Antzerkia

Euskal antzertia japoniar espirituaz bustia

XX. mendeko lehen hamarkadetako euskarazko antzerkiak hainbat eragin izan zituen: Irlandako antzerkia eta Japoniako No teatroa dira esanguratsuenak.

Japoniako No antzerkia.
Japoniako No antzerkia. BERRIA
Patri Urkizu-Urtzi Urkizu
2024ko urtarrilaren 09a
05:00
Entzun

Japoniako No teatroaren estetika eta teoria Zeamik (1363-1434) kodifikatu zituen. Berrehun urte geroago, Okura Teraakira iruzkingileak dioenez, No antzertiak faltsua dena erreal bilakatzen bide du: pertsonaia fantasmagorikoak ikusleengan benetakoak bailiran ageri dira. Honelakoxeak dira emakumearen pertsonaia Iru gudari antzezlanean eta atsoaren pertsonaia Negarrez igaro zan atsua lanean; beraz, ausartu daiteke esatera badela No teatro japoniarraren zantzurik XX. mendeko lehen hereneko euskal antzertian, Dublindik barrena iragan ondoren. Izan ere, XX. mende hasierako Irlandako antzerkigileek Japoniako antzerkia eraman zuten beren obretara. Ondotik, hainbat euskal sortzailek irlandar antzezlanak itzuli edo egokitu zituzten. Eta beste kasu batzuetan, euskarazko obra berrietan irlandar egileen espiritua nabari da —hartaz, bide batez, No japoniarrarena ere bai—.

Ezra Pound (Hailey, Idaho, AEB, 1885-Venezia, Italia, 1972) Japoniako No teatroaren aurkezle izan zen Mendebaldeko herrialdeetan. Ernest Fenollosa itzultzailearen eskuizkribuen jabe egin ondoren, Certain Noble Plays of Japan (1916) argitaratu zuen; Hermeseuskal aldizkarian kolaboratzaile ere izan zen.

Manu Sotak (Areeta, Bizkaia, 1897-Bilbo, 1987) Cambridgen (Erresuma Batua) ikasi zuen. Sotak Poundengandik edan zuen sarri. Bere obren artean daude euskal poema batzuk eta zenbait antzezlan. Azken horien artean, aipagarriak dira Ozti´n (J. Altunak euskaratua); Negarrez Igaro zan atsua (William Yeatsen Kathleen-ni Howlihan antzezlanaren birmoldaketa, eta Joseba Altunak euskaratua (Verdes inprimategia, 1933), Iru Gudari (Lauaxetak itzulia, 1933an), Libe (Sabino Aranak ere birmoldatu zuen), eta Urretxindorra (1934). Harena da Yanqui Hirsutus (Buenos Aires 1949) nobela ere. Funtsezko datua: Gerraurreko euskal letren mezenas izan zen.

Bada zer arakatua Japoniako No teatroak Sotaren antzezlanetan izan zuen eragineraino iritsi arteraino.

Emakume Abertzale Batza, 1932an, Leitzan.
Emakume Abertzale Batza, 1932an, Leitzan.

Emakume Abertzale Batza

1922an sortu zen Emakume Abertzale Batza, Ambrose V. Martin O´Daly irlandarrak Bilbon apirilean emandako hitzaldiaren ondoren. Baina 1923ko irailean debekatu egin zuen Primo de Rivera jeneralak. Ondotik, 1931. urtean berriro piztu zen, Bigarren Errepublikarekin. 1932an jada bazituen 116 egoitza Bizkaian, 66 Gipuzkoan, 12 Nafarroan eta 11 Araban. Haien helburuen artean zegoen anderea ongi prestatzea eta janztea bizitza modernorako. Takigrafia, mekanografia, euskara ikasiz, hala nola antzerki ikuskizunak prestatuz eta mendirako irteerak eginez. Euskaraz aritu ziren hiru andre antzerkigile dira nabarmentzekoak: Tene Mujika (Deba, Gipuzkoa 1888-1981): Gogo-oñazeak (1934), Gabon (1935); Katalina Eleizegi (Donostia, 1889-Lizarra, Nafarroa, 1963): Garbiñe (1917) , Loreti (1917), Jatsu (1934); eta Maria Etxabe (Zarautz, Gipuzkoa, 1904-1933): Iziarko ama (1929). Aipatzekoa da emakume abertzaleen talde hori garai hartako euskal antzerkigintza zertan zen ulertzeko. Eta, bide batez, gogoratzeko euskal gizartea nolakoa zen jabetzeko. Bidenabar, haiekin harremanetan baitziren garai hartako euskal antzerkigileak.

Bilbon bazen talde bat Donostiako Euzko Iztundearekin konpara daitekeena: Oldargi zuen izena, eta Manu Sotaren inguruan sortu zuten. Talde horrek bere estreinaldietan 150 pertsona inguru mugiarazten zituen. Estreinaldietako bat 1930eko martxoaren 8an izan zen, Bilboko Campos Elíseos antzokian: Oztin eta beste zenbait obra antzeztu zituzten.

Oztin antzezlana Manu Sotak gaztelaniaz idatzi zuen, eta Joseba Altunak euskaratu. Izan zuen harrera beroaren seinale, Euzkerea aldizkarian argitaratu ziren honako hitz hauek: «Oldargiko mutilek Bergaran, Durangon eta Bilbon antzeztu eben txalo andijak irabazirik». Antzezlanean ageri den gaia hauxe da: Mendi tontorrean bi artzain daude elkarrizketan: Mirotz eta Lirain. Azken horrek hirira jatsi nahi du, baina hark esaten dio: «Nayago yuat neuk artzain ezenkija ixatia, langile aberatsa baño». Hala ere, biak jaisten dira hirira eta ola batean lan egiten hasten dira. Ezbehar baten ondorioz, Lirain hil egiten da. Langileek euzko-abestia kantatzen diote, eta Mirotz triste gelditzen da aurpegia esku artean pentsakor. Hiria eta mendiaren arteko kontrajartze topiko horretan, lehengo garaien amesle eta berrien arriskuen aurkezle, ohar eszenografiko interesgarriak ageri dira.

Manu Sota idazle eta antzerkigilea.
Manu Sota idazle eta antzerkigilea.

Libe antzezlana, beste alde batetik, Sabino Aranak idatzi drama historiko ospetsuenetarikoa izan zen II. Errepublika garaian. Sotak birmoldatu zuen 1934an, eta zenbait aldiz arrakasta handiz jokatu zen; Bilboko Coliseo Albian ere antzeztu zuten, 1937ko otsailaren 4an, 36ko gerra gori-gori zegoenean.

Libe Bizkaian dago girotua, 1470ean: erromantizismoz beterik eta kutsaturik dagoen drama historikoa da. Protagonistak, Libek, Bilalako jaunaren alabak, Salinasko konde gaztelarrari ezkon-hitza eman dio Abendañotarren Andima, Ugarteko seme maiteminduari. Kritika ezberdinak izan zituen obra horrek komentariogileen partetik. Hala, Jose Ariztimuño Aitzol-ek Resurgimiento del Teatro Nacional delako artikuluan goraipatu egiten du, esanez abertzaletasunaren garaipena dela. Esteban Urkiaga Lauaxeta-k, bere aldetik, aipatzen ditu Sabino Aranaren kezkak, eta teatro juduarekin konparatzen ditu.

Sota, ordea, ez zen nornahi. Gizon jantzia, Cambridgen ikasia, eta artezale amorratua. Idatzi zituen zenbait poema euskaraz eta eleberri bat gaztelaniaz, baina batik bat teatro gizona izan zen. Jadanik 1925ean, gazteago zenean, bere Candilejas (Ensayo de autocrítica) lanean nabari zen antzerkigile ingelesak zituela gogoko. Baita irlandarrak ere. Sotak No japoniarretik edan zuen bere antzezlanetan, hortaz, kutsu irlandarretik jasotakoaren bidez. Sotak Irlandako hainbat lan itzuli baitzituen, eta, gero, Euskal Herriko antzokietara iritsi ziren.

