Aisialdia

Oasia basamortu bihurtu da

Bero handirik egiten ez duenean igerilekuak ezohiko lekuak izaten diren arren, badira uretan ibiltzeari utzi ezin diotenak eta estalita dauden igerilekuetara doazenak.

Iruñeko Club Natacion kirol elkarteko igerilekua, hutsik. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2023ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Bero handia egiten duenean hiriaren erdigunean dauden oasi modukoak izaten dira igerilekuak. Tenperatura jaisten denean, aldiz, oasia basamortu bihurtzen da. Adibidez, Iruñeko Club Natacion kirol elkarteko igerilekua hutsik egon da azken egunotan. Joan den astean, aldiz, jendez lepo zegoen.

Kirol elkarteko atarian jendea ikusten den arren, barruan pertsona gutxi daude. Ataritik sartu bezain pronto, igerilekura bidean frontoi bat dago. Mahaiz eta aulkiz josita dago, baina pertsona bakarra dago. Eguzkitsu dagoenean «jendetza» biltzen dela esan du Ruben Berriok, Club Natacion kirol elkarteko koordinatzaileak.

Igerilekuetara joateko zubi bat zeharkatu behar da, Arga ibaia pasatzen delako azpitik. Zubi azpian pertsona bakarra dago; zinpeko begiralea. Albo batetik bestera dabil, aspertu xamar, ez baitu lan handirik. Errekak sakonera gutxi duen arren, presak txirrista moduko bat sortzen duenez, egun beroetan haur eta gazte asko ibiltzen dira txirristan behera. «Ontziratzeko lekua dagoenez, uretatik pasatu, eta klubera sartzen saiatzen dira pertsona batzuk», esan du Berriok.

Igerilekurako bidea ere hutsik dago, eta aldageletan pertsona bakarra dutxatzen ari da. Kanpoan bi igerileku daude, baina ez da entzuten oihurik, eta ez dago inor hizketan, korrikan edota uretan. Igerilekua hutsik dago. Urrunean sorosleak daude. Asper-asper eginda daudelako, itzalpeekin kanpin denda bat egin dute. «Jenderik ez dagoen egunetan edozer bilatzen dugu denbora pasatzeko; kartetan aritzen gara, hizketan edota itzalpeekin jolasten», esan du Xabier Rey sorosleak.

Egun osoan bi lagun egon dira uretan. Reyk azaldu du tenperatura «pixka bat» jaisten denean jendeak «erraz» kale egiten duela. Iker Garamendiak, adibidez, ez du egun osoa igerilekuan pasatzen, baina ohitura dauka ordu batzuetan haurrekin joateko. Euria iragarri zutenez, estalita dauden igerilekuetara joan da haurrekin: «Haurrak igeri egiten ikasten ari direnez, oso zaila da dinamika horretatik ateratzea eta ulertaraztea ezin garela igerilekura joan». Neopreno eta guzti bainatzen ari dira: «Gaur ura epela dago, baina, batzuetan ura fresko dagoenez, prest etorri gara».

Inguruan ez dago zaratarik, eta gehienbat ura eta igerilekua martxan jartzeko makinak entzuten dira, eta erraietan pertsona bakarra dago. Bat-batean Garamendiaren ahotsa entzun da. «Ez, ez, debekatuta dago», esan du erdi barrezka haurrek ito-pasada bat egiten dioten bitartean. Kar-kar, hasi dira irribarretsu.

Alternatiba, gimnasioa

Kanpoko igerilekuak hutsik dauden arren, geroz eta jende gehiago pasatzen da zubitik. Hala ere, denak estalita dagoen igerilekura doaz. Zinpeko begiralea asper-asper eginda dago, eta frontoian dauden mahaietan beste pertsona bat dago. Bero handirik egiten ez duen arren, tarteka eguzkiak gogor jotzen du. «27 gradutik jaisten garenean jendeak uste du ezin direla kanpoan egon, baina lasai asko egon daitezke eguzkia hartzen», esan du koordinatzaileak. Hala ere, inork ez du igerilekura sartu nahi. Horrelakoetan nahiago izaten dute estalita dagoen igerilekura edo gimnasiora joan.

Gimnasioa ohi baino beteago dagoela diote gimnasioko langileek: «Ikusten da hotza egiten duela eta ikasturtea hasi dela. Eguraldi ona egiten duenean ez dago inor arratsaldean. Joan den astean, adibidez, hutsik zegoen». Zarata gutxi dago, eta, batez ere, jendea arnasestuka edo hasperenka, eta makinen zarata entzuten da. Batzuek aurpegi ona duten arren, askok sufrimendu aurpegia dute. Bakoitza berean ari da, elkarren arten hitz egin gabe eta haririk gabeko aurikularrekin musika entzuten.

Makina gehienak okupatuta daude. Batzuk pisua altxatzen ari dira, beste batzuk abdominalak egiten, eta horietako asko kalera begira daude, korrika, bizikleta n edo eliptikoan ibiltzen. Bertan, leiho handi bat dago, eta erreka ikusten da. Horietako bat, eliptikoan dabil, eta, paisaia ikusi bitartean, telesail bat ikusten ari da. Leihotik ikus daiteke, joan den astean ez bezala, errekan ez dagoela inor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.