Donostiako Aste Nagusia

'Ñoñostiar' kaskarina izateko eguna

Donostiako Aste Nagusia Irrikitaldiarekin bukatzen dute piratek: irriz eta umorez, hiriko erakunde nagusien parodia bat egiten dute, satira bat, dotore-dotore jantzita —ez denak—. Horrela biribilduko dituzte gaur Gipuzkoako hiriburuko jaiak.

Iazko Irrikitaldia, Donostiako Santa Maria elizako atarian. JOSEBA PARRON SAN SEBASTIAN / IRUTXULOKO HITZA
Iazko Irrikitaldia, Donostiako Santa Maria elizako atarian. JOSEBA PARRON SAN SEBASTIAN / IRUTXULOKO HITZA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2025eko abuztuaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sebastian bat bada zeruan —antza—, baina Donostia bat bakarra da munduan? Donostiarren estereotipoa betetzen dutenak asko dira, bai: jertsea sorbaldan lotu, Kontxan toldoa eduki, ingelesa Lacunza akademian ikasi, «euskara» eskola katoliko pribatu batean, erdaraz bizi, parranda badiari begira egin, Gaztelubide elkartean angulak afaldu, «sobran» duten etxea pisu turistiko bihurtu eta Tenis Klubean bermuta hartu ohi dute donostiar askok. Beste askok, ordea, jertsea gerrian lotzen dute, ingelesa eskola publikoan ikasi dute, euskaraz bizi dira, parranda portuan egiten dute, afari solidarioak banatzen dizkiete beharra dutenei, nekez ordain dezakete alokairua, eta piratak dira.

Kortsario zein pirata, eta estereotipoak estereotipo, denak dira donostiarrak. Baina denak ez dira berdinak. Dena dela, itxuraz mugak lausotu egiten dira Irrikitaldian, eta piratak, antzaldatu: belle époque garaiko aristokrata, Donostiako alkate, apaiz, militar, torero, zezen, Albako dukesa, Easo Ederra, Eusko Jaurlaritzako sailburu, turista galdu, guardia zibil eta Maria Cristina hoteleko langile bihurtzen dira. Gaur, ñoñostiartasunik kaskarinenaren apologia egingo dute itxuraz, eta parodia bat egingo dute benetan, beren buruaz barre egiteko satira bat.

(ID_17544107232995) IRRIKITALDIA 2012
Irrikitaldiko parte hartzaile batzuk, 2012an. DONOSTIAKO PIRATAK

«Irrikitaldia Aste Nagusiari amaiera ematen dion piraten ekitaldia da, eta piraten mugimendua edukiz janzteko sortutako ekitaldi bat ere bada. Izenak berak dio: irriz, umorez eta ironiaz egiten den ekitaldi bat da, baina ekitaldi politiko bat ere bada», nabarmendu du Beñat Apalategik. Bera izan zen Donostia lehen aldiz abordatu zuten pirata haietako bat.

2003an agerraldi bat egin zuten hainbat auzotako jai batzordeek, gazte asanbladek eta tabernek, abordatzera deitzeko. Arrakasta handia izan zuen, eta hurrengo urtean kontzertuak antolatzen hasi ziren. Mugimendua handituz joan zen, eta horregatik sortu zituzten kofradiak. Gaur egun Donostiako Aste Nagusia ezin da ulertu piratarik gabe.

«Piraten mugimendua edukiz janzteko sortutako ekitaldi bat da Irrikitaldia. Irriz egiten den ekitaldi bat da, baina ekitaldi politiko bat ere bada»

BEÑAT APALATEGI Pirata

Piraten mugimendua sortu zutenetik orain arte bere horretan eutsi dion egitasmo bakarra, abordatzeaz gain, Irrikitaldia da. 2006an egin zuten lehen aldiz. «Jaiei amaiera emateko ekitaldi baten bila genbiltzan», azaldu du Apalategik. Izan ere, Donostiako festei hasiera ematen dien kanoikada 1993an egin zuten lehen aldiz, eta hiriko udalak ez du bukaera ekitaldirik oraindik ere. Piratek ematen diete, urtero, Aste Nagusiko azken igandean; gaur, alegia.

Barrura begirakoa

«Piraten mugimenduak lanean pasatzen du aste osoa, eta egun horretarako Flamenka desmuntatuta dago, eta ardura gehienak —guztiak ez, noski— amaitutzat ematen dira. Orduan, bada mugimenduarentzat barrura begira garrantzia daukan festa-parranda-ekitaldi bat», nabarmendu du Apalategik. «Astea ospatzeko aukera bat da», erantsi du Aiora Enparantzak; bera aritzen da, besteak beste, Irrikitaldia antolatzen gaur egun.

«Normalean Ikatz kaletik ateratzen gara, eta Bulebarreko kioskora joaten gara. Han diskurtso bat egiten dugu, eta paseoan joaten gara Santa Maria elizaraino, Kale Nagusitik, salbea parodiatzen», azaldu du Enparantzak. Izan ere, 1995ean Odon Elorza alkateak bertan behera utzi zuen salbea: Donostiako agintariak udaletxetik Santa Maria elizako mezara paseoan joaten ziren Kale Nagusitik, eta istilu ugari sortzen ziren.

«Pertsonaiak ia beti berberak dira: apaiza, alkatea, toreroa, militarra... Horiek urtero daude. Urtean gertatu diren gauzen arabera, pertsonaia batzuk edo besteak daude»

AIORA ENPARANTZA Pirata

«Hori parodiatuz eta horri lotuta belle époque garaiko Donostia hori, aldarrikatu nahi dugu Donostia ez dela saldu ziguten hura: langile auzoak zeudela, baserriak zeudela... Ironiaz eta parodiaz, hori ekartzen dugu gurera. Piratek jaiak eraldaketa sozialerako tresna gisa hartzen dituzten momentutik, baditu oinarri ideologiko batzuk, eta hori guztia zabaltzeko eta edukiz janzteko sortutako ekitaldi bat da Irrikitaldia», gaineratu du Apalategik.

Irrikitaldia 2024
Jendez lepo egon zen Irrikitaldia iaz. JOSEBA PARRON SAN SEBASTIAN / IRUTXULOKO HITZA

Beraz, Irrikitaldia «hiriko instituzioei buruzko satira bat da, eta, zehazki, lehenago egiten zen salbearen parodia bat», Enparantzak laburbildu duenez. «Herri antzerkia da», nabarmendu du. Izan ere, Bulebarreko kioskoan eta Santa Maria elizako atarian antzerkia egin ohi dute pirata batzuek, urtean izandako hiru bat gertakari oinarri hartuta. «Pertsonaiak ia beti berberak dira: apaiza, alkatea, toreroa, militarra... Horiek urtero daude. Garaiaren arabera edo urtean gertatu diren gauzen arabera, pertsonaia batzuk edo besteak daude», kontatu du Enparantzak. Eneko Goia alkate izendatu zutenetik, esaterako, Goia sariak ere banatzen dituzte Irrikitaldian.

«Irrikitaldia kritika politikorako erabiltzen da, baina nork buruaz barre egiteko ere bai, 'ñoñostiarrismoaz' barre egiteko»

BEÑAT APALATEGI Pirata

Beste pertsonaia batzuk agertu eta desagertu egin dira. Esaterako, Donostian uda pasatu ohi zuen Cayetana Fitz-James Stuart Albako dukesak, eta flamenkoa dantzatu izan du Irrikitaldian... haren mozorroa zuen batek, noski. «Iaz Kosta Zuzendaritza sartu genuen, eta Marisol Garmendia bat-batean... Nerea Arriolak esan zidan bera zegoenean apaizak ez zuela ezer esaten, pixka bat figurantea zela, baina halako batean pisu handiagoa hartu zuen, eta diskurtsoak egiten hasi zen. [Donostiako gotzain Jose Ignacio] Munillak asko lagundu zuen: adierazpenak egiten zituenean, sartu behar izan genuen», esan du Enparantzak, barrez.

Hasierako lau katuak

Hartu duen tamaina ez zuten espero Irrikitaldia sortu zutenean, Apalategik kontatu duenez: «Piraten mugimendu guztia horrela izan da pixka bat, hasieran abordatzea bezala: hasieran lau katuk esan zuten: ‘Egin dezagun hau’. Garai hartan lotsa gutxi genuen, edo galtzeko ez geneukan ezer. Aurrera egiteko gogoa, grina bai, eta prentsaurreko bat egin genuen, Irrikitaldia iragartzeko. Hogei bat bonbin erosi genituen, eta hasieran ideia halako zerbait zen, baina horretan geratu zen».

Garai hartan, gainera, Kale Nagusiko paseoak garrantzi handiagoa zeukan antzerkiak berak baino. Hori aldatu egin da, Apalategiren esanetan: «Gaur egun, antzerkiak beste pisu bat hartzen du, baina orduan inprobisatuagoa izan zen: ekitaldia, suziri bat, pun-pun-pun, hitz batzuk, eta goazen parrandara!».

Lehen Irrikitaldia, 2006an. DONOSTIAKO PIRATAK
Lehen Irrikitaldia, 2006an. DONOSTIAKO PIRATAK

Izan ere, zenbat eta jende gehiagok parte hartu paseoan, orduan eta luzeagoa da. «Gogoratzen naiz lehen photocall-a egiten zela Kale Nagusiaren hasieran, baina hainbeste jende elkartzen zenez, ezin zen, gehiegi luzatzen zen. Orain ez da egiten», gogoratu du Enparantzak.

Aste Nagusia hasi baino lehen hasten dira Irrikitaldia prestatzen, Enparantzaren arabera: «Elkartzen garenean-eta ideiak botatzen ditugu: zer pasatu da aurten?, zer iruditu zaigu kritikagarria? Horiek lotzen saiatzen gara istorio erdi-logiko batekin». Hala ere, bene-benetako prestaketa Aste Nagusian bertan egiten dute: «Aurreko asteko asteazkenean izan genuen bilera, ideiak bota genituen, eta astean zehar hori konpontzen saiatu gara denbora guztian: jendea lotzen, jantziak, atrezzoa...».

Bizirik

Edonola ere, parte hartzaile guztiak dira antzezle Irrikitaldian, eta hori oso gustuko du Enparantzak: «Batzuek kristoren ideiak izaten dituzte. Izozkiarekin joaten dira, tenistaz jantzita... Jendeak kristoren ideiak dauzka, eta bizirik dagoen ekitaldi bat da. Niri gustatzen zait Irrikitaldiak herri antzerkiaren izaera edukitzea».

Anekdotak, noski, milaka dituzte. «Juan Karlos Izagirre alkate zen garaian, bat Juan Karlosez mozorrotu zen, motor batekin zihoan... eta bat-batean Juan Karlos bera azaldu zen! Elkarrekin argazkiak atera zituzten. Beste urte batean, Goiak Korrikako lekukoa ez zuen hartu, eta horren parodia egin zuten Irrikitaldian —YouTuben dago bideoa: mundiala da—», kontatu du Apalategik.

«Halako batean, apaizak pisu handiagoa hartu zuen, eta diskurtsoak egiten hasi zen. Munillak asko lagundu zuen: adierazpenak egiten zituenean, sartu behar izan genuen»

AIORA ENPARANTZA Pirata

Enparantzak Odon Elorzarena egin du, meza mutilarena... eta Arantxa Tapiarena ere bai: «Nik behin Arantxa Tapiarena egin nuen, eta bi pertsona etorri zitzaizkidan esanez beren nagusia zela, eta ea argazki bat bidal geniezaiokeen. Argazki bat bidali genion Arantxa Tapiari».

«Irrikitaldia kritika politikorako erabiltzen da, baina nork bere buruaz barre egiteko ere bai, ñoñostiarrismoaz barre egiteko. Piratek badituzte oinarri ideologiko batzuk: feministak dira, euskaltzaleak, jasangarritasunaren alde daude, gune autogestionatuak eta okupatuak defendatzen dituzte... Ideia horiek guztiak umorearen bidez kanalizatzeko tresna bat da Irrikitaldia», biribildu du Apalategik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.