Zalerik gabe ez dago futbolik. Donostiako Anoetako harmailak leporaino bete nahi ditu Euskal Herriko emakumezkoen futbol selekzioak ekainaren 23an. Eslovakiaren aurkako partida jokatuko dute, eta zaleak erakarriz gero norgehiagoka irabazia dutela sentitzen dute nolabait, aldarrikapenak izango duelako garrantzirik handiena. BERRIA partidaren babesle da, eta egunkariko Andoaingo erredakzioan ohorezko bisita izan zen atzo. Euskal Herriko emakumezkoen futbol selekzioko kide batzuk etorri ziren.
Iraia Iturregi, Gurutze Fernandez eta Larraitz Lukas jokalariak eta Garbiñe Etxeberria taldeko hautatzailea izan ziren Andoainen. Sei futbolarik parte hartu behar zuten hasiera batean bisitan, baina errepideko auto pilaketa batean ez atzera eta ez aurrera geratu ziren hiru. BERRIAko hainbat ordezkarik erakutsi zieten erredakzioa: Joanmari Larrarte kontseilari ordezkariak, Ainara Lasa marketin arduradunak eta Martxelo Otamendi zuzendariak. Erredakzioaren funtzionamenduaren inguruko xehetasunak entzun zituzten adi-adi Otamendiren eskutik, eta Nafarroako konkistari buruzko mahai inguruaren zuzeneko grabaketak ikusi ahal izan zituzten. Athleticek Espanyolen aurka galdutako Kopako finala ere ezinbesteko hizketa gaia izan zen.
Gustura zeuden amaieran. «Txikiagoa espero nuen erredakzioa», zioen Lukasek. Egunkari bat egiteko behar den langile kopuruaz eta ezkutuan geratzen den lan horretaz ohartzeko balio izan zion Iturregiri.
Asteartean, entrenamendua
Gogotsu daude ekainaren 23a noiz iritsiko. Erronka polita dute. «Guretzat Anoetako zelaia zapaltzea ohore bat da. Emakumezkoen futbol partida bat ez da inoiz han jokatu», esan zuen Etxebarriak. ESAITek, Kontseiluak eta EH Kirolak-ek antolatu dute partida, eta lehendabiziko aldiz lehiatuko dira Euskal Herria izenarekin. «Euskadi izenarekin Argentinaren aurka jolastu genuenetik urteak pasatu dira, eta ilusio handia egiten digu».
Deialdian 24 jokalari sartu dira. Athleticeko bederatzi jokalari, Realeko zazpi, Lagunak eta Bartzelonako bina, eta Espanyol eta Athleticeko Madrileko bana. Ipar Euskal Herriko bi futbolari ere deitu dituzte. Hurrengo asteartean izango dute lehendabiziko entrenamendua. «Ia guztiok ezagutzen dugu elkar, baina ezberdina da gero elkarrekin jokatzea», azaldu zuen Fernandezek.
Jokalariak elkartzeko zailtasuna aipatu du Etxeberriak. Espainiako selekzioarekin dabiltza batzuk egun hauetan, eta Athleticeko jokalariek igandean amaitu zuten denboraldia. «Hala ere, ziur nago talde itxura emango dugula. Maila handia dute hemengo jokalariek. Ongi jokatzea eta sentsazio onak ematea da helburua».
Otamendik bota zien proposamena jokalariei: «Lau edo bost gol sartuko dituzue, eta lehendabizikoa BERRIAri eskaini behar diozue».
Futbol partidaz haratago, aldarrikapen eta festa eguna bihurtzea nahi dute ekainaren 23a. Jende andana biltzea espero dute Anoetan antolatu duten festan. Partidarako iragarkia egin berri dute, eta www.hamaikagara.com webgunean ikus daiteke. Neskatxa bat ageri da, euskal selekzioaren kamiseta soinean duela, jendeari partidara joateko arrazoiak gogoraraziz.
Ohorezko mailako bisita
Euskal Herriko emakumezkoen futbol selekzioko jokalariek BERRIAren Andoaingo erredakzioa bisitatu dute; ekainaren 23an, Eslovakiaren aurkako partida jokatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu