Oholtza orekatzen hasi da

Iruñeko sanferminetan ohi baino emakume gehiago izanen dira oholtza gainean. Oraindik aldea handia bada ere, udalak berdintasunaren aldeko hautua egin duela antzeman liteke egitarau ofiziala begiraturik. Hiriko tauletan ariko diren taldeen %63tan emakumeren bat ariko da jotzen.

Oholtza orekatzen hasi da.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko uztailaren 05a
00:00
Entzun
Herren dago oholtza. Geroz eta gehiago dira bertara igotzen diren emakume musikariak, baina, oraindik ere, taula gainean urruti da parekidetasuna. Euskal Herrian egiten diren musika jaialdi nagusietan gutxiengo dira emakumeak, nabarmen, gainera. Zer gertatzen da sanferminetan? Iruñeko bestetan kontzertu eta ikuskizun anitz antolatzen dira, baina, beste jaialdi batzuetan ez bezala, genero ikuspegia txertaturik dago egitaraua antolatzerakoan.

Urruti da parekidetasuna, baina ohikoa izanen da aurtengo bestetan emakumeak oholtza gainean ikustea. Kontzertuak eskainiko dituzten talde gehienetan emakumeak badaude, kasu batzuetan emakumeak soilik, nahiz eta horiek ez diren gehiengo. Hala ere, desoreka nabarmena da talde horietan dauden emakume eta gizon kopurua zenbatuz gero. Oholtza gainean izanen diren hamar musikaritik bi baizik ez dira emakumeak izanen.

Talde misto anitz bada, baina kontuan izan beharra dago talde mistoetan gizonak izan ohi direla nagusi, batik bat, musika tresnak jotzen. Hori da berbena orkestretan gertatu ohi dena. Emakumeak, nagusiki, kantuan ariko dira, nahiz eta badiren salbuespenak. Bestalde, kide anitzez osaturiko taldeak gizonenak izaten dira. Horren adibide dira bihar joko duten La Pegatina —zortzi gizon— eta Los Caligari —hamabi gizon— taldeak. Disko jartzaileen artean ere, gizonezkoak izanen dira nagusi aurtengo sanferminetan.

Bestelako errealitatea ikus liteke jota emanaldietan eta bertso saioetan. Horietan, emakumeak gehiago dira. Jota emanaldietan oholtzara igoko diren hamar musikaritik sei emakumeak izanen dira. Bertso saioak parekideak izanen dira. Dena den, bertso saio nagusian gizonak izanen dira nagusi: Eneko Lazkoz, Amets Arzallus, Xabi Paya eta Miren Amuriza ariko dira uztailaren 9an. Denak emakumeak izanen dira, berriz, uztailaren 12ko saio musikatuan: Alazne Untxalo, Alaia Martin, Miren Artetxe eta Saioa Alkaiza.

Aurten, Iruñeko Udalak su bestak azpimarratu ditu, emakumeak ere ariko baitira. Su bestetako diseinatzaileen artean bi emakume izanen dira: Maria Jose Barbara Zamorano eta Shannon Nicole Tyree. Gehiengoa, baina, gizonak izanen dira, bederatzi piroteknieren eskutan izanen baita sanferminetako gauak kolorez eta zarataz atontzeko ardura.

Generoa, irizpideen artean

«Emakumearen presentziaren igoera nabarmena da, eta ez da kasualitate hutsa. Horren atzean badago borondate politikoa», azaldu du Zaloa Basabe Iruñeko Berdintasun teknikariak. «Aspaldiko aldarrikapen feminista bat da». Hala, Sanferminak Berdintasunean taldeak emakumeen parte hartzea handitzeko eskatu zuen. Udaletik kanpo direnek ere antzeman dute jarrera aldaketa. Astelehenean, Skakeitan taldea igoko da Foruen plazako oholtzara. Tartean, Olatz Salvador musikaria ariko da, eta hark ere ezohiko plaza topatu du Iruñean. «Jo dudan leku gehienetan gutxienez %90 gizonak dira. Aurten, Iruñeko egitarauan iruditzen zait beste leku askotan baino presentzia femenino handiagoa dagoela». Kontent agertu da jarrera aldaketa ikusirik: «Jaialdietako datuak ikusita, beldurgarria da egoera. Ez dute gutxieneko hausnarketarik ere egiten».

EH Bilduk alkatetza lortu zuenez geroztik, sanferminetako mahaia da Iruñeko bestetako nondik norakoak zehazten dituena. Urrian hasten dira lanean, azkenengo besten balorazioa eginez, hutsuneak antzeman eta egin beharreko aldaketak zehazteko. Programazio irizpideak ere mahai horrek zehazten ditu. Maider Beloki Kultura zinegotziak azaldu duenez, musika taldeetan emakumeen eta gizonen arteko oreka izatea eta bertako taldeak ere egotea zehaztu dute, baita euskara bermatzea ere. Aniztasuna ere lantzen dute.

