Argitsua da formula, eta distiratsua ideia: argiz egitea argi Gabonari. Estimulu emozionala eta ongizatea bonbillen dirdiraz emana. Gabonetako espiritua existitzen da. Eta espiritu kritikoaren argia fundi dezake. Bonbillak erre. Distiraren itsutasuna da hori: milaka euroko gastua eta ezkutuko lehia. Nork gehiago, nork lehenago, eta nork ikusgarriago. Diseinu apurtzaileak eta teknologia berriak. Besteei kopiatutako formulak eta egiteko moduak. Din, dan eta don. Eguberri (on). Piztu argiak.
Grinch zuen izena Theodor Seuss idazle eta karikaturagile estatubatuarrak sortutako pertsonaia hark. Gorroto zituen Gabonak. Eta harenak dirudite gaiari buruzko lehen lerro erretxindu horiek, baina Gabonetako argiek sortzen duten efektua guztiz kontrakoa da, ia beti. «Estimulu atseginak dira burmuinarentzat: kolore epelak, forma erregularrak, mugimendu leunak... Gure sistema bisualak erraz prozesatzen dituen ereduak dira», azaldu du Maitane Ormazabal psikologoak. Eta «ongizate sotil bat» sortzen dutela azpimarratu: «Burmuinak loturak egiten ditu: argiak eta dekorazioa lotzen ditugu haurtzaroko oroitzapen atseginekin. Familia, etxeko berotasuna, jai giroa... Eta lotura horiek aktibatzen direnean, garunak estres seinalea apaltzen du, eta segurtasun sentsazioa sortu». Oso ongi. Baina hori guztia ez da egiten jendeak gehiago kontsumitu dezan? «Burmuina lasaituta dagoenean, erabakiak azkarrago eta defentsa gutxiagorekin hartzen dira. Giro estetiko atsegin bat sortzea merkatarientzat ez da apaingarri soil bat: egoera emozional aproposa da sortzen dutena. Ez da manipulazio zuzen bat. Giro atseginak ez gaitu kontsumitzera behartzen, baina defentsarik gabe uzten gaitu».
«Ez da manipulazio zuzen bat. Argiak ez gaitu kontsumitzera behartzen, baina giroak defentsarik gabe uzten gaitu»
MAITANE ORMAZABALPsikologoa
Izan ere, Gabonak badira erritual bat. Baina Gabonetako argiak trumilka jartzea eta haiek piztea ere bihurtu da erritual bat. «Eta erritualek antsietate sentsazioa leundu eta komunitate sentsazioa handitzen dute». Hori da Gabonetako espiritua? «Espiritua edo magia bainoago, efektu multzo bat da: memoria emozionala, kultura, eta ongizate psikosoziala nahasten direnean sortzen da», azaldu du Ormazabalek.
Jarri dituzte argiak hiriburuetan
Eta hasi da argien errituala. Joan den asteazkenean piztu zituzten Bilbon. Goiztiarrenak izan dira haiek, nahiz eta iaz baino lau egun geroago piztu dituzten. LED motako 1.504.252 argi. Juan Maria Aburto alkateak sakatu zuen botoia. Aurrekontua: 430.000 euro ―iazko berbera―. Ostiralean piztu zituzten argiak Donostian, Gasteizen eta Baionan. Piztea bera bihurtu dute aurten ere ikuskizun Donostian: 500 drone —iaz 200 bakarrik izan ziren—, eta Izaroren emanaldia. Donostia ametsetan deitu diote. Ordubete geroago egin dute aurten, Black Friday eguna izan zenez jendeak azken unera arte erosketak egin ahal izateko. Izotz pista eta Miramar magikoa dira aurten berritasunak. Aurrekontua: 650.000 euro argientzat, eta 90.000 euro haiek pizteko ekitaldiarentzat. Gasteizen ere egun berean piztu zituzten: dekoraziorako 740 elementu. Aurrekontua: 211.700 euro ―%25eko igoera―. Baionan ere ostiraletik daude argiak piztuta. Iazko aurrekontua: 235.000 euro —%5eko jaitsiera—. Eta larunbatean piztu zituzten argiak Iruñean. Argiluna izeneko ikuskizuna: argiak eta soinua. Jon Koldoren emanaldia. LED motako 1.100.000 argi. Aurrekontua: 372.136 euro ―iazko berbera―. Baionan eta Iruñean debekatu egin dituzte jada zerura jaurtitzen diren faroltxoak. Baina batuketa eginda, ia bi milioiko gastua ateratzen da bost hiriburu horien artean. Jar diezaiola norberak neurria.

Egongo da gehiegikeria iruditzen zaionik. Baina Ormazabalek zera dio: «Gabonetako kontsumoa ez da gehiegikeria bat bakarrik; sinboloen kolapso bat da. Kontsumismoa hutsune baten sintoma da; argiak, berriz, hutsune horren kontrako erantzun poetikoa. Bi dinamika horiek batera existitzen dira: bata mekanikoa da, bestea sinbolikoa».
