Maratila

Ohoinak

Aurelia Arkotxa.
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Duela 2500 urte inguruko istorioak dira. Huts perfektua –n idatziak. Lie Tseu filosofo taoistak. (Lie Tseu esistitu bazen bederen, batzuk baitiote ezetz). Tao-aren araberako istorioak. Erran nahi baita, erdi bideko legearen arabera bizitzeko gomendioak. Ohoinen (lapurren) istorioan Lie Tseuk dio gobernariek ez dietela ohoinei sobera gerla egin behar. Ez direla zokoak sobera miatu behar gobernatzen delarik. Ez dela «ur zolan igerika dabiltzan arrainen» ondotik ibili behar. Nahikoa dela zuzendari duin baten izendatzea herrialdeko lapurren kasatzeko. Zuzendariaren portamodua etsenplu izanen dela besteendako. Eta duintasunaren zentzua sartzean lurraldean, ohoinak berak desagertuko direla. Gobernatu nahi duenak lehenik bere buruaren gobernatzen duela jakin behar. Bat ordenuan ez delarik bere baitan, hark zuzentzen duen lurraldea ere ez. Umilitatea dela beharrezko manatzen duenarentzat. Harrokeria kalte. Prudentzia bertute. Aspaldiko istorio zaharra kondatzen du Lie Tseuk: herrialde bateko manatzaileak bere eremuen mugetaraino igorri omen zuen Sing Tze, bere jeneralik hoberena, etsaien larderiatzera. Jeneralak etsaiak haizatu omen zituen bai, baina haren zuzendaria ez omen zen alegeratu berri ona jakinez. Tristatu baizik. Sing Tze-ri erran omen zion: «Uren goititzeak hiru egun baino gehiago ez du irauten. Haize kolpeak eta erauntsiak goiz bat ere ez dute irauten. Eta zer ez nezake erran eguzkiaz! Bere puntu gorenean ez du istante bat ere irauten. Zinez, ez dut uste etsaien kontrako biktoria alegeratzeko berria dela. Zorionaren ekartzeko orde, zorigaitza ekar liezaguke». Lie Tseuk dio Konfuziuz-i gustatu zitzaiola erantzun hori: biktoria lortu ondoan zuzendaria ez zelako alegeratu. Hots, Tao-an zentraturik egon zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.