Urtarrilean hasten dira taldeak kontratatzen. Arloari dagokion programatzaile bat arduratzen da lan horretaz, baina, noski, aldez aurretik jarritako irizpideei jarraituta. «Emakumezko bandak daude, gizonezkoenak... denetarik dago, eta oreka bermatzen dugu. Saiatzen gara gutxienik emakume abeslariak egotea, eta bisibilizazio hori handiagoa izatea», azaldu du Belokik. Kopurua orekatzetik harago doaz: «Kantuetan mezu feministak izatea ere kontuan hartzen dugu».

Ikusgarritasuna izan da arazo nagusia, orain arte, Basaberen aburuz. «Sanferminetan emakumeak beti hor egon gara, beti parte hartu dugu jaietan, baina ez zen hainbeste ikusten, protagonismoarekin lotutako guneak oso maskulinizatuak zeudelako». Egoera horren aurrean, askok zailtasunaren aitzakia jartzen dute: oholtzan berdintasuna bermatzea zaila dela, alegia. «Aitzakiak izaten dira erresistentzien adibide. Edozein aldaketa ematerakoan, erretizentziak forma ezberdinetan agertzen dira», dio Basabek. Haren aburuz, afera sorgin gurpil bat da: «Zaila da proiekzio publikorik ez dutelako, ez badute proiekziorik ez da erreferenterik sortzen, eta erreferenteak badaude errazagoa da talde berriak sortzea». Hala ere, baikor da berdintasun teknikaria: «Pixkanaka hori apurtzen ari da. Badaude, eta egin behar dugun bakarra da haiei tokia ematea».

Salvadorrek ere ikusgarritasunaren beharra nabarmendu du. «Pixka bat bakarrik sentitzen gara», onartu du. Baina ez hori bakarrik, emakumeen lanari askotan ez zaiola balioa ematen azaldu du. Adibide bat ere eman du: orain dela urte batzuk Gora Iruñea plataformak antolatutako gunean jo zuen, Skakeitan taldearekin orduan ere. «Antolakuntzako batek hiru aldiz edo errepikatu zuen niri esker joko genuela, ni emakumea nintzelako. Diskurtso horrek ez du balio ahalduntzeko, esaten dizulako zure meritu bakarra dela emakumea izatea». Beraz, emakumeen presentzia bermatu behar da, bai, baina ez soilik horretarako, haien musika aditzeko baizik. «Zaindu behar dira emakumeak, bestela iruditzen ahal zaigu ez dela gure espazioa».

Dena den, Salvadorrek aldaketak antzeman ditu musikan hasi zenetik. «Lehenengo, neure buruarengan. Kostatu zitzaidan ikustea ez nuela beste emakumerik ikusten kontzertuetan». Are, teknikari, manager, sustatzaile eta antolakuntzako jendea gizonezkoak izatea «erabat normaltzat» jotzen zela azaldu du. Adibide argia eman du: bere lehenbiziko Hatortxu Rock jaialdian, 65 musikaritik bera izan zen emakume bakarra. «Normalizatuta genuen emakumeak ez zirela musikan ibiltzen edo ez genuela proiekturik». Ordutik proiektu anitz sortu direla dio: «Ez bakarrik musika proiektuak, baita ahalduntzearekin lotutakoak ere». Adibidez, mistoak ez diren jam session-ak.

Emakumeak oholtzara igotzeko beharra hainbat faktorerengatik ikusten du Skakeitan taldeko musikariak: beste emakumeek ikusteko ez daudela bakarrik, emakumezkoen talde gehiago sortzeko, baina baita publikoa feminizatzeko ere. «Taulan emakumeak daudenean, ikusleen aurreko ilaran ere emakumeak daude». Hori argi ikusi zuen Tremenda Jauriarekin oholtza partekatu zutenean. «Aldaketa erabatekoa izan zen». Haien kontzertuan gizonak ziren nagusi; Tremenda Jauriaren kontzertuan, emakumeak.

Oraindik ere oreka ez da lortu, baina bide horretan aurrera doa gizartea. Udaleko ikuspegitik mintzatu da Beloki: «Duela hiru urte eztabaida hori ez zegoen, inork ez zuen honetaz hitz egiten, ez udalean, ez sektorean». Hala,uste du oraindik urratsak egiteko beharra dagoela, baina ez soilik sanferminetako egitarauan. «Sektore guzietan lan pila bat dago egiteko, ez bakarrik agertokietan: argiak, soinu teknikariak, sustatzaileak... Atzean ere lan handia dago, eta hor ere oreka egon behar da». Bide horretan, kulturak aitzindaria izan behar duela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.