Hala erran die irakasleak: «Arreta jarri, irri egin eta entzun musika». Musikarik ez da hasi oraindik, eta ikasleak gelaren bi bazterretan daude esperoan, erdigunetik babesten dituen segurtasun perimetroan. Lehen notekin batera atera dira erdira, modu ordenatuan eta elkarren gibeletik. Hanken, besoen eta jauzien artean elkarri begira dauden begitxoek pizten dute arreta. Berdin-berdin du non entseatzen duten: zoriontasuna ez da lau hormaren artean kabitzen.
Verdini dantza taldea emanaldi bat ontzen ari da Donostiako Manteo kiroldegian; hain zuzen ere, Aste Nagusian eginen dutena, bihar, Plaza Berrian. Mimoz eta ilusioz ari dira dantzan, biharkoa «plaza berezia» baita dantzarientzat. «Guretzat oso berezia da Konstituzio plazan dantzatzea, noiz eta abuztuaren 15ean gainera, Aste Nagusiko egun handian», azaldu du Isabel Verdini taldeko zuzendariak (Donostia, 1971). «Ohore bat da horretarako aukera izatea, eta asko eskertzen diogu Donostiako Udalari, edonork ez baitu saio hori egiteko aukerarik izaten». 20:00etan hasiko da ikuskizuna.
Hori bai, aukerak probesten jakin behar da, eta dantzariak nor diren erakustera joanen dira bihar. «Erakutsi nahi dugu zer den Verdini, nork osatzen duen, nolakoak garen eta zer egiten dugun hemen; zertarako gauden hemen», erran du zuzendariak. Downen sindromea duten dantzariek eta haien irakasleek osatzen dute Verdini, eta ikusgaitasuna eta errekonozimendua lortu nahian ateratzen dira oholtzara, bertzeak bertze. «Dantzari onak dira, finak, eta inolako arazorik gabe egin dezakete dantza, beste edozer egin dezaketen moduan». Erraza dirudi ulertzen, baina denek ez dute hain argi ikusten.

«Gizarte honetan jende asko dago gure ikasleak gutxiesten dituena, edo uste duena Downen sindromea izateagatik ezin direla dantzatu, edo ezin dutela kantu bat gogoan hartu. Horregatik sortu ginen gu, egia esan nahi dugulako». Eta egia horren berri izateko, ikuskizun batera joatea bertzerik ez dago, dena kabitzen baita Verdiniren oholtzan: politika, maitasuna, familia eta dantza.
Duela 31 urte sortu zen Verdini dantza taldea; Isabel Verdini dagoeneko dantza irakaslea zen, baina nahiago izan zuen norabidea aldatu eta talde propioa sortu. Haur gutxi batzuk zeuzkan hasieran —tartean iloba—, eta guztiek zuten desgaitasunen bat. «Dantzari izan nahi zuten, eta nik haiengan sinistu besterik ez nuen egin», oroitu du. Sinistu ez ezik, ametsa betetzeko laguntza eta babesa eman zizkien irakasleak. «Jendeak ikusi behar du lan egiten bada edonork lortu dezakeela edozer». Duela hemeretzi urte batu zen bidaiara Aizpea Mujika ere (Donostia, 1980); Verdiniren ikaslea zen, eta hark egin zion dantza taldean sartzeko gonbita. «Asko gustatzen zait dantzatzea, nire pasioetako bat da, eta Isak [Isabel Verdinik] galdegin zidan ea nik ere izan nahi nuen dantza taldearen parte. Ez dut gogoan zalantzarik egin nuenik ere», kontatu du Mujikak.
Gaurko perspektibatik iraganera begiratuz gero, erraza dirudi bideak: oinarrizko aldarri bat eta txalo zaparrada bat. Zuhaitza, baina, beti ez da hain agudo hazten. «Ate asko ireki behar izan ditugu, lehenak izan baikara gauza askotan, eta, gainera, hasieran nekez sinisten zuten gugan», erran du Verdinik. Giltza sarrailan sartuta ere, ate batzuk ez ziren sekula ireki. «Zaila da haize kontra joatea», azaldu du Mujikak, «nahiz eta gero irabazian atera beti». «Gauza jakin bat egiten lehendabizikoak izateak beti dakar borroka eta apustu handiago bat egitea, nolabaiteko presioa. Baina merezi izan du». Verdini bera ere kontent dago lortzen ari diren emaitzekin, baina onartu du beti ez dela hain erraza eta hain eramangarria izan.
«Verdini ez da bakarrik publikoari zer garen erakustea eta gure aldarriak egitea: dantza talde hau harremanek osatzen dute, eta horiek osatzen gaituzte gu»
AIZPEA MUJIKA Verdini dantza taldeko kidea
«Batzuetan demostratu hitza handiegia egiten zait, eta nekatu egiten nau. Frogatzera eta egiaztatzera goaz beti, baina berez ez luke horrela behar; guk ez genuke ezer demostratu beharko inor gutxietsi izan ez balute», erran du zuzendariak. Ikusgaitasuna lortzea dute xede, jendeak jakin dezan zer den Downen sindromea izatea, «ikus dezaten nolakoak izan gaitezkeen».
