Ohikoa da Bilboko Arriaga antzokia, Campos Eliseos antzokia, Kafe Antzokia edo Euskalduna jauregia arte ikuskizunez betetzea; hiriaren erdigunean, kultur egitarau oparoa eskaintzen dute urte osoan. Ez da hain ohikoa, ordea, emanaldiak Atxuriko Enkarnazio plazan, Olabeaga auzoko eliza ondoko plazan edo San Ignazioko Levante plazan egitea. Horretarako sortu zen, hain zuzen, Eszena Kalera jaialdia: kaleko ikuskizunek, hiriaren erdigunea ez ezik, auzoak ere zipriztintzeko. Bihar hasiko da aurtengoa, eta irailaren 31ra arte egingo dituzte emanaldiak.
Guztira, hamasei konpainiak parte hartuko dute, eta 31 emanaldi antolatu ditu aurten Bilboko Udalak. Askotariko diziplinak bilduko ditu jaialdiak, beste urte batez: antzerkia, dantza, clowna, zirkua, dantza bertikala, magia, txotxongiloak... Emanaldi horietatik hamalau euskarazkoak izango dira, eta beste hamalau, berriz, testurik gabeak. Hitzak alboratuz, gorputzeko mugimenduak ere aski izan baitaitezke mezuak eta emozioak adin guztietako ikusleei transmititzeko.
Egitaraua
Bihar hasiko da zikloa, eta Zirika Zirkus konpainia arduratuko da jaialdia abiatzeaz, Marietak Zirkus izeneko antzerki eta zirku ikuskizuna emango baitu. Zirku konpainia bat daukan familia bati buruzkoa da ikuskizuna: bi ilobak Mari Pantxi izeba zainduko dute, baina gehiegi babestuko dute azkenean. Gehiegizko maitasuna kapazitismo bihur litekeela, horixe lanaren mezua. Indautxu plazan izango da emanaldia, 19:00etan; irailaren 13an, berriz, beste saio bat egingo dute, Txurdinaga auzoan.
Magiak ere izango du lekurik zirkuituan. Esate baterako, Hodei magoak Harritzearen abilezia izeneko emanaldia egingo du; hilaren 12an Arabellan izango da, eta, 16an, Elorrietan. Magoak bere azken ikuskizunetako trikimailuak uztartuko ditu saio horretan, eta magiarekin lotutako galdera bati erantzun: ilusioarekin jolasten aritzen dira magoak, ala engainatzen?.
Eidabe antzerki taldea izango da parte hartuko duen beste talde bat. 2022ko udan estreinatu zuten Gora bihotzak! ikuskizuna, bizitza ospatzeko; herriz herri eta auzoz auzo ikusleen maitasuna bildu ondotik, Gora bihotzak! Azken taupadak egingo dute Bilbon, lan horren ibilbideari amaiera emateko. Bi emanaldi egingo dituzte: hilaren 12an Arangoitin, eta 19an, Altamiran.
Hitzik gabeko hainbat ikuskizun ere izango dira: Ganso & Cia konpainiaren Welcome & Sorry, Picuentos konpainiaren Hariak Zirkus, Orain Bi taldearen Mute, eta Dab dantza taldearen Noeud. Antzerki obrak izango dira batzuk, dantza ikuskizunak besteak, eta izango dira txotxongiloekin lotutakoak ere. Horrela, gorrek edo entzumen arazoren bat dutenek ere aukera izango dute ikuskizunaz gozatzeko. Eta zirkuitua artista berrien sehaska ere izan dadin, Zirkozaurre konpainiak haurrentzako zirku tailerrak emango ditu.