Ematen du horrela diseinatu zutela Bilboko Moyua plaza: ibilgailu mordo baten hondoko zalaparta, motorren burrunbak, oinezkoen etengabeko joan-etorriak eta haien solasaldi ozenak, giroa apaldu beharrean anabasa nabarmenago egiten duen iturri emaritsua. Zarata guztiek egiten dute bat. Takoi batzuen kolpeek, orga baten gurpilen igurtziak, aldameneko kale bateko obrek. Gizon baten ahotsak. Bat-batean aditu da, semaforoen kolore aldaketak tarteka lagatzen duen lasaitasunari esker. Hallelujah ari da abesten metroko sarreretako baten ondoan, bozgorailu batez lagunduta. «Une batzuetan, topera jarrita ere, inork ez zaitu entzuten», azaldu du Jorgek. Sinestezina irudituko luke bestela: Moyua isila, Moyua apala. Moyua utopikoa.
Hilabete eskasean, Jorgek alde egin beharko du handik. Autoen, oinezkoen eta obren artetik. Bilboko Udalak terrazak arautzeko prestatu duen ordenantza berriak baldintzak zorroztuko dizkie kaleko musikariei ere, eta, besteak beste, eremu nagusietan jotzea debekatuko die: hala nola Moyuan, Kale Nagusian, Ertzillan eta Zazpikaleetan. «Araua ateratzen dutenean, etor dadila Polizia eta esan diezadala ezin naizela hemen egon, eta kito. Topatuko dut ibilbide bat herriz herri», esan du Jorgek, etsipenez. 175 musikari inguru ibiltzen dira hiriko kaleetan, eta haietako batzuek plataforma bat sortu dute ordenantza berriari aurre egiteko: SOS Bilboko Kaleko Artistak.
«Putzu batean bazaude, ezin duzu laguntza ahapeka eskatu; eztarria urratu behar duzu norbaitek entzun arte»
JORGEÂ Kaleko musikaria
Ez da izango Jorge lekuz aldatzen den lehen aldia. 67 urte ditu; obrako behargina izan zen 60 bete arte, eta erretiroa hartu zuenetik ari da kalean abesten. «Getxon ezin duzu kantatu; mila buelta eman nituen, eta azkenean erabaki nuen Bilbora etortzea». Baina Zazpikaleetara joateari ere utzi dio daborduko. «Turista bat ere kexatu zitzaidan, hirugarren solairuan zegoela eta molestatu egiten nuela. Moyuan ere, askotan Polizia etortzen da; norbaitek deitzen dio».
Jorgek nabarmendu du bakan batzuk baino ez direla kexatzen, eta gauza bera ondorioztatu daiteke Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak asteon egindako adierazpen batzuetatik: ordenantza berria gaitzetsi dute, baita Bilboko Udalak makroekitaldiak hobesteko daukan «joera» ere. Tatiana Hernandezek igarri duenez, jendeari gustatu egiten zaio kaleko musikariak entzutea. Zazpikaleetan ibiltzen da bera, biolinarekin. «Denetarik dago, lekuaren araberakoa da. Behin, balkoi batetik oihukatu zidaten alde egiteko, ezin nuela han jo, nahiz eta araututako ordu tartearen barruan nengoen eta udalaren baimena neukan». Indarrean dagoen ordenantzaren arabera, 10:00etatik 15:00etara bitartean jo dezakete, eta 17:00etatik 22:00etara.
«Behin, balkoi batetik oihukatu zidaten alde egiteko, ezin nuela han jo, nahiz eta araututako ordu tartearen barruan nengoen eta udalaren baimena neukan»
TATIANA HERNANDEZÂ Kaleko musikaria
Hernandezen ustez, oraingo baldintzak «egokiak» dira; udalaren asmoek ezustean harrapatu zuten. Manuel Lucio Ricardezek, aldiz, ez zuen haien berririk ere. 75 urte ditu, hamasei daramatza hiriko alde zaharreko kale kantoietan gitarrari eragiten, eta, gaur-gaurkoz, horrekin ateratzen du bizibidea. Lasai mintzatu da, dena den. «Batzuetan, bizilagunen bat jaitsi da esateko ama gaixo daukala; halakoetan, beste leku batera joaten naiz». Gauza bera egingo du ordenantza berria indarrean sartzen denean, apirilean. «Bilbo oso handia da; ezin badut hemen jo, beste leku batean joko dut».
Beldurrak uxatzeko
Gitarra doinu batzuk entzun ditu halako batean, eta haiei segika heldu da Ricardez dagoen tokiraino, belarriak zorroztuta hari mutur hori ez galtzeko Zazpikaleetako zalapartan. Hernandezen biolinaren akordeak ere erraz igaro litezke oharkabean, terraza giroari txertatutako eranskin bat baitirudite gitarra jolearengandik ehun bat metrora. Hernandez musika ikasten ari da Nafarroan —19 urte ditu— , asteburuetan itzultzen da Bilbora familiarekin egotera, eta egunok aprobetxatzen ditu jendaurrean praktikatzeko. Estimatzen ditu sosak, baina kaleak ematen duen ikusgaitasuna balioetsi du batik bat. «Lehenik eta behin, beldur eszenikoa galtzeko modu bat da, nik honetatik bizi nahi dut eta. Oso gustuko dut ausardia hori izatea, besteen aurrean jotzen seguru sentitzea». Enkarguak ere erdietsi ditu presentzia horri esker, ezkontzetan behar egiteko, nagusiki. «Ate mordo bat zabaldu dit».
«Bilbo oso handia da; ezin badut hemen jo, beste leku batean joko dut»
MANUEL LUCIO RICARDEZKaleko musikaria
Aldatu dira semaforoak ostera Moyua plazan, abiatu dira autoak. Zaratotsak estali ditu Hallelujah-ren azken ahapaldiak, klaxon batek zatitu du Jorgeren ahotsa. Moyuan zarata guztiak batu dira berriro, plazak zarata guztiak irentsi ditu berriro. «Putzu batean bazaude, ezin duzu laguntza ahapeka eskatu; eztarria urratu behar duzu norbaitek entzun arte», adierazi du abeslariak. Trankil, patxadatsu, baina ahotsa goratuta, ezinbestean. Sinestezina irudituko luke bestela. Utopikoa.