Familiako kideak urrun dituen pisukidea. Bikotekidea izan arren, bakarrik bizi den laguna. Gurasoak hilak dituen alaba bakarra. Familiarekin harremanik ez duen senidea. Hiru seme-alabadun guraso bakarra. Laguna zaindu nahi duen laguna. Denek behar dituzte harremanak eta loturak, bizitzaren bihurguneetan bidea markatzen lagunduko dietenak, bolada zailetan zainduko dituztenak. Izan ere, bizitza adina bizitza eredu daude, baina denek ez dute ingurukoak zaintzeko aukera bera. Nork eusten dio halakoen bizitzari?
Inguruan zuen errealitateak bultzatuta hasi zen gaiaz hausnartzen Iratxe Amantegi, Agintzari Gizarte Ekimeneko Kooperatibako kidea: elkarrekin bizi ziren bi lagun zituen, gertuko familiarik ez zutenak. Bata gaixotzen zenean, besteak lanera joan behar izaten zuen, eta ezin zuten elkar zaindu. Beste lagun bat, berriz, alaba bakarra zen, gurasoak hilak zituen, eta ez zuen zainduko zuen inor. Orduan pentsatuak gogorarazi ditu: «Zergatik ezin du norberak aukeratu nor zaindu? Zergatik eduki behar dut agian zaindu nahi ez dudan norbait zaintzeko eskubidea, ez badut inolako harremanik harekin? Eskubide batzuk derrigorrez edukitzea bezala da, ez dauka zentzurik».
Agintzarin lanean ari zen ordurako, eta, elkartearen oinarriekin bat egiten zuela ikusita, errektoretza kontseiluan hori proposatzea bururatu zitzaion: bakoitzak erabaki dezala nor zaindu nahi duen, eta arrazoirik eman gabe, gainera. «Idatzi bat egin nuen, familia eredu gehiago zeudela, familia aukeratu egiten dela, eta ezin dela inor behartu argudiatuz: jende asko bakarrik bizi da, eta sistemak pertsona horiek gehiago zigortzen ditu, ez dutelako zainduko dituen inor». Begi onez ikusi zuten, eta talde bat sortu zuten, ideia horri forma emateko.
«Eskubide sozialen oinarria desfamiliarizatzea ezinbestekoa dugu nahi baldin badugu gizarte justuago batean bizi eta nahi baldin badugu zaintza beste modu batean pentsatu»
MARTA LUXANÂ Soziologoa eta EHUko irakaslea
Proposamena onartu eta gutxira jarri zuten martxan. Kooperatibako bazkideek soilik dute eredu horretan parte hartzeko aukera, eta konfiantzan oinarritzen direla aipatu du: «Sistema tradizionalari uko egin behar diozu, borondatez, eta izena ematen duzu eredu berrian. Baina hori hitzezko hitzarmen bat da; izan ere, nire ama hiltzen bada eta ez badaukat bertan sartuta, inork ezin dit galarazi baimena hartzea. Legeak sistema hori babesten du». Dena den, ez dute inolako arazorik izan.
Harremanen mapak osatzeko hainbat eredu daude: erakunde batzuetan, bakoitzari legez dagozkionez gain, pertsona kopuru jakin bat zerrendatzeko aukera ematen dute —bost pertsona, adibidez—. Agintzarik diseinatutako ereduan, baina, zerrenda berri bat sortzen dute hutsetik, norberak erabaki dezan legez dagozkion pertsona horiek zaindu nahi dituen ala ez. «Gaur egun, lehenengo odolkidetasun mailan zazpi pertsona jar ditzakegu, eta beste zazpi bigarren mailan. Orain, maskotak sartu ala ez eztabaidatzen ari gara».
Orain arteko esperientziaren balorazio oso positiboa egin dutela nabarmendu du Amantegik. Jendeari hasieran harridura eragiten diola, baina berehala ikusten dutela zentzuduna dela: «Gainera, bizitza bezain espontaneoa da: nahi duzunean alda dezakezu. Eredu hau eremu publikora eraman beharko litzateke: publikoa izan beharko litzateke honetan guztian eredu».