Joan den urtean Donostiako Urrezko Danborra eman zioten dantza taldeari, eta bertze hainbat sari ere jaso dituzte azkeneko bortz urteetan. Saria bera, edozein dela ere, egindako lanaren aitortza bat da. «Badirudi jendea ulertzen hasi dela denok lortu dezakegula amesten dugun hori, eta ez dagoela mugarik; mugak, azkenean, kanpotik jartzen dizkigute. Baina oraindik ere asko dago erakusteko, eta guk oraindik jarraitu behar dugu Downen sindromea zer den erakusten», azaldu du Verdinik.
Gozatu bertze sufritu
Ez Mujikak ez Verdinik ez zuten zalantzan jarri proiektua, baina negar anitz eginak dira hona iristerako. «Eta oraindik ere egiten dugu, e!», erran du Mujikak. Elkarri goxo-goxo begiratuta oroitu dute min handia hartu izan dutela, eta gozatu duten bertze sufritu izan dutela anitzetan. «Gertatu zaigu jendeak aurpegi txarra jartzea, iruzkin desegokiak egitea, gure ikasleak gutxiestea eta beldurra emango balute bezala tratatzea. Ez dira tentelak, eta segituan nabaritzen dute nola begiratzen dieten», kontatu du Verdinik, negarrari ia eutsi ezinda. «Min handia ematen du ikusteak jendeak ez duela uste guztiok eskubide berak ditugunik; ez dut ulertzen zerk gogaitzen dituen hainbeste». Batzuetan amildegitik beheiti bota nahiko luke proiektua, maldan goiti ibiltzea nekagarria baita zenbaitetan. «Baina gero ikusten dut nola begiratzen didaten ikasleek, zenbateko maitasuna ematen didaten, eta ulertzen dut erabateko zentzua duela hemen aritzeak». Elkarri begirada konplize bat egin diote, eta nork bere buruan pentsatu du baietz, hemen egon nahi dutela bertze hainbertze urtez gutxienez.
«Gertatu zaigu jendeak aurpegi txarra jartzea, iruzkin desegokiak egitea, gure ikasleak gutxiestea eta beldurra emango balute bezala tratatzea»
ISABEL VERDINI Verdini dantza taldeko zuzendaria
Lantaldea, alabaina, jende gehiagok osatzen du; bertzeak bertze, pedagogo batek. Ideiak buruan argi izanagatik ere, nork azaltzen du haiek nola gauzatu? «Gauza asko ikasi ditugu pedagogoarekin: nola komunikatu, nola irakatsi, emozioak nola bideratu, parekoa nola ulertu... Gida bat da guretzat», erran du Mujikak. «Sentimendu asko daude hemen, intentsitate handiz bizitzen da dena, eta jakin behar da hori guztia nola kudeatu».
Etxe bat da Verdini, eta familia bat bizi da barnean. Mujikak, erraterako, «pertsonei eta munduari nola begiratu» ikasi du han, eta anitz aldatu zaio dantzatzeko modua, «eta ikastekoa, eta zaintzekoa…». Verdinik, berriz, konfiantza garatu du nagusiki. «Naizen moduan maite naute, eta ez naute epaitzen. Asko sinisten dute nigan, eta, horri esker, neure buruarenganako konfiantza garatu dut azkenean».

Oholtza batean bi jarrera har daitezke: naturala eta antzeztua. Plaza Berrian ez dute antzerkirik eginen, eta aitzinetik ere ez dute nehoiz halakorik egin; nolako familia osatu duten bertzerik ez dute erakusten. «Magia gisako zerbait gertatzen zaigu oholtzara ateratzen garenean», erran du irribarretsu Mujikak. «Oso harreman estua daukagu, eta, dantzatzera ateratzen garenean, entseguetan gertatzen ez den zerbait pasatzen da. Konexio izugarria sentitzen dugu, handitu egiten gara, eta asko-asko emozionatu». Atera baino minutu batzuk lehenago, irakasleak eskatzen die irri egin dezatela, baina inork ez du oroitu beharrik: nahi gabe ateratzen zaie. «Verdini ez da bakarrik publikoari zer garen erakustea eta gure aldarriak egitea: dantza talde hau harremanek osatzen dute, eta horiek osatzen gaituzte gu».
Inprobisazioari tarte txiki bat uzten badiote ere, gogor ari dira entseatzen Plaza Berriko emanaldirako; denak txukun-txukun atera behar du. «Prestakuntzak sekretu bakarra dauka: denbora. Denbora asko behar izaten du emanaldi bakoitzak, entsegu ordu asko eta fundamentu handia», azaldu du zuzendariak. Probatu ahala joaten dira koreografia sortuz, sormenaren arabera eta bakoitzak daukan egunaren arabera. «Egun bakoitza oso desberdina izaten da: batzuetan oso nekatuta egoten gara, besteetan fisikoki zurrunago, eta beste batzuetan inspirazio olatu bat etortzen zaigu eta sekulako pausoa ematen dugu aurrera». Egun batean zerbait ateratzen ez bada, ez dira bereziki larritzen: hurrengorako uzten dute. Gutxi gorabehera urtebete behar izaten dute emanaldi bat prestatzeko, koreografia sortzen hasten direnetik den-dena bukatzen duten arte.
Entsegua bukatu, da eta besarkadak emanez agurtu dute elkar. Eskuekin musuak bidali dizkiote elkarri, eta irri txikiz hartu du bakoitzak dagokion bidea.