Oholtza jarri dute baserrian

EHKOlektiboak antolatutako Baserriko Uzta egitasmoan, zenbait laborarik beren etxaldeko ateak irekitzen dituzte. Beren lana erakutsi, eta kontzertu bat antolatzen dute.

Anariren kontzertua, Pikunieta etxaldean, azaroan. BERRIA.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Baserriko Uzta egitasmoan, urtaro bakoitzean, herrialde bateko baserri bat irekiko diote jendeari, eta baserrian bertan kontzertu bat antolatuko dute. EHKOlektiboaren 2017ko topaketetan sortu zen ekinaldia, baserritarrek euren lana ezagutarazteko bide berriak bilatzeari ekin ziotenean. «Urteak dira bisitaldiak egiten ditugula hainbat etxaldetara, baina harago joatea erabaki genuen. Baserritarrak, haien kultura eta ekoizteko modua batu nahi genituen; zaila baita hori herritarrei azaltzea, haiek ikusten ez badute», adierazi du Leire Rodriguez kolektiboko dinamizatzaileak.

Ideia horrekin, Zuzeu hedabidearekin harremanetan jarri ziren, eta, agerkari horrek martxan jarritako Paperezko Kontzertuak egitasmoan oinarrituta, Baserriko Uzta sortu zuten. «Erdigunean tokirik ez duten eta elkarrekin berezko harremanik ez duten bi diziplina batu genituen: laborantza eta musika».

EHKOlektiboak agroekologian diharduten baserritarrak biltzen ditu. Laborantza eredu «bioekologikoa, bertakoa, etxaldekoa eta herrikoia» bultzatzen du. Identifikazio tresna gisa funtzionatzea eta baserritarren arteko elkartasuna sortzea ditu xede.

Hain zuzen ere, printzipio horiei jarraituz erabaki dute zein etxaldetan egingo den Baserriko Uzta ekitaldia. Irizpide nagusia aniztasuna izan dela azaldu du Rodriguezek: «Euskal Herriko laborarien lagin bat erakutsi nahi izan dugu». Batetik, aniztasun geografikoa hartu dute aintzat, taldearentzat lurraldetasuna «oso garrantzitsua» delako, eta muga administratiboetatik gaindi lan egiten dutelako. «Lurraldez lurralde eta ekoizpenez ekoizpen, oso errealitate ezberdinak daude, eta guztiek egiten dute bat agroekologia bultzatzeko».

Lehen emanaldia udazkenekoa izan zen. Antzuolako (Gipuzkoa) Pikunieta baserrian egin zuten. Gaur egitekoa zen neguko saioa, Etxarri-Larraunen (Nafarroan), Mikel Lasarteren Arbegain baserrian. Eguraldia dela eta, ordea, bertan behera utzi behar izan dute, eta erabakitzeko dago aurrerago egingo duten edo ez. Bestalde, udaberrian Urduñako (Bizkaia) Santa Clara etxaldera joango dira, eta, azkenik, udan, Arbonara (Lapurdi), Jokin Zaldunbideren baserrira.

Lurraldetasunaz gain, produkzioen aniztasuna ere hartu dute kontuan: Pikunietako etxaldeko jabeek ardiak dituzte; Mikel Lasartek baratzea eta oilategia ditu; Santa Clara baserrian haragitarako behiekin eta fruituekin lan egiten dute; eta Arbonakoan, berriz, sendabelarrekin. Gonbidatuei dagokienez, Pikunietara Anari joan zen; gaur, Beltxaren Bikoteak jo behar zuen, eta, hurrengo ekitaldietan, Rafa Rueda eta Mikel Urdangarin izango dira, hurrenez hurren.

Estreinaldi arrakastatsua

Azaroaren 4an estreinatu zuten egitasmoa, Pikunietan, eta arrakasta handia izan zuten: 70 pertsonak eman zuten izena, eta jende asko tokirik gabe geratu zen. Baserriaren jabeak artzainak dira, eta beren lana erakutsi zuten. Auzolanean prestatutako bazkariaren ostean, Anari eta haren taldekideen kontzertua izan zuten, lastotegian, eta, kontzertua amaituta, entzuleek parada izan zuten abeslariarekin eta Anjel Lertxundirekin solasean aritzeko.

Rodriguezek adierazi duenez, dena tentuz prestatu zuten, baina lehenengo egunaren zalantzak eta urduritasuna izan zituzten. «Azkenean, eguna biribila izan zen». Badute zer ikasi eta hobetu, hala ere, haien ustez: «Bazkarirako erabili genituen produktuak ekologikoak eta bertako ekoizleek egindakoak ziren; baina ez daukagu argi jendeak hori sumatu ote zuen».

Halako jai bat prestatzea lan handia dela esan du Mikel Lasarte baserritarrak; baina, hark jarraitzen dion ekoizpen ereduarekin, halako egitasmoak «beharrezkoak» direla gaineratu du. Izan ere,Lasartek, beste laborari askok bezala, kopuru mugatuetan ekoizten du, eta, horrek komertzializatzeko aukerak murrizten dizkionez, zuzeneko salmentara jo du. Horrez gain, ekologikoan ekoizten du, bere produktuak«desberdintzeko». «Merkaturatze bide honetan, ezinbestekoa da ateak zabalik izatea, erosleei erakutsi ahal izateko gure ekoizpena ezberdina dela», adierazi du. Alde horretatik, Baserriko Uzta ekinaldia «komunitatea» sortzeko baliagarria dela uste du. Ideia horrekin bat dator Rodriguez ere, eta uste du Pikunietan egindako jaian hori lortu zutela: «Oso giro ederra lortu genuen: konexioa eta konfiantza harreman polita sortu zen jendearekin, eta etorkizunerako balioko du horrek».

Proiektua lau etxaldetan abiatu dute, baina Baserriko Uzta gehiago egongo direla uste dute antolatzaileek, laborariak gogoz baitaude beren etxeko ateak irekitzeko. Hilaren erdialdean EHKOlektiboaren XI. biltzarra egingo dute, Uztaritzen (Lapurdi), eta han erabakiko dute nola jarraituko duten egitasmoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.