Irlandarren eragina

Erresuma Batuko eta Irlandako idazleen eragina nabarmena da euskal antzerkigile batzuetan. Haien artean, James Barrie eleberrigile eta antzerkigilea eta Bernard Shaw antzerkigile irlandarra, ingeles teatroan garrantzitsuenetakoa. Azken hori Ibsenen jarraitzailea zen: gizarte burgesaren salatari, antzerti moralista eta polemikoaren alde.

Irlandako eta Erresuma Batuko idazleak, 1914an.
Irlandako eta Erresuma Batuko hainbat idazle, 1914an, Ingalaterrako Sussex hirian.

Barrie eta Shaw bezala, bada beste autore bat eta obra berezi bat aipatzen duena: Williams Yeats. Poeta eta dramagile irlandarra, mistizismoz eta abertzaletasunez betea. Lady Gregoryrekin batera, Abbey Theatren, irlandar anzerti mugimendu berria sortu zuen. Nobel saria jaso zuen 1923an, eta bere obrak mito zeltetan oinarritu eta Erdi Aroan kokatu gai mistiko-erlijiosoak aurkeztu zituen: The countess Cathleen (1893), Cathleen ni Hoolihan (1902), The Hour Glass (1903), The Unicorn from the Stars (1908), Plays for Dancers (1916)…  Azken hori Japoniako No teatroan oinarritua dago, non antzezleek maskarak daramatzaten eta bionbo baten aurrean antzezten duten. Ezaguna denez, Yeats eta Lady Gregory izan ziren teatro irlandarraren sortzaileak XIX. mende bukaeran. Baina ez zen Yeatsen dantza obraren parte funtsezko izatera kontsideratu, No antzerti japoniarra ezagutu arte; Ezra Poundek ezagutarazi zion antzerki mota hori, Sussexen elkarrekin bizi ziren garaian.

EZRA POUND
Ezra Pound Irlandako idazlea.

Negarrez igaro zan atsua antzezlana Verdes inprimategian argitaratu zen, 1933an, Bilbon. Baina lehenagotik ezagutua zen, zeren eta 1932an bertan Durangoko (Bizkaia) antzerkizaleek Arrasaten (Gipuzkoa) oholtzaratu zuten urriaren 9an; eta Galdakaon (Bizkaia) ere antzeztu zen, abenduaren 8an eta 11n. Lan horretan ere nabari da irlandar egileen eragina.

Manu Sota eta Esteban Urkiaga 'Lauaxeta'

Iru gudari ikuskizuna, berriz, honako leku hauetan jokatu zen: Arrasate (Gipuzkoa, 1932), Bilbo (1932), Donostia (1933), Zumaia (Gipuzkoa, 1934), Pasai Donibane (Gipuzkoa, 1934), Mutriku (Gipuzkoa, 1936), Zeanuri (Bizkaia, 1936), Bermeo (Bizkaia 1937), Bilbo (1937)… Iru gudari drama historikoa XIX. mendean kokatzen da, eta istorioa Nafarroako mendietan lekutzen, Lehen Karlistaldiaren garaian. Lehen ekitaldian hiru gudari heriotzara zigortuak izango dira, beren buruak euskaldunak kontsideratzeagatik. Manu Sotak eta Lauaxetak moldatu zuten antzerki hori. Bilboko Euzko Gaztedijak oholtzaratu zuen, gaztelaniaz.

Oldargi antzerki taldea.
Oldargi antzerki taldea, Iru gudari ikuskizuna antzeztu aitzin, Donostian, 1933an.

Euskal teatroak irlandarrarengandik jasan zuen eraginaz bada gehiago esateko. Padraic Pearse (Dublin, 1879-1916) antzerkigile eta idazle irlandarra An Claidheamh Soluis liga gaelikoaren egunkariaren editorea zen —Irlandako Independentzia Komandante gisa sinatu zuten zazpietarik bat—. Halaber, bere The Singer (1915) obra Sotak itzuli zuen gaztelaniara lehenik, eta Altunak euskaratu gero. Antzezlanaren gaia hauxe da: Bakartegi izeneko baserri batean Doniñe Zauritea andere ile urdinduna goruaz ari da lanean, Beti Lore alabaren eskua eta ezkontza hitza eskatzen dio Urtsak, baina erantzuten dio Manainekin dagoela maitemindurik. Azken hori bertsolaria da. Eztabaida politikoak pizten dira Urtsa sutsuaren eta Ibon zuhurraren artean. Azken horrek, adibidez, honako hau dio: «Gertu dago, Euzkadi gure aberrija, burrukarik andijena egiteako, baña erri au erabili biarko eban buruzagirik ezta agertzen…». Urtsa hogei zororekin borrokara joaten da, eta atzetik Manain ere besteekin «Euzkadi bixi datten…». Doniñe bakarrik gelditzen da baserrian suspirioka.

Miren de Eguren 'Negarrez igaro zan atsua' antzezlanean.
Miren Eguren Negarrez igaro zan atsua antzezlanean (1932).

Obra politikoa ez ezik, profetikoa ere izan zen antzerki hori, Pearse fusilatu egin baitzuten 1916an. Eta noski, itzultzailea ars amplificatoria legez ezagutzen den antzeaz baliatu zen bere birsorkuntza moldatzerakoan. Sota eta Lauaxeta izan ziren bereziki saiatu zirenak batez ere teatro irlandesa eredu gisa hartuta Pearse, Yeats eta belaunaldi hartako antzerkigileen egokitzapenak egiten.

Irlandako antzerkiaren eraginaren adibidetzat jo daiteke Miren bijotza pertsonaiaren gaineko honako pasarte hau: «Eztot besterik ikusi, eder-ederra zan neskatila bat baño, erregina baten antzera joyana… Erriko gastiak bere atzetik joyazan, sutsu abestuten… (Mai-ganera negarrez jausten da.)...(Astirotxu urreratuten asi dan mendigoxalien abestija, orain ederto entzuten da…)».

Bestetik, esan daiteke euskal teatroa kostunbrismotik ateratzen joan zela, eta antzerti politiko sinbolista bat lantzen eta irudikatzen joan zela urte haietan. 1936ko Aberri Egunean eta bezperan, 25 herritan bederen, antzerkiak jokatu ziren: adibidez, Mutrikun (Gipuzkoa), Iru gudari; Elorrion (Bizkaia), Buruzagiak; eta Zeanurin (Bizkaia), Negarrez igaro zan atsua.

Yeatsek, Ezra Pounden bitartez, Japoniako No teatroaren elementuak bereganatu zituen, eguneroko gertaerak giro poetiko batean txertatuz eta mito bilakatuz.

Japoniak bere sistema filosofiko propioa izan ez arren, aski orijinaltasunik bazuen bere egunerokotasunean txertatzeko konfuzionismotik, taoismotik eta budismotik. Horiek guztiak baliagarritzat jo zitezkeen herritarren espirituaren bilakaerarako eta zientziarako. Horrela bada, helbururik gabeko mundu zikliko batean, euren patxadak eta errepikak amaierarik gabeko denboraz —lehenik eta gerorik gabekoaz— mintzo dira. No antzerti japoniarrak hala egiten zuen, bederen. Irudi horiek eta espiritu hori XX. mendeko lehen hereneko euskal antzerkira iritsi zen, Irlandako idazle aitzindarien filtrotik igarota. Hortaz, Irlandan eta Euskal Herrian oholtzaratu ziren hainbat antzezlanetan No japoniarraren irudiak zeharka zeuden txertatuak, nahiz eta ikusleak horren jabe ez izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.