Zaintzaren garrantzia
Urteak dira mugimendu feminista zaintza krisiaz ohartarazten hasi zela, eta hark sortzen dituen desorekak salatzen dituela. Horren ondorio dira horrelako proposamenak, Marta Luxan soziologo eta EHUko irakaslearen ustetan: «Zaintzarena izan zen 2023ko greba feministaren gai zentraletako bat, eta loturagramak [familia nuklearretik at, zaintzeko baimenak zabaltzea eta handitzea] aldarrikapen zehatz bat izan ziren. Gerora zenbait erakunde publikotan eta zenbait kooperatibatan hori martxan jartzea lortu bada, aitortza egin behar zaio mugimendu feministari».
Hain zuzen ere, adierazi du gizarteak harremanak ulertzeko duen modua dagoela zaintzarako baimenak hartzeko eskubidea familiarentzat soilik izatearen atzean. «Bizi garen gizartean, harremanen hierarkizazio bat dago. Familiarekin lotutako harremanak badirudi garrantzitsuagoak direla gainerakoak baino. Arazoa da eskubide sozialak hierarkia horren arabera esleitu direla. Hau da, odolkidetasunezko eta afiliaziozko harreman horiei lehentasuna eman zaie». Gogoratu du berdin gertatzen dela pentsioekin, etxebizitzekin, arkitekturarekin eta zaintza baimenekin.
Mailaketa horretan, koska bat beherago geratzen dira laguntasun harremanak. Praktikan, ordea, erakundeek ematen dioten baino garrantzi handiagoa dutela nabarmendu du soziologoak. Hala ikusi dute adiskidetasunari buruz egiten ari diren ikerketan: «Ikusten ari gara lagun sareek garrantzi handia dutela pertsona batzuen eguneroko bizitzaren sostenguan. Jende askok hartzen dituela kontuan lagunak gauza batzuk antolatzeko». Datu bat ere gogora ekarri du, familia ereduak aldatzen ari direla erakusteko: Eustatek 2016an argitaratutako estatistika baten arabera, EAEn familia nuklearrak ez dira %50era iristen —ez dago Euskal Herri osoko daturik—.
«Aukeratu behar duzunean dilemak sortzen dira, baina 'guai' dago halakoak izatea ere. Interesgarria da»
JUAN FERNANDEZÂ Zabalduz Ekimen Sozialeko kooperatibako kidea
Horrexegatik uste du positiboa dela harremanen mapa berriak sortzea: laguntasun harremanei garrantzi handiagoa eman baino gehiago, gaur egun duten balioa aitortzen dietelako. «Niretzat, eskubide sozialen oinarria desfamiliarizatzea ezinbestekoa dugu nahi baldin badugu gizarte justuago batean bizi eta nahi baldin badugu zaintza beste modu batean pentsatu».
Orain arte aipatutako ereduei erreparatuta, uste du interesgarriagoa dela izen zerrenda hutsetik hastea proposatzen duena: «Zuk izan ditzakezu seme-alabak, baina Atlantikoaren beste aldean. Eta badirudi, era berean, familiakoekin harreman ona izan behar duzula beti. Eta ez du zertan horrela izan. Irekitze horretan aukera gehiago sartzen dira».
Dena den, arautze orok dauka bere arriskua, eta zerrenda bat osatze horrek harremanen nolabaiteko hierarkia bat markatzera behartzen dutela onartu du soziologoak: «Egia da hasten baldin bagara adiskidetasunarekin lotutako harremanak arautzen, beti geratuko dela zerbait kanpoan». Esate baterako, gerta daiteke zehaztu behar den pertsona kopurua baino jende gehiago zaindu nahi izatea.
Baina, horren guztiaren gainetik, norberak zaindu nahi dituen pertsonak askatasunez aukeratzearen alde egin du Luxanek ere, beste bizimodu batzuk sortzeko lagungarri dela sinetsita baitago. Horregatik ari dira, hain justu, adiskidetasun feministak aztertzen, ikusteko nola harreman horiek eraldaketarako tresna izan daitezkeen: «Guretzat interesgarria da ikustea zer-nolako garrantzia duten eguneroko bizitzaren sostenguan, zer-nolako garrantzia duten beste bizitza eredu batzuk pentsatzeko, eta ez bakarrik pentsatzeko, baizik eta praktikan jartzeko, gaur egun, hemen eta orain».
Teoriatik praktikara
Aukerak hor daude, eta badaude praktikara eramatea lortu dutenak. Zabalduz Ekimen Sozialeko Kooperatibako langilea da Juan Fernandez, eta Agintzariren eredua bere egin zuen kooperatibak. Aukera sortu zenean, baiezkoa eman zuen: «Uste dut ondo dagoela zuk izendatzea zure harremanak, eta zaintzea aukeratutako familia esaten diegun pertsona horiek. Hor sartu daitezke odoleko familiako kideak, baina baita hortik kanpo harremanak ditugun pertsona horiek guztiak ere».
Agintzariren ereduari jarraituz, hamalau pertsonako zerrenda bat osatzeko aukera ematen diete bazkideei Zabalduz-en. Haien kasuan, baita bi maskota ere —halakoetan, hamabi pertsona aukeratu beharko lituzkete gehienez—. Hamabi pertsonako zerrenda osatu zuen Fernandezek: «Nire kasuan, familiako eta lagun sareko kideak sartu nituen. Nire bikotekidea ere sartu nuen: Uruguaiko mutil bat da, eta ez dut legezkotasun loturarik harekin. Elkarrekin bizi izan gara lehenago, eta egia da gaur egun bizikide izateagatik, leku berean erroldatuta egoteagatik, zaintza eskubide batzuk dituzula. Baina orain ez gara elkarrekin bizi; orduan, ez nuke inolako baimenik izango hura zaintzeko». Osatutako zerrendari esker bai, ordea.
Hainbat irizpide hartu zituen kontuan zerrenda osatzerakoan. Esate baterako, aukeratutako kide horiek babes sarerik ba ote duten ala ez. «Baditut babes sarea hemen duten lagunak, eta, orduan, hemen babes sare txikiagoa duten pertsonengan pentsatu nuen: pertsona migranteak, familia osoa kanpoan dutenak... Uste dut badirela familiatik kanpoko lotura horien beharra duten pertsonak, eta sare horiek ezinbestekoak direla haientzat: guraso bakarreko familiak, LGTB familiak, harremanak beste leku batetik egiten dituztenak...».
«Zergatik eduki behar dut agian zaindu nahi ez dudan norbait zaintzeko eskubidea, ez badut inolako harremanik harekin?»
IRATXE AMANTEGIÂ Agintzari Gizarte Ekimeneko Kooperatibako kidea
Baina ez da hain erraza zerrenda osatzea, eta aukeraketa egiteak zalantzak edo kezkak sortu zizkion. Hala onartu du: «Pertsona batzuekin zalantzak izan nituen. Baneuzkan oso gertukoak, oso lagunak direnak, eta sartu ahal izango nituen, baina esaten nuen: ‘Horrek badu sare bat’. Aukeratu behar duzunean, dilemak sortzen dira, baina guai dago horiek izatea ere. Interesgarria da».
Eta aukera eman dio behar duten horiek zaintzeko. Zerrendan sartu zuen lagun batek bularreko minbizia izan duela kontatu du, eta aukeratutako ereduak bide eman diola tratamendua jaso bitarteko prozesuan laguntzeko. «Ez zuen babes handirik familiaren aldetik, eta babes sare bat osatu genuen lagun horrentzat. Nik, adibidez, baimen egunak erabili ahal izan nituen, medikuarekin zituen hitzorduetara laguntzeko, eta gero arratsaldean harekin geratzeko, etxea garbitzen laguntzeko, batzuetan harekin lo egiteko...».
Horregatik uste du neurria positiboa dela, eta lan hitzarmen kolektiboetan sartu beharko liratekeela etorkizunean: «Ni LGTB militantzia espazioetatik nator, eta uste dut eredu honek aurrea hartu diela sindikatuek, enpresek eta langileek izan ditzaketen eztabaidei. Uste dut etorkizunean hitzarmen kolektiboetan agertuko dela. Presenteago egon beharko litzateke, norberak zaindu nahi dituen pertsonak aukeratu ditzan. Gainera, jendea zaintzeko da, ez oporretara joateko...».