Jaiak. Iruñeko sanferminak

Non egon, diferentea da doinua

Sanferminek badituzte milaka aurpegi. Edozein egunetan, edozein momentutan eta edozein kaletako kantoian pitz daiteke festa. BERRIAk horietako bakan batzuk hautatu ditu, Iruñeko jaien erradiografia txikia egiteko.

Zaldiko Maldiko elkartea, aperitiboaren orduan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Zaldiko Maldiko elkartea, aperitiboaren orduan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Itsaso Jauregi - Uxue Rey Gorraiz
Iruñea
2026ko uztailaren 14a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

 

1

Herri Sanferminak

Herri Sanferminak guneko giroa.
Herri Sanferminak guneko giroa. IDOIA ZABALETA / FOKU

Iruñeko erdigunean geratzeko hamar urtez borrokatu behar izan duen txokoa.

Iruñeko O-ko Andre Maria plazan dagoen Herri Sanferminen gunean aurreko eguneko aztarnak daude oraindik: hutsik dauden edalontziek apaintzen dute zorua. Mikel Ansorenak banan-banan jaso ditu horietako batzuk, baita urezko altxorra gorde ere: izotza. Aurten hamar urte bete ditu Herri Sanferminen plataformak, eta hainbat borrokarekin bat egin dute sanferminetan. «Ospatu behar da auzolanean oinarritzen den espazio herrikoia. Borroken arteko sarea indartu nahi dugu», aipatu du Ansorenak.

Uztailaren 6ko suziriarekin batera alkohola ere ziztu bizian atera zen txosnetatik. Ansorenaren arabera, sanferminen lehen egunean produktu gehienak «berehala» agortu ziren, eta gauza bera gertatu zen larunbatean ere. Orain arte, Eider Salbide bezero gisa egon da txosnetan, baina barra atzean egoteko txanda ere iritsi zaio azkenean: «Sanferminetan masifikazioa nagusi da, eta horrek askotan bestak inpertsonalak izatea ekartzen du. Baina txosnetan giro herrikoia, euskalduna eta politikoa dago».

Oinarri politiko horietako bat Palestinarekiko elkartasuna da, eta horrela adierazten dute plazan dauden pankartek: Sionistak kanpora letra larriz idatzita dago agertokitik gertu. Bestetik, Salbidek azpimarratu izan du eraso arrazisten eta matxisten aurka egiteko protokolo «zurruna» jarri dutela martxan: «Eragileen arteko protokolo bat dago, eta erasorik badago irmoki erantzungo dugu; ez gara isilik geratuko». Protokoloaz gain, gizonen portaera zalantzan jartzeko asmoz kartel txiki batzuk jarri dituzte plazan: Gizon, zenbat leku okupatzen duzu?.

Herri Sanferminen oinarri politikoek soinu banda ere badute. Izan ere, arratsaldero antolatzen dituzte arrats antitaurino deiturikoak, zezen plazatik kanpoko kultur eskaintza bat eskaintzeko asmoz. 16:00etatik aurrera igo dira DJak eszenatokira, eta, pixkanaka, egunero dantzarazi dute jendea, besteak beste tekno musika lagun. «Noizbait lortuko dugu hau alternatiba bakarra ez izatea eta zezenketak amaitzea», aipatu du Salbidek. Hamar urte atzean utzita, hurrengo hamar urteetan hiriko erdigunean jarraitzea da asmoa.

2

San Jose plaza

Jus La Rocha rondallaren emanaldia Iruñeko San Jose plazan.
Jus La Rocha rondallaren emanaldia, Iruñeko San Jose plazan. UXUE REY GORRAIZ

Sanferminetako oroitzapen gehien pilatu zaizkienentzako egongela fresko bat.

Bero sapari aurre egiteko modurik efizienteena ez ote den etxe zuloan gelditzea, duda hori iruindar askok izanen zuten egunotan buruan bueltaka. Baina zer da, bada, San Jose plaza, ez bada egongela fresko eta eder bat. Astelehenez, hori hala dela sinetsita egin dute harainoko bidea ehunka herritarrek, gerizpe bila, baina ez horregatik bakarrik: Zaharren Eguna izaki, Jus La Rocha eta Yoar rondallen kontzertua izan dute plazan. Abanikoak eskuan, kanta eta kanta aritu dira eguerdian, gustura. Eta haien ezpainei erreparatu besterik ez dago ondorio hau ateratzeko: abesti guztien hitzak zekizkiten, hamarkadetan pilatu zaizkien kantaldi eta are sanfermin guztien seinale.

Iruñeko Udalak Sarasate pasealekuan antolatu ohi ditu Zaharren Egunari loturiko jarduerak, baina, aurten, gune hori eraberritzeko lanak direla medio, San Jose plazara mugitu dituzte emanaldiok, bai eta, adibidez, udalak eta Bertsozale Elkarteak antolatutako bertso saioak ere. 

Eta, itxura denez, aldaketak ez du jendea batere penatu. Bertso saioak arrakastatsuak izan dira, eta, oraingo honetan ere, harrera beroa izan dute kontzertuek. Gehienez ere, zera gelditu da agerian inoiz: guztientzako eserleku askirik ez zegoela. Lasterren ibili direnek baizik ez dute lortu aulki bana, eszenatokitik urrunxeago baina bankuetan jartzearen alde egin dute beste zenbaitek, eta batzuek taka-takak biratu eta haren gainean eseri beste erremediorik ez dute izan. 

Eta penarik ez, halere. Asteleheneko emanaldien artean, Jus La Rocha rondalla izan da agertokira igotzen lehenbizikoa, eta abeslari nagusiak hasieratik jakin du publikoa animatzen eta xaxatzen. Umoretsu, emakumea kontu kontari hasi da «senarrez» eta seme-alabez. «Seme-alabak ailegatu, eta fuera senarra! Baina ilobak ere badirenean tartean,... seme-alabak ere fuera, ezta?».

Minutuek aurrera egin ahala, gero eta animosoago aritu dira herritarrak, eta Clavelitos abestia hasi eta ziztuan jo du goia giroak. Kanta bukatutakoan, mezu goxo batekin egin du errematea abeslariak: «Hau desio dizuet: beti ikus dezazuela zeuen burua beste norbaiten begietan islatuta».

 

3

Oinez txokoa

Oinez txokoa
Oinez txokoan antolatu diren kontzertuetako bat. AITOR KARASATORRE / FOKU

Alde Zaharretik gertu familientzat dagoen arnasgune euskalduna.

Asteburuko ajearen eta nekearen atzamarretatik ihesi iritsi dira batzuk Taconera parke ondoan dagoen arnasgunera. Zuhaitzen itzal azpian siesta botatzen dute batzuk, betazalei bake momentu bat emanez. Zurrungen doinuek Oinez txokotik ateratzen den musikarekin egiten dute talka. 

Hala ere, Oinez txokoan boluntario gisa lanean ari direnek ez dute astirik izan itzalpean lokartzeko; leku batetik bestera doa Kato Perez ostalaritza arduraduna. Bertan dauden 24 boluntarioak koordinatzea da haren lana: sukaldariek talo beroak egiten dituzten bitartean, zerbitzariek edariak eskaintzen dizkiete egarri iristen diren bezeroei. Perezek azaldu duen bezala, beroa izan da sanferminen oztopo nagusia: «Uztailak 7ko eguna izan zen okerrena; gelditu gabe aritu ginen lanean goizeko laurak arte». 

Alde Zaharreko kale estuetatik kanpo aire freskoa arnasteko aukera dago Oinez txokoan. Berehala betetzen dira egurrezko mahaiak ume txikiak dituzten familiekin. Zorionez, bere lekua erreserbatu du Izaskun Naberanek semearen aulkitxoarekin. Umeak ez du ajerik, hala dio amak, baina begiak ixteko beharra sentitu du hala eta guztiz ere. «Oinez-en parte hartzea garrantzitsua da guretzat, eta horregatik etortzen gara urtero», xuxurlatu du Naberanek. 

Perezek irribarre batekin gogoratu du asteko unerik politena: «Txupinazoa hemendik ere jaurti genuen, Porrotxekin batera, eta oso giro polita sortu zen txikientzat». Batez ere Naberanena bezalako familiak elkartzen dira egunero txokoan, baina su artifizialak edo kontzertuak ikusteko, beste adin batzuetako jendea ere agertzen da, Perezek gogora ekarri duenez: «Denontzako txokoa izatea nahi dugu; gune euskaldun bat denontzat».

Txupinazoaren piztea barra atzetik entzun zuen Josune Arrazibi boluntarioak: bakarrik buruak ikusten zituen barra atzetik, eta begien bistara izan zuen, hain zuzen, ilara nola luzatzen zen etengabe, amaigabea iruditzeraino. Beste egun batzuetan arropa salmentaren postuan egon da, eta urte luzez boluntario gisa aritzeko asmoa duela ziurtatu du: «Euskara bultzatu behar da Nafarroan. Arriskutsua da gure izaera eta kultur euskalduna ahaztea».

4

Zaldiko Maldiko

Zaldiko Maldiko gunearen eta irudiak aperitiboaren orduan.
Zaldiko Maldiko, aperitiboaren orduan. IDOIA ZABALETA / FOKU

Gaiteroek txistulariak dantzan jarri zituztenekoa, eta beste milaka enkontru.

Iruñean euskarak dituen arnasgune sendoenetako bat da Antsoleaga kaleko Zaldiko Maldiko elkartea, eta halaxe da sanferminetan ere. Uztailaren 6an hasi eta 14an buka, euskara hutsezko hainbat emanaldi eta jarduera izaten dira elkartean, jai giroan gozatzeko bertaratzen diren herritarren artean ere euskara da nagusi, argiki, eta, oinarrian hori dela, zientoka anekdota, kariñozko enkontru eta hitz-aspertutarako tokia aurkitzen du jendeak hantxe. Aurten ere bai.

Iragan egunotan bizitakoak errepasatzen ari dira elkarteko sukaldean bi bazkide. Laura Ruiz de Galdeano da haietako bat; astelehen eguerdian, besteak beste hari egokitu zaio barran txanda egitea. Artean muturreko estresik gabe baina etengabe ari da frijituak eta edariak zerbitzatzen. 

«Gaur, tira...», esan du hasperenka baina irribarrea ahoan. Dioenez, jende andana espero dute bazkalordua iristerako, elkartean bazkaltzekoak baitira goiza kalez kale jotzen ibilitako Gaitistan orkestrako kideak, baina animoso dago edonola ere. «Printzesak bezala, gauerdian erretiratzea da gakoa; horrela egiten dugu aurrera», aitortu du. 

Bitartean, lokalaren kanpoaldean itzal bila dabiltza elkarteko zenbait bazkide eta lagun. Hain justu, arestian orkestrako kideek eginikoa dute ahotan haiek ere. «Txistulariak agertu direnekoa... mundiala izan da», esan dio batak besteari. «Halakoak izaten dira ederrenak, eta a zer kalitatea denek». 

Izan ere, sanferminetan ezustean sorrarazten diren eszenen adibide da Zaldiko Maldikon gertatutakoa. 12:00etan zen hastekoa Gaitistan orkestraren emanaldia, bertan, eta, halako batean, txistulari talde bat pasatu da kale horretatik beretik. Batzuen eta besteen doinua elkarren artean teilakatu da une batean, baina, jakina denez, nekez gainditu liteke gaita baten soinu zorrotza, eta, lekukoen arabera, azkenerako, gaiteroek dantzan jarri dituzte txistulariak.

Festen bukaera goxatze aldera, gaurko ere mimoz antolatu du egitarau bat Zaldiko Maldikok. 12:00etatik aurrera, jateko ugari izanen dira EHKOlektiboa elkartearen eskutik, eta, 13:00etan, D’ Capricho taldeak kontzertua emango du; alegia, euskal kantak Kubako erritmoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA