Arropa hainbatetan aipatu du bidaian, baina autobusa Bermeon (Bizkaia) sartu denean konbentzitu da guztiz: datorren urteko Madalen Egunean bera ere mahonez jantzita etorriko dela esan die lagunei. Hala doa-eta leihotik ikusten ari den jende gehiena. Aitaginarrebak mahonezko praka batzuk ei ditu, baina ikusi beharko ea neurria ondo datorkion... Edo, agian, gona bat eros dezake, erosoagoa baita... Erabakia hartua du autobusa Lamera parkera heldu denerako: gonaren alde egin duela iragarri die lagunei ibilgailutik jaisten ari ziren bitartean.
Berdin du, baina. Oharkabean igaro dira haren kamiseta urdin iluna eta praka bakero argiak. Kolorearen ñabardura guztiak eta oihalen testura denak irentsi baititu txistularien atzetik porturantz abiatu den jendetzak, baita lepoan lotutako arrantzale zapiak ere, eta plastikozko poltsekin zamatutako eskuak. Gidari batek azalpenak eman behar izan dizkio bere inguruan bildutako turista saldoari: Bermeok eta Mundakak (Bizkaia) traineru lasterketa bat egin zutela erabakitzeko norena izango zen Izaro, bermeotarrak gailendu zirela, eta uhartearen jabetza aldarrikatzera doazela lagun horiek guztiak, urtero legez, ontzi bat hartuta eta teila bat jaurtiz itsas zabalean.

Txistularien doinuak desagertu dira, ordea, eta oraindik uretaratu barik dago Naiara Imatz Zarandona. «Frustratuak» daudela egin du oihu haren lagunak, umorez, baina sakelakoari begiratzeari utzi gabe, barkurik ez daukatelako oraindik. Kuadrillarekin batera joaten dira, teila nola botatzen duten ikusteko aurrena, Mundakan hamaiketako bat hartzeko segidan, eta Elantxobera (Bizkaia) abiatzeko azkenik. 18:00etan itzultzen dira Bermeora, eta jaioterrian borobiltzen dute parranda. «Baina, urtez urte, gero eta ontzi gutxiago joaten da», egin du ñabardura Imatzek. «Eta, aurten, gainera, Elantxobeko pantalana obretan dago, eta atrakatzeko zail egongo da».
Beranduago itsasoratzen da Itsasne Diez, instituzioetako ordezkarien barkua Bermeora itzultzen denean, eta beharbada hori dela-eta igartzen zaio Imatzi eta haren lagunari baino patxada handiagoa. Norgehiagokarena aitatu du —«esaten dute bermeotarrek tranpak egin zituztela, baina guk ezetz pentsatzen dugu»—, baina kondairak bainoago, familian errotuta dagoen ohitura izateak egiten du berezi eguna. «Txikitatik joan izan naiz aitagaz. Aita jada ez dator, adinekoa da-eta, baina guk oraindino segitzen dugu joaten eta erreibindikatzen Izaro bermeotarra dela», adierazi du, irribarretsu.
Herriko bandera
Ontzien segizioari moilatik jarraitu diote Mari Tere Maurik eta Bihotza Begoñak, eta Izarora joaten zireneko garaiak ekarri dituzte akordura. «Barku handiak egoten ziren, arrantzontziak, eta orain ez daude. Izugarrizko aldaketa egon da. Orain turismo ontziak dira denak; arrantzalerik ez dago», nabarmendu du Maurik. Gogoan dute korrika joaten zirela nonbait lekua lortzeko. «‘Hor zenbat jende dago?’, esaten zuten. Dozena erdi. ‘Ba, barrura!’. Gaur egun ez dago inprobisaziorik», penatu da Begoña. Hamalau urte baino gehiago dira madalenak lehorrean igarotzen dituztela.
«Lehen, arrantzontziak egoten ziren. Orain, turismo ontziak dira denak»
MARI TERE MAURI Bermeoko herritarra
Berandu dabil Hilario Aurtenetxe. Aurreko urteetan itsasoan egoten zen daborduko, baina oraingoan lehorrean egon behar izan du ia eguerdira arte. Berrogei urte daramatza Izaron ikurrina eta Bermeoko bandera igotzen, eta urteurren borobila aprobetxatu dute hari omenaldia egiteko. 34 urte zituela egin zion proposamena garaiko alkateak, Jose Mari Ormaetxeak, ikurrina baino ez astintzeko hasieran. Orduko hartan herriak ez zeukan-eta bandera propiorik, futbol taldearena zen zuri-gorri hura besterik ez, baina oihal propio bat sortzeko gestioak abiatu zituzten mende bukaeran. 2002ko madalenetatik, biak izaten ditu Aurtenetxek. Hunkituta kontatu ditu oroitzapenok, eta ekitaldia bukatu eta ziztuan egin du porturantz; gainontzekoak txistularien atzetik jaitsi dira.
Atzean laga dute Bermeo. Jende mordo bat igo da kai muturrera ontziak agurtzeko, eta han geratu dira barkuak desagertu direnean ere. Itsas zabalean, segizioa gelditu egin da bat-batean; ontziaren ertzera gerturatu da Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea, eta igo egin du teila mardula. Bi berba dauzka pintatuta, Alkartasunien ospatuz, urteurrena bete duten herriko lau elkarteri keinu egiteko: Alkartasuna dantza taldeari, erraldoien konpartsari, Benito Barrueta arte elkarteari eta abesbatzari. Hondoratu da teila azkenik, eta, urrunean, ikurrina eta Bermeoko bandera astindu ditu Aurtenetxek. Oraingoan ez da hain oharkabean igaro.Â
