Pertsona bat ia ahotsik gabe geratzeko arrazoiak, edo ahotsa erabat erlastu eta zakartzeko arrazoiak asko eta oso diferenteak dira, baina horietan ohikoena ahotsaren erabilera desegokia da: bizkorregi hitz egitea, edo ozenegi bestela, edo hitz egiterakoan jarrera deserosoa, ez zuzena, mantentzea. Eta kausa horien ondorioz, ahots-kordak bortxatu eta larregi behartzen dira.
Aipatutako arrazoiez gain, estresak, katarro batek, laringitisak edo alergiak, edo bizi-ohitura ez oso osasungarriek ere afonia ekar dezakete, gaixotasunaren molestia guztiekin.
Arazoaren irtenbidea kaltea ekarri duen arrazoiari aurre egitea da, besterik gabe. Afonia puntuala baldin bada, ahotsa behartzeagatik gertatua alegia, aski izango da egun batzuetan gure eztarriari atseden ematearekin. Baina afonia behin eta berriz errepikatzen bada, arrazoia ahotsaren erabilera desegokia izango da seguruenik, eta kasu horietan, ahotsean espezializatua dagoen otorrinolaringologo edo foniatra batengana joatea gomendatzen da, ahotsa erabiltzeko teknika egokia irakats diezagun.
Aurreko neurri orokorrez gain, edari hotzak baztertzea komeni da, baita alkohola eta kafeina ere —deshidratatzaileak dira—, eta tabakoaren moduko ohitura desegokiak. Likido beroak edatea komeni da, eztiarekin nahastuta, eta giroa hezetzea. Sendabelarrak ere erabil daitezke —gargarak plantainarekin, kamamila-infusioak, edo ezkaia edabe eta infusio moduan, ahotsa arintzen duelako—.
Galdera
Nola zaindu afonia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu