«Olentzero jin zaigu menditik herrira/ zahar gazte guzien alegeratzera». Manex Pagolak idatzi kantua aditu daiteke Miarritzeko mediatekako erakusketa gelaren erdian (Lapurdi). Zahar eta gazte franko alegeratuko zituen Olentzerok azken egun hauetan, hari buruzko erakusketan ez baita gehiago nehor ageri. Goiz hotzak zerikusia izanen du bisitaririk ez izatearekin, baina badirudi jendea oraino ezin trenpuan eman ari dela, gehiegizko bazkari eta afarien ondotik. Mediatekako langileak liburuak sailkatzen ari dira, eta, gibeleko mahaietan, bizpahiru ikasle ikasten ari, kafea eskuetan, urtarril hastapeneko azterketei begira jarriak hain segur.
Olentzero, argiaren mezularia. Hala deitu dute Olentzeroren Lagunak elkarteak, EKEk eta Miarritzeko mediatekak antolatu erakusketa. Eleketa egitasmoaren hiru zutabe ageri dira gelaren luzera guzian, eta, inguruan, Olentzeroren ohitura azaltzen duten panel batzuk daude. Erakusketaren gibelean, berriz, xoko bat atondu dute haurrendako, margoak emanik mahai apal batean.
Lehen paneletik argi utzi nahi izan dute: «Olentzerok Bizarzurirekin ez du deus ikustekorik». Olentzerok bisaia beltza du, igitaia alde batean eta arnoz bete xahakoa bertzean. Bizkar gainean, berriz, ikatz bete zaku darama. Erraten da, bertzalde, 366 begi dituela, urte berriaren adierazle gisa, eta mezu garrantzitsua dakarrela berarekin, menditik jaisten ari dela. Urte berria iragartzen du, tradizio zaharraren arabera. Berantago, bertze erranahi bat txertatu zaio Olentzeroren funtzioari. Aita Satrustegiren arabera, Jesu Kristo sortu zelarik horren berri ematera joan zen pertsonaia litzateke, menditik ibarretako herrietara lasterka jautsia.
Hendaiako Olentzero
Egun zabaldua bada ere Olentzero Ipar Euskal Herriko eskoletan eta karriketan ikusteko usaia, ez da beti hala izan. Ezin da jakin xuxen noizko ohitura den, baina, Eleketa egitasmoko zutabeetako lekukotasunetan ageri denez, 1947an Olentzero berriz ospatzen hasi ziren Hendaian (Lapurdi). Audio artxibo zahar batean, Andoni Etxarri entzuten da, ohiturari buruzko azalpenak ematen. Haren erranetan, Bigarren Mundu Gerla hasi baino lehen, Olentzeroren ohitura existitzen zen Bidasoaldean. Gerlaren ondotik berreskuratu zuten ohitura, eta Etxarri oroitzen da 1947an, 4 zituela, Olentzero mozorrotu zutela.

Bidasoaldetik kanpo, 1969an hasi ziren ohitura berreskuratzen, Arrangoitzen (Lapurdi) Seaskaren lehen ikastola sortu zelarik. Libe Goñi Seaskako lehen andereñoetarik batek azaltzen du ipuinak kontatuz sarrarazi zituztela Olentzero eta Mari Domingi klasean. Ez da argi nola sortu zen bien arteko lotura, baina uste du Mari Domingiren pertsonaia ipuin batetik datorrela. «Emazte behartsu bat da, baina emazte handia. Herriko jendea hartaz trufatzen zen, baina bihotz handia zuen. Olentzerok deitu omen zion laguntza eske, eta halaxe sortu omen zen bien artekoa». Olentzeroren eta Mari Domingiren ohituraren eta historiaren ertz batzuk falta dira, baina, nabarmentzen duenez, garrantzitsuena da haurrei lotura horren interpretazioa eraikitzen utzi behar zaiela. «Gauza anitz ez dakizkigu, baina ez da beharrezkoa jakitea. Garrantzitsuena da haurren imajinazioari lekua uztea gisa horretako kondairetan».