Eta bata izan edo bestea izan, zalantzarik ez dagoena da fenomeno bat bihurtu dela Gabonetako argiena. Eta bonbillak bihurtu direla jendea erakartzeko amu. Argiaren turismoa sortu da, eta sustatzen da. Oier Kamiruaga turismo teknikaria da, eta Txakoli Motagane jatetxeko kudeatzailea. Eguberrietako argien fenomenoa «marketin emozionalaren» alorrean sartu beharreko beste elementu bat dela dio: «Gehiago saltzeko, hotelak betetzeko, jendea jatetxeetara eta komertzioetara erakartzeko, eta lepo kontsumitzeko. Horretarako egiten da».
«Emozioak ukitzen dizkizutenean, galduta zaude. Zure kritikarako gaitasuna desaktibatu egiten da»
OIER KAMIRUAGATurismo teknikaria
Argiena, gainera, sare sozialen bidez eta dirurik jarri gabe egiten den beste marketinerako «eszenatoki perfektua» dela nabarmendu du Kamiruagak: «Norberak daraman bizitza zoragarri eta perfektu hori erakusteko». Eta inor gutxi akordatzen dela argiaren kutsaduraz, lotarako eragindako zailtasunez, CO2 emisioez, edo argi horiek ekoizten dituzten herrialde pobretuez. «Gustuko dut esaldi bat: ‘Protesta bakoitzeko, egin itzazu hiru proposamen’. Eta badaude beste modu batzuk aipatzen ari garen hori lortzeko eta herrian eragin positiboa izateko». Errenkadan aipatu ditu: «Artearen bidez, muralen bidez, erakar daiteke jendea, eta herria apaintzen dute. Kultura, artea eta musika erabiliz ere erakar daiteke jendea. Dekorazio naturala ere erabil daiteke, gero birziklatu daitekeena». Argiak eta horien inguruan sortzen den guztia «itsuskeria bat» iruditzen zaio Kamiruagari: «Errazenera goaz: dena argiz bete. Mundua zelan dagoen ikusita, beste hausnarketa batzuk egin ahal dira. Baina emozioak ukitzen dizkizutenean, galduta zaude. Zure kritikarako gaitasuna desaktibatu egiten dute».
«Nabaritu dugu argiei balio handiagoa ematen zaiela. Badago-eta jendea horiek ikustera propio joaten dena»
NEKANE GONZALEZ DE MENDIBILMurbidecor enpresako zuzendari nagusia
Argi dagoena da argien sektorea distira betean dagoela. Murbidecor enpresako zuzendari nagusia da Nekane Gonzalez de Mendibil. Erandion (Bizkaia) dute egoitza. «Udalekin aritzen gara, baina hotelekin, dendekin, eta merkataritza guneekin ere bai». Sumatu dute aldaketa, eta hazkundea: «Nabaritu duguna da argiei balio handiagoa ematen zaiela. Badago-eta jendea argi horiek ikustera propio joaten dena». Dioenez, «benetako aldaketa» duela hamar bat urte gertatu zen: orduan hasi ei ziren udalak-eta «gehiago inbertitzen». Teknologian izandako aldaketa nabarmendu du: «Hasierako bonbilla hura ordezkatu, eta LED sistemakoak erabiltzen dira orain. Kontsumoa oso-oso txikia da, eta argiak askoz ere jasangarriagoak dira». Efektuetan izandakoa: «Sistema ezberdinak erabiltzen dira argi horien ordena eta irudiak aldatzeko, proiekzioak egiteko...». Eta diseinuan egondakoa: «Herrien arabera egiten dira diseinuak, herritarrak eta herria identifikatzeko. Gure kulturarekin zerikusia duten gauza oso politak egin daitezke».
«Orain, bostehun biztanleko udalek ere euren ahalegina egiten dute, eta aurrekontuen zatitxo bat argietarako gorde»
MIGUEL BORRAJOArgilinex enpresako kidea
Miguel Borrajo Argilinex enpresako kidea da. Errigoitin daukate egoitza (Bizkaia). «Hogei urte daramatzagu argiztapen artistikoaren alorrean lanean. 18 urte nituenetik ari naiz honetan, eta 52 dauzkat. Aldaketa guztia bizi izan dut. Bonbillekin hasi ginen, hari argidunen garaia ere bizi izan nuen, eta LED teknologiarekin ari gara orain. Dagoen onena eta eraginkorrena da. Eta erosoa lanerako». Akordatu da hasiera haietaz: «Gaur egun, pieza eder bat hartu eta furgonetan sartuta eraman dezakezu. 25 kilo dauzka, 80 watt kontsumitzen ditu, eta hiru brida hartuta jartzen duzu edozein tokitan, bi orduan. Lehen, egundoko tramankuluak ziren, eta eskailera handi batekin zeneukan joan beharra. Sekulako pisua zeukaten, eta sekulako kontsumoa».

Azken hamar urteotan gertatu dena «ikaragarria» izan dela dio Borrajok: «Lehen, hiri handietan eta merkataritza gune handietan bakarrik jartzen ziren halakoak. Orain, bostehun biztanleko udalek ere euren ahalegina egiten dute, eta euren aurrekontu txikiaren zatitxo bat argietarako gorde. Eta jendeari gustatu egiten zaio». Beraz, Eguberri (on), eta piztu argiak.