuen zer zen. Ikusi genuen, eta txundituta geratu ginen zetorrenarekin. Halako batean, pentsatu genuen enpresa bat sortzea, Interneteko zerbitzuak emango zituena: Plazagunea. Zerbitzua ematen genien ikastolei, enpresa batzuei, Egunkaria-ri... Harik eta Egunkaria itxi zuten arte. Guardia Zibilak eraman egin zuen zerbitzaria, eta gure bezeroei zerbitzurik eman ezinda utzi gintuen hilabetez.
«Batzuetan lanak gehiegi absorbitu nauela uste dut, nolabaiteko zor pixka bat bizkarreratu dudala. Zor hori kitatu nahian ari naiz»
Elkarren amaitu duzu ibilbidea, baina Euskaltzaindian segitu duzu gerora ere.
Ezagutzen ninduten, eta 2006an [Andres] Urrutiak deitu zidan: «Zer iruditzen zaizu zu euskaltzain izatea?». Sartu nintzen. Iker sailburu izan nintzen, eta arlo horretan lau urte egin nituen. Orduan hiztegia Ibon Sarasolak eramaten zuen, nire txikitako ikaskideak, eta utzi zuen. Eskaini zidaten, eta nik: «Bale!». Berriro ere. Niri amua botatzea nahiko erraza da: denari baietz. Oso berandu ikasi dut ezetz esaten. Horrek ere lanak eman dizkit: ezetz esaten ere jakin behar da. Gehiegitan esan dut baietz.
Baiezko horiek azaltzen dute zure ibilbidea.
Bai, eta gero familia dago, noski. Gauza baten falta sumatzen dut nik nire formakuntzan txikitatik: ni seme bakarra izan naiz, jesuitetako hamar urteetan erlijioa belarri zuloetatik atera ziguten —hori ja ezabatu nuen—, konpromiso soziala ere sartu ziguten, baina ez ziguten batere sartu alderdi emozionala eta afektiboa. Hori bizitzan ikasten da, baina batzuetan lanak gehiegi absorbitu nauela uste dut, nolabaiteko zor pixka bat bizkarreratu dudala. Hiru alaba dauzkagu, zazpi biloba, eta alderdi hori jubilatu ostean ari naiz lantzen. Zor hori kitatu nahian ari naiz.